Astekaria

"Ez nuen espero Euskadiko bigarren aizkora mailara igotzea"

Maider Betelu Ganboa 2025eko irailaren 10a

Oier Mitxelena podiumeko bigarren kajoian, Aitzol Atutxa txapelduna eta gainontzeko finalistak alboan dituela. UTZITAKOA

Oier Mitxelena Mazkiaran aizkolari altsasuarra Euskadiko hirugarren mailako aizkora txapeldunordea da. Irailaren 21eko Nafarroako bigarren mailako final esturako borrokarako prestatzen ari da

Denboraldi ederra ontzen ari da Oier Mitxelena Mazkiaran. Martxoan Urrezko Aizkorako 19 urtez azpiko Gazteen Txapelketa irabazi ondoren, helburu nagusiak Euskadiko Hirugarren Mailako Txapelketa eta Nafarroako Bigarren Mailakoa zirela azaldu zuen altsasuarrak. Egun, Euskadiko hirugarren mailako txapeldunordea dugu, eta ekainaren 21ean jokatuko den Nafarroako Bigarren Mailako finalerako prestatzen ari da buru-belarri.

Euskadiko Hirugarren mailako txapeldunordea zaitugu. Ohitu al zara?
Oraindik ez. Honek pixka bat serioxeagoa ematen du. 

Txapelketa jaioterrian hasi zenuen, Altsasun, bertan jokatu baitzen lehen kanporaketa, abuztuaren 9an. Gainera, kanporaketa irabazi zenuen Jon Erdoziaren eta Unai Etxeberriaren aurretik.
Lehen hiruetan sartzea espero nuen, finalera sailkatzeko, baina lehena izatea nahikoa sorpresa izan zen, maila handia zuten aizkolari asko zirelako. Gehienbat horrek harritu ninduen. 

Altsasun pilota eta erremonte partidak sarritan izaten dira, baina aizkora oso tarteka. Euskadiko Hirugarren Mailako kanporaketa antolatu eta herrikoak irabazi, nolako marka, ezta? 
Bai, ongi atera zen. Altsasun pilotak eta futbolak gehiago tiratzen dute, eta aizkora eta herri kirola normalean festetan egiten da, baina gauza gutxi. Jende dezente bildu zen kanporaketa ikustera. Bero handia zegoen, eta Iortia plazako estalpean aritu ginen, ongi, nahikoa itzal izan genuelako eta tarteka haize pixka bat ere sartzen zelako. 

"Altsasuko kanporaketa irabaztea sorpresa izan zen, maila handia zegoelako"

Altsasutik zu zeu, Jon Erdozia eta Unai Etxeberria sailkatu zineten finalerako, eta Berangotik Aitzol Atutxa, Eloy Corchero eta Miguel Martin. Abuztuaren 18an erabaki zen finala, Gernika-Lumon.
Finala hasi aurretik euritan hasi zen, baina aizkoran ari ginela nahikoa errespetatu zigun eguraldiak. Hobeki horrela bero saparekin aritzea baino. Bost enborreko lana genuen: hasteko bi kanaerdiko, gero bi 60 ontzako eta bukatzeko kanaerdikoa. 

Aitzol Atutxa izan zen txapelduna (12:12), baina besteak oso paretsu aritu zineten. Zu txapeldunorde izan zinen (13:43), Eloy Corcherori 3 segundo aterata (13:46). Jon Erdoziak agian ez zuen bere egun onena izan, seigarren izan zen (15:53).
Txapelketa ia gehienean denok parean aritu ginen. Atutxa pixka bat aurrerago, Atutxa delako; beste maila bat du. Azken bi enborretan hasi ziren diferentziak. Ni Corcheroren atzetik sartu nintzen azken enborrera, baina freskoago nonbait, buelta eman niolako eta bere aurretik bukatu. Baina, berez, parean ibili ginen. 

Lehen bi aizkolariak Euskadiko Bigarren Mailara igotzen dira. Hortaz, sari ederra lortu duzu.
Hara iristerakoan ez nuen uste lehen bi postuetan sartuko nintzenik. Oso pozik nago.

Euskadiko Hirugarren mailakoa prestatzen ari zinela, aldi berean Nafarroako Bigarren Mailako kanporaketa jokatu zenuen Donamarian, abuztuaren 14an. Hamar aizkolari lehiatu zineten, eta lehen bostek finalerako txartela lortu zenuten, zuk tartean.
Aritz Oiarbide etxarriarrak irabazi zuen, Iban Resano dorrobarra bigarrena izan zen, ni hirugarrena, eta Jesus Etxeberria eta Patxi Igoa hurrenak. 

"Nafarroako bigarren mailako finaleko lanak kanporaketakoen bikoitza baino gehiago dira"

Bostok irailaren 21ean jokatuko duzue final handia Uharte Iruñean. Lanak antzekoak dira?
Kanporaketatik finalera egin beharreko lanetan alde handia dago, lan bikoitza baino gehiago. Kanporaketan bi kanaerdiko eta 60 ontzakoa moztu genituen, eta finalean bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat izango ditugu. Euskadiko Txapelketan baino lan gehixeago. 

Nafarroako finala bertan dago. Nola prestatzen ari zara? 
Beste txapelketetan arazo askorik ez ditut izan, hobetu beharreko horietakoak, eta, beraz, orain artekoarekin segitzen ari naiz. Saralegitarrekin entrenatzen dut eta, horretaz gain, etxean ergometroarekin aritzen naiz, gimnasioan bestelako saioekin, noizbehinka mendira noa korrika egitera...

Hirugarren mailako txapeldunordea izateak animoa igoko zizun. 
Poza ematen du. Aurten posible nuena lortu dut, urrezko gazte txapelketa irabaztea, Euskadiko Hirugarren mailan mailaz igotzea, Nafarroako Bigarren mailako finalean egotea... Ea finalean zer gertatzen den.

Faboritoen artean ikusten al duzu zure burua?
Baietz esango nuke. Kanporaketan epaileekin ez ulerturen bat izan zen eta denbora joan egin zitzaidan. Areriorik okerrena nor den ez nuke jakingo esaten. Aritz Oiarbiderekin gehiago aritua nago, eta Resanorekin aurreneko aldia hau izan da. Ez dakit lan luzeagoa nola aterako den. Nire lana egin, eta ea zer ateratzen den.

Lehendabiziko biak lehen mailara igoko dira; finala oso garesti dago. 
Bai, oso garestia. Kanporaketan lehendabiziko lau aizkolariak 15 segundotan aritu ginen. Beraz, estu-estua.