Altsasuko Institutuak Vicente Ferrer Garapenerako Hezkuntzako Sari Nazionala jaso du ikastetxean landutako ‘Altsasutik mundura, mundutik Altsasura’ proiektuari esker. Vicente Ferrer, Espainiako Kooperazio Agentziak eta Hezkuntza Ministerioak ematen duten saria da, Garapenerako Hezkuntza eta Herritartasun Globalaren inguruko proiektuak lantzen dituzten ikastetxeak saritzen dituena. Altsasuko Institutuak eta estatuko beste bederatzi ikastetxek jaso dute aipatu saria.
Altsasuko Institutuak lortutakoa ez da nolanahikoa, ikastetxe askok ematen dutelako izena sariketan. "Gurea saritutako hamar ikastetxeen artean egotea oso pozgarria da" azaldu du Uxua Azpiroz Armendariz Altsasuko Institutuko irakasleak. Lakuntzarrak filosofia, psikologia, balio etikoak, pentsatzen ikasten eta hezkuntza arreta klaseak ematen ditu institutuan, eta berak koordinatu du "Altsasutik mundura, mundutik Altsasura" proiektua. Horregatik berriki Bolivian izan zen, saritutako lana aurkezteko mintegian eta sari emate ekitaldian. "Kooperazio Agentziak munduan zehar dituen egoitzen artean bat aukeratzen dute urtero sariketarako. Aurten Bolivian egokitu zen, baina aurreko urteetan Dominikar Errepublikan, Jordanian, Senegalen… egin izan da".
Ekainaren 17tik 27ra egon zen Bolivian, eta oraindik "lurra ezin hartu" dabil Azpiroz. Bolivian praktika onak partekatzeko mintegi batean parte hartu zuen saritutako beste ordezkariekin batera, "esperientzia ahaztezina".
Altsasu, munduan
Altsasuko Institutuan landutako 'Altsasutik mundura, mundutik Altsasura’ ez da Vicente Ferrer sariketei begira propio landutako proiektua, inondik inora. "Nafarroako Gobernuak Giza Eskubideen inguruan lan egiteko proposatzen duen Elkartasun Eskola ekimenaren barruan dago Altsasuko Institutua; uste dut aurtengoa laugarren urtea izan dela. Horrela, Nafarroako Gobernutik, eta Nafarroako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinatzailearekin batera, Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) bat esleitzen zaigu. Gurea, Bakea eta Elkartasuna da" azaldu du Azpirozek. 'Altsasutik mundura, mundutik Altsasura’ ekimen horretarako prestatutako proposamen orokor bat da, eta barruan sei proiektu zehatz daude, azkeneko bi ikasturteetan Altsasuko Institutuan garatu direnak. Azpiroz izan da koordinatzailea.
Egindako lana ikusita, Vicente Ferrer sariketara aurkeztera animatu zituzten. "Gure koordinatzaileak esan zigun oso proiektu bitxiak eta baliogarriak egin genituela institutuan, eta maiatzean deialdia atera zenez, proiektua sariketara aurkeztu behar genuela. Azkenean, kasu egin genion. Hor egon ginen, memoria guztia garaiz bukatzeko eroen moduan" gogoratzen du. Egindako ahaleginak, merezitako saria izan du.
Ikasleen %25ak, migrazio jatorria
Altsasuko Institutuak 525 ikasle izan zituen 2023/2024 ikasturtean, DBH1mailatik Batxilergoko bigarren mailara bitartean. Ikasleen %25ak migrazio jatorria du, hamazazpi nazionalitateetakoa. D eredua da nagusi, baina migrazio jatorria duten ikasle askok A ereduan ikasten dute. Hortaz, A eta D ereduen arteko uztartzea eta inplikazioa "ezinbestekoa" ikusten zen.
"Elkartasunaren eskola proiektuan parte hartzen jarraituko dugu"
A eta D ereduen harremana
'Altsasutik mundura, mundutik Altsasura' programa orokorra kulturartekotasuna eta bizikidetza hobetzeko eta eraldatzeko jaio zen. Ildo horretatik, A eta D ereduko ikasleen arteko harremanak hobetzeko, euren elkar ezagutza landu nahi zuten institutuan. "Nola? Elkarrekin jarduerak eta ekintzak antolatuz. Esaterako, apirilaren 14ko Altsasuko elkartasun azokan, eta maiatzaren 19an Altsasuko Munduko Arrozen jardueran elkarrekin parte hartuz. Horrek institutuan gaia aurretik lantzea eskatu zigun. Ikasleei eskatu genien azokan boluntario gisa lan egin zezatela, azoka promozionatzeko bideoak elkarrekin egin zitzatela, Munduko Arrozetan elkarrekin parte hartzera animatu genituen... Bestalde, Kamishibaiak sortu zituzten, Japonian ipuinak kontatzeko erabiltzen duten artea. Izan ere, duela bi urte Osama izeneko mutil bat etorri zen institutura, bere bidaia eta migrazio esperientzia kontatzera, eta hitzaldian oinarrituta ikasleek kamishibai bat egin zuten euskaraz, arabieraz, ukraineraz eta gazteleraz, eta gero interpretazioak elkarrekin egin zituzten. Ekimen hauen eta beste askoren bitartez lortu dugu, nolabait, kulturarteko bizikidetza hori hobetzea".
