Sara Salazarrek pozik eta eskertuta jaso zuen Nafarroako Gobernuaren Kirol Saria

Guaixe 2025ko ots. 27a, 10:17

Sara Salazar, beheko ilaran, eskuinetik hasita laugarrena. NAFARROAKO GOBERNUA

Altsasuko Udalak aitortza jaso du “kirola eta osasuna modu integralean lantzeko izan duen ikuspegi eredugarriarengatik”. Nico Williamsek, Naiara Irigoienek, Oses Construccion Ardoi emakumeen saskibaloi taldeak eta gizonezkoen Kern Pharma taldeak kirolari eta talde onenen saria jaso zuten

Maria Chivite presidenteak 2024ko Kirol Golardoak edo Sariak banatu zituen atzo, otsailak 26, Nafarroa Arenan antolatutako ekitaldian. Nico Williams Athletic-eko futbolariak eta Naiara Irigoien mendi korrikalariak kirolari onenen saria jaso zuten –Williamsek ezin izan zuen egon eta bere ordezkari Felix Taintak jaso zuen saria–, eta talde onenen saria emakumezkoen Oses Construccion Ardoi saskibaloi klubak eta gizonezkoen Kern Pharma txirrindularitza taldeak. 

Bestelako sarien artean, Altsasuko Udalak udal onenaren saria jaso zuen “kirola eta osasuna modu integralean lantzeko izan duen ikuspegi eredugarriarengatik”. Besteak beste, zahartze aktiborako eta haurren obesitatearen kontrako programak lantzen dira Altsasun, osasun zentroarekin eta Sakanako Mankomunitatearekin koordinatuta, eta hain zuzen ere programa horiek jaso dute Nafarroako Gobernuaren aitortza. Altsasuko udaleko kirol teknikari Sara Salazar Romok jaso zuen Chivitek emandako saria. 

Ariketa fisikoaren onura, oinarri
Gobernuaren aitortzarekin “oso pozik” dago Altsasuko udala. "Ariketa fisikoak osasunean duen onura zabaldu nahi dugu, eta ariketa fisikoa egiteko baliabideak jarri. Sari hau egindako lanaren aitortza da. Antolatutako programetan jendeak izan duen erantzuna eskertzekoa da. Eurekin lan egitea oso atsegingarria da" azaldu zion Salazarrek Guaixeri sariaren berri izan bezain pronto. 

Erlazionatuak