Sunsundeguiko langileak kaleratuta

Guaixe 2025ko mai. 20a, 12:05

Sunsundeguiren itxieraren kontra egindako manifestazioetako bat. ARTXIBOA

Langileak Aldi Baterako Enplegu erregulazioan zortzi hilabete egon ondoren, kontratuak eteten duen autoa maiatzaren 20an ezagutarazi du epaileak.

Sunsundeguiko hartzekodunen konkurtsoaren ardura duen epaileak kaleratze autoa publiko egin du, eta haren bidez Sunsundeguiko langileak kaleratuak izan dira. Maiatzaren 16ko data du idatziak, beraz, egun horiek ere langileei ordaindu behar zaizkie. Ondorioz, Aldi Baterako Enplegu Erregulazioan egon diren langileen kontratu akaberako kitatzeagatik pagatu beharrekoa eta bestelakoak birkalkulatu beharko dituzte konkurtsoko arduradunek. 

Ziurtagiri eta gainerako dokumentazio hori guztia jaso ondoren Fogasara joateko aukera izanen dute langileek. Agiri horiek noiz jasoko dituzten ez dakite oraindik langileek. Baina kaleratzeagatik jaso beharreko kalte ordaina iraila akaberan jaso lezakete. Urteko 20 eguneko legezko gutxieneko kalte-ordaina ordainduko die langileei. Bitartean enpresarekin dagoeneko inolako loturarik ez dutenez, Sunsundeguikoak izan diren langileak beste lan bat bilatzeko aukera dute orain.