Altsasu, menderaezina

Maider Betelu Ganboa 2025ko eka. 17a, 14:00

2024/2025 denboraldiko Altsasu erregionala, preferentera igoera lortu berritan, Ivan Claver entrenatzailearekin eta Aaron Ramos futbol koordinatzailearekin. JURGI ORAA

Iaz preferentetik erregionalera jaitsi eta gero, aurten gizonezkoen Altsasuk erregional mailako laugarren multzoko liga irabazi du, partida bat bera galdu gabe, eta igoera fasean Urroztarra mendean hartuta, atzera ere preferente mailara igo da

Altsasu erregional taldeak denboraldi ikusgarria gorenean itxi du: erregional mailako laugarren multzoko liga erregularra irabazi zuen partidarik galdu gabe, eta igoera faseko lehen kanporaketan Urroztarra mendean hartuta, eta partidarik galdu gabe, igo da preferentera. Menderaezina izan da Altsasu. Altsasu Kirol Elkartean pozez zoratzen daude, hiru igoera lortu dituztelako: emakumezkoen preferente futbol taldea hirugarren mailara igo da, partidarik galdu gabe liga irabazita, gizonezkoen erregional taldea preferentera, eta areto futbol taldea lehen maila autonomikotik hirugarren mailara. Ezin borobilago. Une oso gozoak bizi dira klubean, eta hala berretsi du erregional taldeko entrenatzaile Ivan Claverrek. 

Ivan Claver
30 urtez erregional mailan egon eta gero, 2021-2022 denboraldian lortu zuen Altsasuk gizonezkoen erregionaletik preferentera igotzea. Pozak gutxi iraun zuen, ordea, bi denboraldi eskas, iaz, 2023/2024 denboraldian talde gorritxoa atzera ere erregionalera jaitsi zelako. Jaistear zeudela, Altsasu Kirol Elkarteak Ivan Claverrengana jo zuen laguntza eske. 

Ivan Claver Altsasun trebatu zen futbolari gisa infantilak arte; ondoren Iruñean, Alavesen, Izarran eta Mutilveran aritu zen, eta Beasaingo futbolari 10 urte egin zituen iaz. "Iaz talde nagusia lagundu nuen, bukaeran. Aurten taldearen ardura hartzea proposatu zidaten, baina Beasaingo futbolari nintzenez, ezinezkoa zen. Orkatilean arazoak hasi zirenean, futbolaria entrenatzaile postuarengatik aldatzea erabaki nuen, eta Altsasuri baiezkoa eman nion". 

Ivan Claver: taldeak hondoa jo zuen, eta erregionaletik igotzea ez da batere erraza" 

Taldea kategoriaz jaitsi berri hartu zuen. Hainbat beteranok taldea utzi zuten, eta talde nahiko gaztea topatu zuen. "Altsasuk harrobi sendoa du. Duen potentzialarengatik, Altsasuk ezin du erregional mailan egon, inola ere ez; gorago beharko luke. Banago bere garaian proiektuari ez zitzaiola behar zuen jarraipenik eman, eta aintzinako akatsak errepikatu zirela. Taldeak hondoa jo zuen, eta bertatik atera beharra zegoen; baina erregionaletatik igotzea ez da batere erraza". 

Helburua
Helburua nabaria zen. "Joan zen urtean oso gutxigatik maila nola galdu genuen ikusita, baina jokalarien potentziala zein zen jakinda, nire helburu pertsonala aurten mailaz igotzea zen, argi eta garbi. Baina ezin duzu lehen egunean aldageletara joan eta hasieratik jokalariei presio hori sartu". 

Talde "nahiko berria eta gaztea" zuen Claverrek bere esanetara. "Infantiletatik eta jubeniletatik oso ongi ezagutzen nituen jokalarietako batzuk: talde sendoa osatzen dute kategoria txikienetan zeundenetik, futbola zainetan daramate eta langileak eta oso diziplinatuak dira. Asko exijitu ahal zaie, eta hala egin da". Jokalariek nola erantzuten zuten ikusi beharra zegoen. "Ongi hasi ginen, eta bide berean jarraitu genuen. Talde ustez onenak direnekin ongi lehiatzen zirela eta haiei irabazten zietela ikustean, une horretan konturatzen zara ahal dela. Uste dut hamahirugarren jardunaldian esan niela oso ongi lehiatzen ari ginela, taldea ongi zegoela eta orain bai, helburua preferentera igotzea zela, bai ala bai. Azkenean, denboraldi historiko batean mailaz igotzea lortu dugu, gose handia duen talde batekin".

