Adin guztietako auzotarrak biltzen dira.
1. Nola sortu zen bazkaria egiteko ideia?
Nekane Nuñez hasi zen esaten auzokoen bazkari bat egin behar genuela. Aurretik gazteak sagardotegi batera joan ziren, eta nagusiek esan zuten ea nolatan gazteak sagardotegi batera eta haiek, zer? Orduan, auzoko bazkaria egiteko ideia sortu zen. Bildu ginen, auzokide guztiak deitu genituen esanez bazkari bat egingo genuela, eta martxan jarri genuen. Nagusienak animatuenak izan ziren hasieratik.
2. Noiz izan zen lehenengo bazkaria?
Lehenengoa 2013. urtean izan zen. Pandemiagatik 2020an eta 2021ean ez genuen egin. Beraz, aurten hamargarren bazkaria egingo dugu. Hamar urte igaro dira hasi ginenetik.
3. Nola aukeratzen duzue data?
Gehienbat begiratzen dugu Iñigo Aritza ikastolaren eta Zelandi eskolaren festarekin bat ez egitea. Orduan, maiatza aldean egiten dugu beti.
4. Nola antolatzen duzue?
Bakoitzak bere lana du. Esaterako, Dolok eta Yolik hasierako plateretarako osagaiak erosten dituzte; Oskarrek zikiroa egiten du; Jesus trebea da eta denetarik egiten du.... Gu seirok arduratzen gara; biltzen gara eta zer prestatu erabakitzen dugu. Beste bi edo hiru pertsona gehiago egoten dira antolakuntzan, Nekane bera egon ohi da, baina familia izan dutenez momentuz ardura hori utzi dute.
5. Zein da bazkariaren helburua?
Elkartzea eta senidetasun pixka bat sustatzea, besterik gabe. Esan genuen, bazkari bat egingo dugu!
6. Alde Zaharreko auzotarrak, zer hartzen duzue auzo bezala?
Alde Zaharra orokorrean; Ferialeku eta Otadiako ingurua. Lehengo Javier inguru horretako jendea ere etortzen da. Baina hemen bizi ez bazen edo bizi ez bada, ez. Hemen bizi izandakoa edo hemen bizi dena etor daiteke.
7. Zenbat pertsona biltzen zarete?
Aurten 140 pertsona egongo gara; aurreko urtean 104, 2022an 137, beste urte batzuetan 134, 127... Ehundik gora.
8. Eta zer adinetako jendea?
90 urteko jendea ere etortzen da. Nagusienek gogo handiz hartzen dute bazkaria, ez dute hutsik egiten. Eguna iristeko irrikitan egoten dira. Beraiendako egun berezia da. Baita gazteendako ere. Nagusiak dantzan eta gozatzen ikusten dituztenean, flipatu egiten dute. Photocall-a jartzen dugu, eta aurten gazteek egingo dute. 20 eta 25 urtetik gorakoak, eta 17 urteko gazteak ere etortzen dira ere.
9. Urte hauetan, izan da aldaketarik?
Lehenengo urtean mahaiak jarri genituen eta bero handia egin zuen, eta denak erre ginen. Hasieratik zikiroa egin dugu; zikirorik gabe ez dago bazkaririk. Bigarren urtean, euri zaparrada egin zuen, eta toldoak ahal izan genuen bezala jarri behar izan genituen. Horregatik, bi karpa erosi genituen bildutako diruarekin. Bestela, berdin jarraitzen dugu.
10. Zerk bultzatzen zaituzte parte hartzera?
Auzokoak garelako eta dena ongi atera dela ikusten duzunean ondo sentitzen zarelako, harro. Konbinatua eskuan jendea oso pozik dagoela ikusten duzunean, aurpegietan ikusten zaie pozik daudela, bakarrik momentu horregatik merezi du. Hurrengo egunean ere auzotarrak horri buruz aritzen dira...
11. Hamargarren edizioa, zerbait berezia prestatu duzue?
Aurtengo menua hau izango da: ensaladilla langostinoekin, mariskoz betetako piperrak eta zikiroa entsadalarekin. Gustatzen ez zaion jendea dagoenez, saiheskiak ere prestatzen ditugu. Postrerako pastelak kafearekin eta txapela kentzeko moduko sorbetea. Oso arrakastatsua izaten da sorbetea, banatzen bukatu aurretik jendeak errepikatzea eskatzen du. Gero mahai batean edariak jartzen ditugu eta norberak bere konbinatua prestatzen du. Sagardo kupela ere jartzen dugu. Aurten zapiak prestatu ditugu, txotx egingo dugu eta gero musika ere izango da.