Astekaria

"Gala amets bat izan da; baita pixka bat surrealista ere"

Erkuden Ruiz Barroso 2025ko uzt. 1a, 12:22

Eva Azpilikueta antzezle altsasuarra, erdian, lankideekin Max Sarietako photocallean. UTZITAKOA

Alfonbra gorritik eta photocalletik pasa eta sari bat eman zuen Eva Azpilikueta aktore altsasuarrak Iruñean ospatutako Max Sarietan. Lanari "errekonozimendua" dela esan du

Ekainaren 16an Iruñeko Gayarre Antzokian Arte Eszenikoen XXVIII. Max Sariak ospatu ziren. Max Sariak espainiar estatuan urtean zehar egin diren arte eszenikoen lanak saritzen ditu; hau da, esan daiteke Max Sariak arte eszenikoen Goya sariak direla. Iruñean ordezkaritza sakandarra izan zen: Eva Azpilikueta aktoreak sari bat eman zuen, eta Laida Aldaz etxarriarraren La Faktoria dantza zentroko dantzariek pieza bat dantzatu zuten, tartean Saioa Iraizoz dantzari altsasuarrak parte hartu zuen. Guztira, 33 lan izendatuta zeuden, eta 21 sari banatu ziren. Azpilikueta "oso pozik" dago esperientziarekin, eta oso eskertuta horrelako gala bat Iruñean ospatzeagatik. 

Nola jakin zenuen Max Sariak Iruñean egingo zirela?
Gure artean gauzak hauek komentatzen dira; Max Sariak Iruñea, ze ilusioa! Hasi ginen pentsatzen ea nola antolatuko zuten, eta oso emozionatuta geunden. Horrelako jaialdi bat, maila honetakoa, Iruñera ekartzea zoragarria da. Orduan, espektatibarekin geunden. Egia esan, ni oso lasai nengoen denbora handiarekin esan zutelako. Albistea bazegoen, baina ahaztu egin zitzaidan. Orduan, jaialdiko zuzendariaren dei bat jaso nuen, Ana Maestrojuan, aurretik berarekin lan egin izan dudana, eta parte hartuko nuela esan zidanean asko emozionatu nintzen. "Nola? Deitu didate? Hau egia da?". Gero SGAEko ordezkariarekin harremanetan jarri nintzen arte ez nuen guztiz sinistu; azkenean, baiezkoa jaso nuen. Niretako opari bat izan da. 

Sari bat entregatu zenuen, ezta?
Bai, ni entregatzailea nintzen. Talde desberdinak geunden; alde batetik, galaren haria eramaten zutenak, nolabait aurkezlearen papera egiten zutenak eta hor pieza txikiak egiten zituzten, abestu, dantza... Denak nafarrak ziren; denak lankideak, guztiekin lan egin izan dut. Entregatzaileen artean kanpoko jendea zegoen ere; Madriletik eta abar etorri ziren. Jose Maria Asin eta biok ginen entregatzaileen artean nafar bakarrak. 

Zein sari eman zenuen? 
Camila Villuelarekin batera, Pepe Villuelaren alaba, ilusio izugarria eman zidala bere aitaren fan-a naizelako, eta orduan oso guay egon zen; bera eta bere anaiaren ondoan eserita nengoen, eta pentsatzen nuen: "Ze barregarria; hau surrealista da". Oso neska jatorra da. Bi sari eman genituen, bloke bakoitzean bi sari ematen zirelako. Nik Kaleko ikuskizun hoberenaren saria eman nuen, eta Camilak Familiarteko eta Haurrendako ikuskizun hoberenaren saria. Kamchatka konpainiaren Fugit lanari eman nion saria, eta ilusio handia eman zidan konpainiaren oso zalea naizelako, oso jatorra izan ziren, eta haien diskurtsoa apurtzaileena izan zen.  

Nola izan zen alfonbra gorritik pasatzea?

"Pertsonaia bat egiten oso gustura nago; ni naizenean gehiago kostatzen zait"

Egia esan, oso urduri joan nintzen. Ez bakarrik urduri emozioagatik; urduritasuna eta emozioa ziren, aldi berean. Ezagutzen dudan jendea zegoen. Lotsa handia eman zidan ere; asko. Nik askotan esan dudan bezala aktorea naiz eta pertsonaia egiten ari naizenean oso eroso nago, baina ni naizenean, Eva Azpilikueta naizenean, gehiago kostatazen zait. Gainera, hedabide guzti-guztiak zeuden... Entsegura joan nintzenean eta dagoeneko zenbat mugitzen den eta zenbat medio dauden ikusi nuenean konturatu nintzen oso potentea zela; hau handia izan behar da pentsatu nuen. Badakizu, baina hor barruan egon arte ez zara guztiz kontziente.