Ivan Claver: "Taldeak jarrera, konpromisoa eta lana jarri ditu, eta futbola justua izan da gurekin"

Menderaezina izatearen presioa
Altsasuk erregional mailako laugarren multzoko liga erregularrean lan ikusgarria egin du. 34 jardunaldietatik 31 irabazi eta hiru berdindu zituen, 96 puntu lortuta. Ez dute partidarik galdu. Menderaezin bukatzea erronka ote zen galdetuta, Claverrek dio hori "aho biko ezpata" zela. "Alde batetik, menderatu gabe bukatzearen ilusio hori zegoen. Baina, bestetik, lider izateak eta galdu gabe egoteak ez zuen igoera ziurtatzen. Hau da, liga partidarik galdu gabe buka dezakezu, baina igoera faseko play-offetan galduz gero, igo gabe geratzen zara. Eta hori presio gehigarria zen". 

Igoera fasea
Erregional mailak lau multzo ditu, baina multzo bakoitzeko liderrak edo irabazleak ez dira zuzenean preferente mailara igotzen. Igoera fasea edo play-offak jokatzen dituzte, bigarren, hirugarren eta laugarren postu onenak lortzen dituzten taldeekin batera. Liderrek duten abantaila bakarra da lehen kanporaketa irabazten badute zuzenean igotzen direla mailaz, eta galduz gero, bigarren kanporaketa jokatuko dutela. "Erregionala, liderra zuzenean igotzen ez den Nafarroako futboleko kategoria bakarra da. Igoera faseko lehen jardunaldian liderrek elkarren kontra jokatzen dute. Galduz gero, lehen kanporaketa irabazi duen laugarrenaren kontra jokatzen da. Talde horri agian ligan 30 puntu atera dizkiozu, baina bera igoera faseko bigarren kanporaketara ilusioz gainezka iritsiko da, irabazi berritan. Aldiz, zu, galtze horrek fisikoki eta mentalki dakarren desgastearekin, ez zara aldarte onarekin iritsiko topera iritsi den talde baten kontra jokatzeko. Sistema hau engainagarria da, ez zait egokia eta justua iruditzen, baina indarrean dago eta hala jokatu beharra dago". 

Urroztarra
Igoera faseko lehen kanporaketan Altsasuk Urroztarra izan zuen aurkari. Urrotzen jokatutako lehen partidan husna berdindu zuten. Partida kaxkarra izan ote zen galdetuta, ezetz dio Claverrek. "Kontua da aurten gaizki ohitu garela. Ez dugu partidarik galdu, ia guztia irabazi dugu, eta, gainera, partida bakoitzean gutxienez bi gol sartu ditugu. Futbolean hori ez da batere normala. Urrotzeko zelaia belar naturalekoa da, tamainaz txikiagoa, eta zoru nahiko irregularrarekin. Nire ustez Altsasu ongi lehiatu zen eta defentsa ikaragarria egin zuen; horri esker Urroztarrak-ek ez zuen gure atera jaurtiketarik egin. Bestalde, guk bizpahiru jokaldi oso argi huts egin genituen. Beraz, ni kontentu negoen, nahiz eta aldageletan sentsazioa ezberdina izan, irabazi eta irabaztearen motxila hori genuelako. Errealistak izan behar dugu; Marcilla Aurora eta Infanzones beste multzoetako liderrek jokatutako partida ere banako berdinketarekin despeditu zen, guztia oso parekatuta zegoelako". 

