Astekaria

"Zaila da informazio dena liburu batean sartzea"

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko maiatzaren 27a

Josu Imaz Prim aurkezpenaren ondoren liburuak sinatzen.

Josu Imaz Prim Altsasu Memoriako kideak 'Altsasu 1950-2000' liburua aurkeztu berri du. Trilogia baten bigarren atala da; lehenengoa 'Altsasu 1936' izan zen

Altsasun XX. mendeko bigarren erdialdean gertatu ziren mugarri nagusien berri jaso du liburu batean Josu Imaz Primek. Horiek guztiak 325 orritan eman ditu. "Informazio guztia sartzeko beharbada mila orri beharko nituzke", aitortu du egileak. Altaffaylla argitaletxearen eskutik heldu da liburua. Iortia kultur gunean aurkeztu zuen maiatzaren 23an, ostiralarekin. Erkuden Ruiz Barroso GUAIXEko kazetariak gidatu zuen aurkezpena eta hartan, egileaz aparte, Jose Mari Pastor etnografia ikerlariak eta ilustratzaileak eta Amaia Urkijo Altsasu Memoriako kideak hartu zuten hitza. Flores sendiko kideek jarri zioten doinua aurkezpenari.

XX. mendearen bigarren erdia eta Altsasu. Aldaketa askoren garaia. Nola erabaki zeri erreparatu?
Zaila izan da. Dokumentazio asko dago. Baina, batez ere, zailena izan da hainbeste gairi eta mugarriri dimentsioa ematea. Lehenengo liburua kontuan hartuta, konturatu gara garrantzitsua zela zerbait pedagogikoa egitea. Mugarri nagusiak jarri ditugu, eta, pedagogikoa izateko, argazki asko. Irakurleek garai guztiak barneratzeko moduan eman nahi izan dugu.

Altsasuko gertakariak testuinguru zehatz batean kokatu dituzu? 
Testuinguru hori erabat beharrezkoa da. Altsasu ez zen eta ez da irla bat, eta bai Euskal Herria bai nazioartea kontutan hartuta, testuinguru asko dago liburuan.

"Zailena izan da hainbeste gairi eta mugarriri dimentsioa ematea"

Informazioa eskuragarri zegoen?
Bai, baina garaiaren arabera informazio gehiago edo gutxiago dago eskura. Dena dela, historia eta memoria historikoa beti berreskuratzen eta berreraikitzen ari gara. Gako nagusia izan da informazioari forma ematea eta gauzak nola kontatu zehaztea.

Artxibo lanaz aparte, ate asko jo dituzu?
Testigantza asko dauzkagu. Baina, esandakoa, azkenean, zaila da dena liburu batean sartzea. Beraz, asmoa izan da zerbait pedagogikoa egitea, mugarri guztiak jasoko dituena. Baina, ondoren, monografikoen bidez gai ugari landuko ditugu. Liburuan gaiak motz samar gelditzen dira.

Liburuan gaiak aurkeztu, eta ondoren monografiak?
Bai. Jada ildo asko irekiak dauzkagu. Esaterako, unibertsitatean gure gaietan oinarrituta egindako tesiak. Badira lau idazle gure atzetik dabiltzanak elkarrekin zerbait lantzeko. Gaia mugitzen ari da.

Zein mugarri jaso dituzu liburuan?
Dena sailkatzea zaila da. Baina hamarkadaren arabera... Esate baterako: Fasako greba, kultur mugimenduaren, soziopolitikoaren hastapenak, "ikurriñada" deitzen zieten ikurrinaren aldeko lehenengo borrokak, Gure Etxea kultur mugimendu ongi antolatua, lehenengo udal demokratikoak, droga menpekotasuna, intsumisioa... Gai pila dira, denak azaltzea zaila da.  

"Gako nagusia izan da informazioari forma ematea eta gauzak nola kontatu zehaztea"

Frankismoko lan arloko lehen grebek hemen isla izan zuten?
Bai, oso gogorra izan zen, zeren lan baldintzak oso kaskarrak ziren. Oso mugimendu indartsua sortu zen. Betidanik langileen defentsaren alde atera da Altsasu. Aldi berean, Altsasun autonomo gisa enpresa asko sortu zituzten, bertako ekonomia bat. Zerrenda hori ikusi eta gaur egun duguna, hausnartzeko polita da. Mugimendu sozioekonomiko eta soziopolitiko interesgarria izan zen. Baina poliki-poliki ere landuko dugu. Beharbada historia memoria eta gaur egungoa kontuan hartuko ditugu. Egiteko gaietako bat da.