"Oso barregarria izan zen, baita oso teatrala ere; jendeari gustatu zitzaion"

Oso barregarria izan zen, baita oso teatrala ere. Gala bat da non zure lankide guztiak oso dotore ikusten dituzun, ia ez dituzula ezagutzen. Normalean maiak jantzita ikusten garenez, hain dotoreak ikustea, alfonbra gorrian, photocalla pasatzen... Etxean esaten nuen: "Baina photocallaren hau zer da? Posatu beharko dugu...". Horretara ohituta dauden aktoreei ere kostatzen zaie. Ane Pikazarekin egon nintzen, aurreko urtean Max Sari batera izendatu zuten, eta bera ere urduri zegoen. Posatzen geundenean txantxetan esaten genuen: "Ze tentsio gutxi!".

"Oso guay da, nork ez du nahi horrelako zerbaitetan parte hartu?"

Oso guay da, amets bat bezala, nork ez du nahi horrelako zerbaitetan parte hartuu? Ez dakizu noizbait berriro errepikatuko den. Amets bat, eta aldi berean egoera pixka bat surrealista. 

Nolakoa izan zen entsegua? Benetako saridunak esaten dira? 
Ez, ez. Simulakro bat egiten da. Dena oso antolatuta dago, eta iristen zarenean zuzendariarekin hitz egiten duzu, produkzio taldeko kideek hemendik hara eramaten zaituzte eta dena oso ongi azaltzen dizute. Orduan, gora igo eta esaten dute: "Orain!". Produkzio jende pila batek lan egiten du, eta pautak oso argi azaltzen dizkizute. Hau eta hau esan behar duzu, jarri behar zara hemen eta abar. Telebistan eman zuten, eta telebistan denborak ez dira antzerkian bezain naturalak; pausak egoten dira, gehiago itxoin behar duzu... Plataforma izugarria izan zen eta eszenaratzea ere espektakularra iruditu zitzaidan. Bestela, gure artean esaten genuen ea ez genuen estropezu egiten eta ez ginen erortzen; entseguan deabru guztiak agertzen ziren. Camilarekin barre egiten nuen, eta erortzeko zeuden arrisku posibleak identifikatu genituen. Gutunazala lehenengoan ez irekitzeko beldur ere ginen. 

Gala ikusteko aukera izan zenuten? 
Entregatzaileak ez ginen kamerinoetan gelditu. Entregatzaileek butaketan gure tokia genuen, atearen oso ondoan geunden, eta tokatzen zitzaigunean, hamar minutu lehenago gutxi gora behera, gure bila etortzen ziren eta ateratzen ginen. Aurkezlearen papera egin zutenak atzean gelditzen ziren, baina telebistaren bidez jarraitzeko aukera izan zuten. Ni publikoan eserita egon nintzen galaz disfrutatzen. Izugarri polita iruditu zitzaidan. 

Euskara asko entzun zen. 
Oso keinu polita iruditu zitzaidan. Oier Zuñigak eta Ane Saguesek aurkezten zuten, eta euskaraz egiten zuten. Bi aktore handiak dira, gazteak, eta orain lan asko egiten ari dira. Gorka Urbizu agertu zen ere. Jendearen gustukoa izan zen; kanpoko jendeak ere eskertu zuen keinua. Jendeak esaten zuen oso polita izan zela hau eta bestea. Oso arina izan zen; dena bere neurrian zegoen. Baziren gauzak gehiago igotzen zutenak eta beste batzuk jaisten zutenak. Sariak modu oso arinean ematen ziren, eta nik uste izan zela oso ongi antolatuta zegoelako. Modu baikorrerako harritu zidan. Polita da sorpresa mantentzea jendeak disfruta dezan. 