Ivan Claver: "Denboraldi historikoan mailaz igo gara gose handia duen taldearekin"

Dantzaleku, zirraragarri
Ekainaren 7an Dantzalekun jokatutako itzulera partidak erabaki zuen guztia. "Guztiok genekien itzulera ezberdina izan behar zela. Urroztarra arerioa oso ikertuta genuen aurretik, baina euren kontra jokatu ondoren, bagenekien non eta nola sufritzen zuten. Dantzaleku zelai handiagoa da, belar artifizialekoa, eta bagenekien toki ia gehienetan espazioak egongo zirela, eta euren defentsak nabarituko zuela. Ea hala izan zen. Lehen zatian 1-0 aurreratu ginen, baina 3-0 izan zitekeen. Argi genuen golak iritsiko zirela, ez genuen defentsa estrategia bat planteatu inolako momentuan. Hori bai, inork ez zuen 6-0 irabaziko genuela imajinatzen". 

Bigarren zatia hasi eta berehala bigarren gola sartu zuen Altsasuk, Urroztarrarendako makilakada latza. Ondoren arbitroak partida eten zuen eta foruzainak deitu zituen, goiko zelai zaharretik suziriak jaurti eta makilaren bat zelaira erori zelako. Partida berriro hasterako, denbora dezente pasatu zen, "20 edo 25 minutu lasai asko. Beraiendako geldialdi hori askoz ere okerragoa izan zen. Urroztarrak, gauzak ongi ez doazenean, zatitu egiten da, eta etsi-etsian zerbait lortzera doa, eta guri oso ongi datorkizu, euren defentsa egitura galtzen dutelako. Eta hala gertatu zen". 

Partida irabazita, zoramena barreiatu zen Dantzalekun: txaranga, gazte kuadrillak, haurrak, helduak... guztiek taldea zoriondu zuten eta ospakizuna itzela izan zen. "Luze joan zen ospakizuna, halakoetan normala den bezala. Partida jokatu baino lehen festa prestatu ala ez, zalantza genuen, galduz gero dena bertan behera geratuko litzatekeelako, baina cava, kamisetak, musika... guztia eraman genuen, eta ederki ospatu genuen". 

Ivan Claver: "Blokea errespetatu beharko litzateke, horrek egin baitu taldea handi"

Taldearen konpromisoa
Ongi egindako lanak saria izan du. Ivan Claver "oso pozik" dago lortutakoarekin, "baina berriro diotsut, futbolari talde hau infantiletatik eta jubeniletatik ezagutzen nuen: Calvotarrak, Claver, Etxaiz... Gazteagoak zirenean zuten ilusioa, konpromisoa eta jarrera izaten jarraitzen dute, eta hori, Altsasun, askotan ez da erraza. Festak direla, ihoteak, kintoak, sagardotegia... talde honek taldearekin zuen konpromisoari eutsi dio. Taldeak lana, jarrera eta konpromisoa jarri ditu, eta kasu honetan futbola justua izan da gurekin, beste batzutan hala izaten ez delako". Inguruneak lagundu du baita ere. "Juntan taldeak laguntzeko jarrera erabatekoa da; gauzak ongi egiten ari dira".

Orain atseden hartzeko garaia da. "Denboraldia luzea egiten da, eta deskonektatzeko garaia da. Asteazkenean azken entrenamendua egin genuen". Taldea abuztuaren erdialdean bueltatuko da lanera.

Erabakiak hartu
Altsasu Kirol Elkartean erabakiak hartu eta datorren denboraldiko plantillak zehazteko unea da. Hiru igoera lortu dira klubean, eta klubaren ideia taldeak ateratzea, haiei egonkortasuna ematea eta kluba handitzea da, "baina oraindik guztia airean dago, egunotan hitz egingo dugu. Preferentean jokalari guztiek jarraitzea, baita nik ere, hori nahiko nuke, blokea errespetatzea, horrek egin baitu taldea handi". Eta helburu berriak lortzea. "Igotzen den taldeak salbazioa lortu behar duela esaten da; baina dugun oinarriarekin eta duten gosearekin, helburua goi postuetan egotea da, igoera fasearengatik borrokatzeko". 

Etxarriri animoak
Etxarri Aranatz hirugarren sailkatu zen ligan, eta bigarren izan zen San Jorge izango du aurkari igoera faseko bigarren jardunaldian. "Sekulako kanporaketa izango da, bi taldeak oso onak direlako; paretsu izango da, ea ongi doakien". Lagun Artea erregionalean gelditu da. "Gehiago sufritu du, baina gauzak ongi egiten jarraitzen badu, bere aukera izango du, ziur". 

Erlazionatuak