Udalak Santa Agedako bandalismoa gaitzetsi du

Guaixe 2025eko otsailaren 27a

Ospakizunek iraun zuten bitartean erretako edukiontzietako bat. ARTXIBOA

Jakinarazi duenez, kalteak 14.253 eurokoak izan dira. 

Altsasuko Udalaren Osoko Bilkurak aho batez erakunde adierazpena onartu du. Haren bidez aurtengo Santa Ageda ospakizunak iraun bitartean izandako kalteengatik "erabateko gaitzespena adierazi du. Gertakari onartezinak dira, bizikidetzaren eta errespetuaren kontrakoak. Jarrera horiek ez diote ezer eraikitzailerik eskaintzen herriari, eta pertsonen arteko harremanak gidatu behar dituen errespetuaren aurkakoak dira". 

Udalak elkartasuna adierazi die kalteak ondasun partikularrak ukitu dizkieten pertsonei. Aldi berean, Altsasuko Udalak dei egin du Santa Ageda ospatzeko "jaiaren ezaugarri den alaitasunarekin, gure jai egutegian funtsezkoa den jaiaren iraupena bermatzeko. Horregatik, uste dugu beharrezkoa dela modu kolektiboan hausnartzea, horrelako kalteak berriro ez gertatzeko, ez jai ekitaldi horretan, ezta beste edozein ekitalditan ere".

Otsailaren 5etik 9ra iraun zuen ospakizunean sortutako kalteak 14.253 eurokoak izan ziren. 20 edukiontzi erre eta 10 desagertu ziren: haien balioa 6.739,85 eurokoa da. Bestalde, Gure Etxea eraikinean indarrez sartu ziren, eta ateak eta kristalak apurtu zituzten. Gainera, ondasun pribatuei ere eragin zien, hala nola, ibilgailuei eta obrako makinei. Azken horiek 7.513,15 euroko kostua dute.