Astekaria

Altsasu BHI musikal bat

Erkuden Ruiz Barroso 2025ko mai. 7a, 11:18

'ZGB Musikala' ikuskizunaren entsegu bat. altsasu bhi

'ZGB Musikala' mustuko du Altsasu Institutuak maiatzaren 8an, osteguna, Iortia kultur gunean. Institutuan sortzen duten lehenengo musikala da, eta hainbat ikasgaien arteko lana izan da. Laugarren mailako ikasleek parte hartuko dute

'ZGB Musikala' deitzen da Altsasu institutuan egiten duten lehenengo musikala

Maiatzaren 8an, osteguna, 17:00etan, Zurekin Galduta Betiko ZGB Musikala Altsasu institutuko lehenengo musikalaren mustutzea izanen da, Iortia kultur gunean. DBH laugarren mailako ikasleek sortu dute ikuskizuna, Iñigo Aldunate eta Olatz Andueza musika irakasleekin batera, eta "lan talde handiago" baten laguntzarekin. Tartean Hiart Leitza irakaslea eta institutuko komunikazio arduradunak ere parte hartu du musikalaren sorkuntzan. Ikasleek gertuko duten istorio bat kontatzen du lanak: ikasbidaia batean gertatzen da eta, besteak beste, sare sozialen arriskuei buruz hitz egiten du eta ingurugiroa zaintzearen garrantziaz hitz egiten du. 

Diziplina arteko proiektu bat izan da; besteak beste, euskara, plastika eta musika 

Diziplina arteko proiektu bat izan da musikala, Anduezak azaldu bezala; besteak beste, euskara, plastika eta musika departamentuek parte hartu dute. "Ideia beste proiektu batetik zetorren; diziplina arteko proiektu batetik. Ikasleek lanak egiten zituzten, baina aldizkari digital batean gelditzen ziren. Ikusi genuen ikustarazi behar zela, eta benetan eszenara eraman". Leitzak gaineratu duenez, aurreko ikasturtean Musika deitutako ikasgai bat atera zen laugarren mailan, eta horrek aukera eman zuen astean bita ikasleekin "zerbait berezia" lantzeko; "erabaki genuen ikasgai horretan musikala prestatzea". 

Musika 
Musika ikagaian laugarren mailako ia ikasle guztiek eman dutela izena azaldu du Aldunatek, beraz, ia ikasle guztiek parte hartuko dute musikalean: "Ehun bat ikasle daude, eta 75 batek egin du Musika ikasgaia. Hiru geletan berizita daude, eta lana banatzen joan gara". Gela bakoitzak eszena batetaz ardura da, eta azken egunetan dena batzen ari dira. Andueza: "Aurten lehenengo aldia izango da. Esan genien kontzertua lehenengo, bigarren eta hirugarren mailakoek egingo zutela, eta laugarrenekoekin musikala egingo genuela". Oraindik guztiz kontziente ez direla uste du Leitzak, "ez dakite oso ongi zertan ari garen. Orain arte banaka entseatu dute, talde bakoitzak bere eszena izan du". 

Ikasturtearen hasieran, irailean, hasi ziren musikala prestatzen. "Hasiera batean gidoia prestatu genuen, gidoia antolatu, beraiei jakinarazi genien eta bakoitzak bere partea hartu zuen", azaldu du Leitzak. Ondoren, musikariendako moldaketak egin zituzte, instrumentu bakoitzarendako, abeslariendako... "Abesti bakoitza gure gidoira egokitu da, letra aldatu diegu, koreografiak sortu ditugu eta antzetu behar diren gauzak antzeztu dituzte ere". Eszenografia egin dute ere, plastika ikasgaian, Aldunatek gogoratu duenez: "Plastikan arduratu dira eszena bakoitza girotzeaz: hotela, institutua... elementu batzuk prestatu dituzte eta horretaz ere arduratuko dira". Puzzlea osatzeko gauza asko landu direla gaineratu du Anduezak. 

ZGB Musikalean hainbat estilotako kantak interpretatuko dituzte: popera doana, ska, elektronikoa, klasikoa... Euskara klasetan, gainera, kantak itzuli eta istoriara egokitu dituzte, eta gaiaren araberako kantak prestatu dituzte ere. Aldunate: "Kanta bat hartu eta moldatu dugu; talde desberdinetan banatu ditugu". Euskara irakasaaleek ikasleekin landu dituzte, "hau da, ikasleek egin dituzte letrak", gaineratu du Leitzak. "Gauza asko landu behar dira eta gainera horietako asko ezin dira klasean landu; hiru talde dira, eta agian talde batean hiru musikari daude eta beste batean beste hiru...", azaldu du Aldunatek. Musikariek eta abeslariek zuzenean joko dute, eta tartean koreografiarekin lagundu duten dantzariak ere izan dira. 

Gidoia

Besteak beste, sare sozialen arriskuen eta ingurumenaren inguruan hitz egiten du

Proiektua prestatzen hasi aurretik zer nolako gaiak jorratu nahi zituzten pentsatu zuten. Hortaz, gai hezigarriak izatea nahi zuten. Leitza: "Bide horretatik sare sozialen arriskuak landu nahi izan dugu. Beraiendako gertuko istorio bat da, ezagutzen dutena. Ikasbidari joaten dira eta bertan zerbait gertatzen da. Istorioa horren bitartez lortu nahi izan dugu sare sozialen arriskuak azaleratu, baita ingurumenaren zaintza ere. Eta, tartean, maitasun istorio bat ere badago". Aniztasuna ere lantzen dute, pertsonaien aniztasuna islatzen baita. 

Musikal bat sortzen ari badira ere, ezin da ahaztu ikastetxe batean daudela, eta beraz klaseekin jarraitu behar dutela. "Entsegu orokorrak egin nahi ditugu, dena fintzeko eta prestatzeko, eta ez da erraza. Ikasgai gehiago daude eta denak estuturik gabiltza", azaldu du Anduezak. Gehienbat iksturte amaiera dela eta azterketak datozela kontuan hartuta. Leitza: "Data aukeratzean saiatu ginen ez izatea maiatzaren amaieran azterketa gehiago dituztelako, orduan, oporren ondoren eta azterketen aurretik izatea pentsatu genuen". Maiatzaren 8a izanen da egun handia. Atsedenaldietan, tutoretza orduetan eta "zazpigarren orduan" ere lanean aritu dira, hau da, behin klaseak amaituta. "Tetris bat izan da batzuetan...". 

Musika ikasgaian "beti arlo praktikoak" pisu handiena hartzen duela azaldu du Aldunatek: "Ikasturte honetan musikalak hartuko du zati praktioaren pisua, baina beste arloak ere lantzen jarraitu dugu". 

Maiatzaren 8a Altsasu BHIko lehenengo musikalaren mustutzea izanen da. Goizean ikastetxekoendako emanaldi bat eginen dute, eta bertan hirugarren mailakoak ikusleak izanen dira: "Hurrengo urteari begira ikusiko dugu sartzen diren, eta guk ere ikusiko dugu". Arratsaldean, 17:00etan, publiko orokorrarendako emanaldia izanen da, Iortia kultur gunean. Sarrerak 5 euroan eros daitezek kultur guneko txarteldegian eta webgunean; arrakastatsua izaten ari da, izan ere, zerbait historikoa bada. 

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de Altsasu Bhi (@ies.altsasu.bhi)