Liburu batzuk eskuz esku estalian ibiltzen ziren. Hor ere aldaketa izan zen Altsasun. 
Bai. Aldaketa, baina beti ondo barneratuta. Belaunaldiz belaunaldi perspektiba batekin, batez ere, borroka edo gizarte intereseko ikuspegia transmititzen zen. Beti herriaren eta langileen alde, bai.

Ikurriñadak aipatu dituzu. 
Hemen asko izan ziren. Testigantza polita daukagu jasota. Irurtzunen, Irañetan, Urbasan, eta, nola ez, herrian bertan. Garai hartan atrebentzia handiz jarri zituzten, zeren, jakina, arriskua oso handia zen. Batzuk kartzelara joan ziren, beste batzuk, berriz, deserriratu zituzten, eta abar. Ikurrina legez kanpo zegoen. Orain ongi barneratuta dugu gure ikurrak Nafarroako bandera eta ikurrina direla. Ikurrinak esanahi asko ditu, baina, batez ere, borrokaren eta kulturaren aldekoak. Ikurrina defendatzeagatik askok izugarri sufritu zuten. Askatasunarekin lotzen zen ikurrina.

Gure Etxea eraikinaren bueltan izan zen mugimendu bat, ezta?
Bai. Kultur arloa beharbada mugarri nagusiena da. Han, apika, dena zegoen: kultura, politika eta gizarte mugimendua. Eta kirol ere bai, mendizaleak-eta. Askotariko jendea elkartu zen, baina beti helburu batekin: Altsasuren izaera berreskuratzea eta hari forma ematea.

"Mugarri guztiak jaso ditut. Ondoren, monografikoen bidez gai ugari landuko ditugu"

Droga agertu zen. 
Ikaragarria izan zen Altsasu eta Euskal Herriarendako. Jakina, liburuan islatu beharra zegoen, jendeak jakin dezan drogak zer ekarri zuen herrira. Historia memoriak ezin zuen ahaztu zer eragin izan zuen. Eta, bide batez, atzoko eta gaurko drogak aipatzen dira.

Europa berriro armatzeko garaian, intsumisioa gogoratuko duzu. 
Dena bueltatzen da. Geopolitika kontuan hartuta, badirudi berriro soldaduska presente dagoela. Auskalo, ez gertatzea espero dut. Intsumisoen borroka eta inguruan sortu zen mugimenduaren onura kontuan hartu behar dugu, dudarik gabe. Berriro gerta ez dadin. Gu bakearen alde eta gerraren kontra gaude.

Errepaso honetan ez dakit gairen bat galdu dudan. 
Mugarri asko daude. Aurkibidean agertzen dira. Denak aipatzea oso zaila da. Hoberena liburua irakurtzea izanen da. Edozer gauza galdetu edo proposatu nahi duenak egin dezala. Egia esan, zaila da gaiei dimentsioa ematea. Oso kontent geldituko naiz zerbait pedagogikoa egitea lortu badut.

"Informazioa ez, baina dokumentuak eta argazkiak lortzea zaila izan da, gehienak galdu baitira"

Oraingoan ere argazkiz ongi hornituta dago liburua? 
Argazki dezente dauzka, bai. Dena dela, zaila izan da argazkiak lortzea. Informazioa ez, baina dokumentuak eta argazkiak bai, gehienak galdu baitira. Batzuk gordeta zeuzkaten, baina errepresioa zela eta, dena erre edo bota egingo zuten. Orain manifestazio baten argazkia lortzeko, ba... zaila. Baina zerbait agertu da.

Liburua eskutan, zer inpresio?
Pozik nago, bai. Azken finean, entsegu bat da, oso lokala. Nik ez dut erreferentziarik aurkitu. Frankismoa edo trantsizioari buruzko liburuak badaude Euskal Herrian. Informazio asko dute, baina lokala egiteko zailtasun asko daude. Tira, erreferentziarik gabe, azkenean, sortu dut. Ea orain.

Zergatik irakurri beharko litzateke?
Batez ere jakiteko nor garen. Eta kontuan hartzeko gaur zergatik gauden egoera honetan, zer hobekuntza lortu ditugun, zenbat erronka eta zenbat gauza on dauzkagun ikasteko.