Asteazkenekoa izan zen Sunsundeguiko langileek azokan egindako azken Bilkura. Enpresarendako konponbidea eskatzen egon dira lastailaz geroztik. Aldi Baterako Lan Espedientea bukatzen zen egunean bertan egin zuten azken bilkura.
Kontzentrazioan zegoen Amaia Mendoza Paredes, Sunsundeguin 11 urte zeramana lanean, eta aurretik 7 enpresa hornitzaile batean. Mendozak esan zuenez, "abendura arte esperantza pixka bat nuen. Ezin duzu lanik opatu esperantza duzulako. Baina, ondoren, egunetik egunera txikitzen zihoan eta itxiera espero nuen, iragarritako heriotza zen". Mendozaren iritziz, "txiklea luzatzen aritu dira, baina hasieratik genekien enpresak likidazioan egon behar zuela. Enpresa bere gain hartu behar lukeenak 50 milioi euro ordaindu behar zituen. Bideraezina zen hori. Ilbeltzaren 3tik bagenekien enpresa likidatuko zutela. Orduan egitea zuten! Bukatu da".
Alazne Etxeberria Bengoetxeak, berriz, "azken ordura arte esperantza mantendu" du, "inbertitzailearen aukera mahai gainean zegoelako. Dagoeneko ez du esperantzarik: "langabeziara noa, ez dago besterik". Garilean 20 urte eginen lituzke enpresan. Iñaki Claver Herrerak 12 urte egin ditu Sunsundeguin eta esan zuenez, "ez genuen uste honaino iritsiko ginenik. Alde batetik, pena. Baina, bestetik, buruak atseden hartuko du". Aitortu zuenez,"oso zaila ikusten genuen aurrera egitea. Baina, hasieratik esperantza saldu digute, inbertitzaileak zeudela. Horregatik, ilusio pixka bat zenuen. Baina azken hilabeteetan ikusi dugu egoera oso zaila zela, itxiko zela. Halako zorrarekin, Sunsundeguiren motxila oso handia zen".
Mendozak adierazi duenez, "azken zazpi hilabeteak gogorrak izan dira. Etxeberriarendako hilabete horiek "oso luzeak" izan dira, "psikologikoki desgaste handia". Claverrek nabarmendu zuenez, "psikologikoki jendea asko nekatu da". Gaineratu duenez, "aspalditik argi zegoen enpresak horrela ezin zuela jarraitu. Ez dute ezer egin, zorra handitzen utzi dute, eta orain langabezian!"
Atzera eta aurrera
Aurreko urteez galdetuta, Mendozak esan zuenez, "azken bi urteak... lanik ez zegoen eta goiz eta arratsaldeko txandak zeuden. Ez zen etorkizun onik ikusten". Claverrek azaldu duenez, "joan zen urte hasieratik egoera nahiko txarra zen: ekoizpena gelditzen zen, bakarrik azken sekzioak lan egiten zuen... Hura zen garaia txandakako aldi baterako enplegu erregulazio espedientea indarrean jartzeko. Azken bi hilabeteetan lanera joaten ginen eta ez genuen zereginik. Zortzi ordu paretara begira ematen genituen. Ez genuen ezer ulertzen. Lastailean espedientea indarrean jarri zenean, hasieran lasaitasuna ekarri zuen".
Etorkizunaz galdetuta, Etxeberriak nabarmendu duenez, "lanarena bazter guztietan gaizki dago, orain lana opatzea zaila izanen da". Mendozak esan duenez, "beste nonbaiten lan egiteko moralik ez dut oraintxe. Eskerrak asteazkenetako kontzentrazioei. Gure kontuez elkarrekin husten ginen, hemen elkarri babestu diogu. Orain eten horren ondoren, oporraldi txiki bat eta lana opatzen hasiko naiz. Ate bat itxi eta bestea zabaltzen da". Claverrek gaztigatu duenez, "adinagatik kasu nahiko larriak egonen dira. 55 urtetik gorako jende dezente dago. Jubilatzeko hamar urte falta zaizkie. Adinagatik lana opatzea oso zaila bada, orain, bat-batean, 340 pertsona lan bila joaten badira, askoz zailago izanen dute. Gainera, enpresa asko nahiko larri daude. Momentu larriak eta kezkagarriak izanen dira". Gaineratu duenez, merkataritzak eta ostalaritzak ere nabarituko dute. Etxeberriak eta Claverrek gogoratu dute lan karga zuela itxi dela enpresa. "Orain zorrik gabe inbertitzaile bat sartzea errazagoa izan liteke, baina eskapo egiten diguten gauzak dira horiek. Baina halako pabiloiak itxita ezin dira mantendu".
Langileek urte hasieratik opor egunak sortu dituztenez, maiatzaren 10era arte haiek gastatzen egon beharko dute. Ondoren etorriko dira langabezia eta Fogasakoa. Espedientean egon diren bitartean jasotako soldata atzerapenarekin kobratu dute. Kaleratzeen kalte ordaina Fogasaren bidez jasoko dute, baina ez dakite noiz kobratuko duten. Lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko kalte ordaina jasoko dute, gehienez hamabi hilabetez. "Dirua poltsikoan izan arte hau ez da bukatu. Oraindik gauza asko gerta daitezke", adierazi zuen Claverrek.
Lana
Sunsundeguiko konkurtsoko administratzaileek langileen ordezkariei jakinarazi diete Volvok ekoizpen katean dauden autobus batzuk egiteko interesa duela. Nahiz eta dozena bat autobus izanen liratekeela zabaldu zen, erredakzioa ixterakoan hiru zirela zehaztuta diote GUAXEri. Horiek egiteko langile gutxi batzuk deitu dituzte astelehenean lanera joateko, nahiz eta 40 bat beharko liratekeela zabaldu den. Lan hori egiteko, jakina, eginkizun horietan trebatuta dauden langileak behar dira. Eta denbora gutxi beharko dute lana despeditzeko. Kaleratzeen kalte ordaina ordaintzeko dela argudiatu diete langileei.