Eragindako kalteengatik Altsasuk salaketa jarri du

Guaixe 2025eko otsailaren 17a

Suhiltzaileek irteera bat baino gehiago egin behar izan zuten.

Edukiontziak erre eta bota, autoetako eta udal eraikin bateko kristalak hautsi eta hiri altzarien kontra egin dute azken ospakizun egunetan. Alkateak gertatutakoa gaitzetsi du eta udalak salaketa jarri duela jakinarazi du. Egileak opatzeko laguntza eskatu du.

Santa Ageda ospakizunak iraun duten bitartean ezezagunek hainbat kalte eragin dituzte Altsasun. Javier Ollo Martinez alkateak esan duenez, "Altsasuk egunotan jasan dituen etengabeko suntsiketa eta bandalismoaren aurrean, udalak salaketa jarriko du. Gozatzeko herria txikitzen duenak merezi duen zigorra izango du, herriak jarrera irmoa erakutsi behar du". Alkateak gaineratu duenez, "lotsagarria da herriak ekintza horiek jasan behar izatea, haserrea, tristura eta, batez ere, lotsa eragiten baitute". Olloren ustez, "garaia iritsi da anekdotikoak ez diren ekintzei buruz hausnartzeko. Gizarte eta herri gisa hausnarketa sakona egin behar dugu. Herrian jaiegun batzuk aprobetxatuz dena txikitzen duten pertsonak badaude, ondo pasatzen dutelako, arazo larri bat dugu". Alkateak ziurtatu duenez, "horrelako ekintzek eragin larria izan dezakete Santa Agedako ospakizunean".

Aldi berean, alkateak deia egin du: "egileen nortasuna ezagutzen lagun dezakeen zerbait ikusi duen bizilagunik badago, mesedez jar dadila Udaltzaingoarekin harremanetan (629 202 414)". Gertakari horiek gaitzesteko udalak Erakunde Adierazpena onartzea proposatuko duela aurreratu du alkateak.

Kalteak
Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuak jakinarazi duenez, hogei edukiontzi erre (13 urdin, 4 gris, 2 hori eta maroi 1) eta beste hamar (launa hori eta urdin eta bi gris) desagerrarazi dituzte ospakizun egunetan. Eragindako kostua 6.739,85 eurokoa da. Gainera, erretako edukiontzien hondarrak jasotzeko obrarako edukiontzi handi bat hartu behar izan du Mank-ek. Hondakin Zerbitzutik azaldu dutenez, urtero Santa Ageda ospakizunekin Altsasun edukiontziak erretzen dira, baina aurten gehiago izan dira.

Edukiontzien erreketak herrian barnako hainbat kaleetan izan dira. Edukiontzietako bat Otadiako kirol pistaren erdian erre zuten, garrek zoruan kalteak sortuz. Gauza bera gertatu da zenbait kaletan, garrek asfaltoan kaltea sortu baitute. Edukiontziak ere irauli zituzten, esaterako, Foru plazan. Beira edukiontziren bat ere iraulita agertu zen astelehenen. Bestalde, Gure Etxea eraikinean kalteak izan dira, esaterako, etxartean dagoen beheko solairuko leiho bateko kristalak hautsi zituzten. Aparkatutako zenbait autoetako kristalak ere txikituta agertu ziren. Alkateak jakinarazi duenez, obra makineria ere kaltetu zuten. Hondatutako guztiaren inguruko txostena egiten ari da udala, kalteak zenbatekoak diren jakiteko.