Aurretik zerbait esan zenuen? 
Gure artean elkar ezagutzen dugunez bagenekien nor egongo zen. Egia esan, nik berandu jakin nuen. Banekien galan egongo nitzela eta sari bat emango nuela. Sariarena nahiko argi nuekan, eta ia bukaeran konfirmatu zidaten. Antolakuntza aldetik lan handia egiten dutenez, denborak errespetatzen ditugu. Bertan egotea tokatu zaigunean badakigu errespetatu behar dela badelako jende asko. Ez zen esan ezin zela esan, baina enteratzen zara enteratu behar zaren tokian. 

Nola izan zen janztearena? 

"Ahizpa nirekin etorri zen, eta oso berezia izan zen momentu horretan nirekin egotea"

Horretarako elenko handi bat daukat: nire ahizpa eta izebak. Ahizpa nirekin etorri zen eta niretako oso berezia izan zen ahizpa zerbait hain garrantzitsuan nirekin egotea. Honekin ikusten da egiten ari naizena, lanaren fruituak jasotzen ari naizela, eta aktore bezala errekonozimendua oso garrantzitsua da. Ogibide honetan badirudi batzuetan horrelako zerbait gertatu behar dela, baina ez du zertan. Errekonozimendua oso polita da, eta nirekin kontatu izanagatik ere oso eskertuta nago; ezin izan ginen denak egon. Ni aukeratutetako bat izateagatik oso eskertuta nago; oso pozik. 

ETORKIZUNA
Zer daukazu etorkizunerako? 

Datorren urtea ziurtatua daukat. Puntu Gunean jarraituko dut; sorkuntza zentro bat da. Arte eszenikoak eta gazteak biltzen dituen Latxa topaketaren bigarren edizioa egingo dugu, eta pixkanaka sustraitzen ari da. Gero, bertan dagoen konpainiarekin jarraituko dut, Yarleku. Ikuskizun guztiekin jarraitzen dut, eta orain zuzendaritza proposamen bat daukat. Oso pozik nago horrekin ere. Pixkanaka mundu horretan sartzen ari naiz. Zizurren helduen taldearen zuzendaria bi urtez izan naiz, eta seguruenik hirugarrenarekin hasiko naiz; Haize Berriak bandarekin egindako Mainamikirri; Nafarroako Antzoki Eskolatik ikuskizun bat zuzentzeko eskatu zidaten eta orain beste batek bere lana zuzentzeko eskatu ditu eta oso pozik nago. Aldi berean, errespetu handiarekin hartzen dut; errespetua da hitza, baina asko disfrutatzen dut alde horretan ere. Yalerkurekin Peter Pan estreinatu berri dugu. Katalanekin sortutako elkarlanaren bidezko lan bat da; Etxerik txikiena Kariguri konpainiarekin elkarlanean bertan egin zuten, eta orain beste konpainia baten Peter Pan ikuskizuna guk hemen euskaraz egingo dugu. Ez da bakarrik Peter Pan-en istorioa; adineko jendearen errespetuari buruz hitz egiten da ere. Txotxongilo antzerki bat da, eta mundu hori berria da niretako; ez ditut landu. Espero dugu Euskal Herri osotik eramatea. 

Aurreko lanak arrakastatsuak izan dira, ezta? 
Bai. Etxerik txikiena eta 104. haurra; oraindik bi horiekin jarraitzen dugu, eta orain Peter Pan gehitu behar diogu. Abuztuan beste kolaborazio bat lantzen hasiko gara. 

Erronkaz erronka. 
Bai, eta ez gelditzeko. Gogo handia dut gauza berriak egiteko. Duela gutxi Borja Ruizekin tailer bat egin nuen Nafarroako Antzoki Eskolan, eta entrenatzeko beharra daukat. Norberaren tresnetatik tiratzen dut, baina esploratzeko beharra dut. Tailer gehiago egin ditut eta jakinmin gehiago sortzen da. Nik ere zerbait sortu nahi dut,e ta horrekin hasi naiz. Dantzarekin ere topera nago. Zaletasun bezala, baina nire lanerako tresna bezala asko laguntzen dit. Etengabe ikasten ari naiz. Bikoizketa lan pare bat sor zaizkit ere; euskarazko ipuin batzuk, eta ni nafarra naiz, ahuntza. Oso dibertigarria izan da eta asko ikasten ari naiz. Dramawalker egitasmoan parte hartu nuen ere, Ana Maestrojuanekin, Gayarren. Gauza berriak ikasten ari naiz, eta helduendako lan egiteko gogoa daukat ere, eta horretarako bila ari naiz. 

Erlazionatuak