Nafarroako Unibertsitate Publikoak Elkartasun Eskolen ikasturte akaberako jardunaldia hartu zuen garagartzaroaren 11n. Bertan, besteak beste, ikastetxeek esperientziak trukatzeko eta Elkartasun Eskolen Programa ebaluatzeko aukera izan zuten. aurten Nafarroako 48 ikastetxeetako adin guztietako 21.000 ikasle eta 500 irakasle inguruk parte hartu dute. Jardunaldiaren akaberan programan parte hartu duten ikastetxeetako ordezkariek ziurtagiri bana eman zieten. Horien artean Altsasu BHI zegoen. Gainera, institutuan Boliviari buruz ondu duten proiektua aurkeztu zuten, joan zen urtean Vicente Ferrer Saria jaso zuena.
Elkartasun Eskoletan parte hartu duten ikastetxeek bederatzi Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen laguntza izan dute ikasturte honetan: ALBOAN, UNRWA, FABRE Fundazioa, Bakea eta Elkartasuna Fundazioa, ONAY, Asociación Navarra Nuevo Futuro, Madre Coraje, Munduko Medikuak eta SETEM Nafarroa. Ikasturtean zehar hainbat gai landu dira, hala nola migrazioak, elikadura segurtasuna, generoa, bidezko merkataritza, bake-kultura…, ikasleek munduan diren desberdintasunez kontzientzia har dezaten, desberdintasunak zerk eragiten dituen eta zer ondorio dituzten jakin dezaten, eta beren auzo eta herrietako gaiak eta kezkak mundukoekin lotu ditzaten.