Ander Corchero Fortuna altsasuarrak OCR Series (Obstacle Course Race) mailako probatan egindako lan bikainari esker, ekainaren bukaeran Lisboan jokatutako Europako Oztopo Txapelketan parte hartzeko txartela lortu zuen. Meritu handiz, bere kategorian hamaikagarren sailkatu zen, estatu mailan bigarren. “Europako Txapelketa batean hamaikagarren postua lortzea oso zaila da, maila ikaragarria delako. Kontuan hartuta estatu mailako lehena behin munduko txapeldun izan zela eta bitan Europako txapelduna... bigarrena, oso pozik nago”.
Europako Txapelketak 5 km-ko ibilbidean 25-26 oztopo zituen. “Nire txandan 12-14 kirolari atera ginen. Suspentsiozko oztopoan lehen postuan jarri nintzen, eta helmugaraino aurrean joan nintzen. Nire txandan lehena izan nintzen” dio Corcherok. Europan hamaikagarren izatea “ez nuen espero, hainbat faktorerengatik ez nintzelako nire maila hoberenean iritsi. Postu horri esker agian Mundialean parte hartzeko klasifikatzen naiz, baina oraindik ez dakigu. Itxarotera".
