Emakumezko altsasuarren partaidetza soziopolitikoa indartzea eta emakumezkoen jabetze eta ahalduntze pertsonala eta kolektiboa lortzeko tresnak eta baliabideak eskaintzea dira. Hori da Emai-emakumeen ahalduntzerako gunearen helburua. Altsasuko Udaleko Berdintasun Arloak jakinarazi duenez, Emairen udaberriko programazioa argitaratu du. Hiru ikastaroren eskaintza du. Alde batetik, jendaurrean hitz egiteko trebetasuna eskuratzea erakutsiko duena, maiatzaren 10, 17 eta 24an izanen da, 10:00etatik 13:00etara. Bestetik, sormen tailer baten bidez hainbat materialekin jolasteko aukera izanen da maiatzaren 13, 20, 27an eta garagarrilaren 3an, 17:30etik 19:30era. Azkenik, sendabelarrak ezagutzeko aukera izanen da maiatzaren 26an eta garagarrilaren 2, 9, eta 16an, 18:00etatik 20:00etara. Ikastaro guztiak Gure Etxea eraikinean izanen dira.
Bestalde, Elkar zaintzen duten emakumeak programaren eskaintza dago. Haren bidez, emozio ongizateak parte hartzaileen osasuna hobetzen laguntzen duela ikasten ari dira garagarrilaren 19a bitartean.
Altsasuko Udaleko Berdintasun Arloak Altsasuko Emakumeen Ahalduntzerako Gunea izeneko programaren herriko mugimendu feministarekin elkarlanean jarri zuen joan zen urtean, eta Nafarroako Gobernuak lagunduta. Informazio gehiago edota ikastaroetan izena eman nahi dutenek 948 56 48 23 edo 628 328 593 telefono zenbakietara hots egin edo berdintasuna@altsasu.net e-posta helbidera idatz dezakete.