Bartolinak eta pedalkadak
Urrian bisita berezia izan zuten institutuan, bartolinena. Bartolina Sisa konfederakuntza Boliviako emakume indigena eta nekazarien kolektibo bat da, haien eskubideak defendatzen dituena. "Aurretik Bartolinen kolektiboaren borroka landu genuen. Ikasleek "Etorkizuneko eskutitzak" landu zuten, Clara Campoamor, Rosalia de Castro eta Bartolina Sisa zirenen eskutitzak biltzen dituena. Hura aztertuta, ikasleek eskutitzak idatzi zituzten, emakumeen eskubideen aldeko borrokan eta herri gutxitu eta zapalduen borrokan mundua gaur egun nola dagoen azaltzeko. Kalitate handiko eskutitzak ziren, gaitasun kritiko handia erakusten zutenak. Bartolinak institutura etorri zirenean ikasleek eskutitzak eman zizkieten, eta beraiek guri wiphala bandera bat. Esperientzia oso polita izan zen, aberasgarria". Boliviari buruzko proiektu hau landu izanak Vicente Ferrer saria lortzeko "puntu asko" eman zielakoan dago Azpiroz.
Bartolinen proiektuaren azkeneko fasean, hizkuntza gutxituen inguruan "Boliviako lagunei euskaraz!" bideoa grabatu zuten institutuko ikasleek, hango komunitateko gazteekin elkar eragiteko. "A eta D ereduetako ikasleek oso bideo hunkigarria sortu zuten, elkarlanean. Gure hizkuntza, euskara, euren aimarak eta quechuerak bezala, naturarekin lotura handia duen hizkuntza eta kultura dela nabarmendu nahi du. Bideoa oso polita da, eta institutuko Youtube kanalean (altsasubhi) dago ikusgai. Animatzen zaituztet".
Beste proiektu baterako ‘Desafio en pedales’ laburmetraia egin zuten Ian Garciak eta Iselmu Buzeidek. "Ikasleek instituturako bidean jasaten duten arriskua salatu eta institutura joateko bide seguru bat aldarrikatzen du. Kalitate handikoa da, eta hau ere Youtube kanalean dago".
Ikasleak, motibatuta
Ikasleak "gustura eta motibatuta" ikusi ditu Azpirozek. "Balorazioa oso positiboa da. Nerabeek justiziaren zentzua oso-oso barneratuta dute, eta gustura aritu dira gai hauek lantzen, proiektuek lan egiteko bide alternatibo bat eskaini dietelako, sarritan gelatik kanpo. Beste ereduetako ikasleekin lan egitea gustatu zaie".
Sei proiektuak
‘Altsasutik mundura, mundutik Altsasura’ proposamenaren barruan sei proiektu zehatz landu dira Altsasuko Institutuan:
-'Denok etorkinak gara' proiektuak ikasleek kultura arteko gaitasunak eskuratzea bilatzen du, "kultur aniztasuna modu positiboan bizi, interpretatu eta adierazteko".
-'Patio inklusiboak eta kulturartekoak' proiektuak ohiko patioei alternatiba bat eskaintzen die, xakea edo gantxilloa bezalako jarduerekin. "Jarduera horien bidez, jatorri kultural desberdinetako ikasleek elkar hobeto ezagutzeko aukera dute".
-'Mugitu oihanaren alde!' proiektua gailu elektronikoak birziklatzeko kanpaina bat da, Afrikako ekosistemak babesteko helburua duena. "Hiru txinpantze babesteko konpromisoa du, bildutako gailu kopuruaren arabera lortzen dena".
-'Sakanarako 2030 ekintzaileak' proiektuak "ikasleak ekintzailetza sozialaren inguruko proiektu bat martxan jartzera bultzatzen ditu, Sakanako hainbat eragile eta ekintzaileekin elkar eragin ondoren”.
-'Bartolinak, sareak josten genero berdintasunaren alde' proiektuak Boliviako emakume nekazari eta indigenen kolektiboaren ezagutza du ardatz. "Ahalduntzeari, giza eskubideei eta genero-ekitateari buruzko tailerretan parte hartzen dute".
-'Mugituz! Bizikletari bide, autoari aire', mugikortasun iraunkorra sustatzeko hainbat irakasgaitan landu den proiektua da. Aste Berdea antolatu zuten apirilean.