Apirilaren erdialdeaz geroztik, Altsasuko ur hornidura sare nagusia berritzeko lanak egiten ari dira. Ameztian dagoen ur biltegiaren eta San Joan kalearen mendebaldeko muturraren artean berrituko da hoditeria. Ordezkatuko diren hodiak 1970ekoak dira. Saihesbidea eta Iparraldeko Autobia (A-1) eraikitzean eta Geltoki auzoko sareak eta zoladura berritzean, hoditeriaren zenbait zati aldatu ziren. Baina gainerakoa fibrozementuzkoa da eta, ondorioz, ur ihes ugari izaten dira. Udalaren susmoa da berrituko den zati horretan daudela ur ihes nagusiak.
Obrak 789.119,60 euro (BEZ barne) aurrekontua du eta Construcciones Mariaezkurrena enpresa egiten ari da. Lanak finantzatzeko Altsasuko Udalak Nafarroako Gobernuaren Toki Azpiegitura Planeko dirulaguntza du: 445.794 euro.