Astekaria

"Ezin duzue irudikatu ere egin bertan bizi duguna"

Erkuden Ruiz Barroso 2025eko irailaren 17a

Altsasun bizi den errefuxiatu palestinarra.

Kontatuta ere Palestinan jasaten dutena ezin dela irudikatu ere azaldu du R. J. Altsasun bizi den palestinarrak. Elkartasun mezuak iristen zaizkiela esan du

Palestina askatu! Genozidioa gelditu! lelopean manifestazioa egin zuen irailaren 13an Sakana Harrera Haranak, Altsasun. Elkartearen bidez GUAIXE-k Altsasun bizi den R. J. errefuxiatu palestinarrarekin hitz egiteko aukera izan du (beldurragatik izen abizenak ez ematea erabaki du), Rabab Riden Sakanako Mankomunitateko itzultzailearen laguntzarekin. Nablus herrian bizi zen, Zisjordania iparraldean, Jerusalemdik 50 bat kilometrotara, eta sorterritik Sakanara iristeko Odisea bat bizi izan zuen. Itzultzea "heriotzara" bueltatzea izanen zela azaldu du palestinarrak; Israelek "dena" kontrolatzen duelako. Elkarrizketa bitartean, emozioari eta malkoei eustea ezinezkoa izan da. 

Nolakoa da bizitza Palestinan?
Oso txarra. Hesi asko daude, kartzela handi batean bizitzea bezala da. Betidanik izan da horrela, bizitza osoan. Gazan gertatzen ari denaren aurretik ere; beti. 

Eta 2023ko urriaren 7aren ondoren, nolakoa da egoera?
Gauzak okertu dira. Nablus inguruko herrietatik hesituen dagoen herria da; sei sarreretatik itxita dago, eta hesi bakoitzean checkpoint-ak daude eta bertan soldadu israeldarrak daude. Lehen ere hesiak zeuden eta itxita zegoen, baina ez zeuden gelditzen zuten soldadurik. Baina horren ondoren soldaduak jarri zituzten eta soldaduek ez dute pasatzen uzten. Orduan, lanera joateko, esaterako, infernu bat da. Ordu edo ordu eta erdi baino gehiago egon zaitezke geldirik itxoiten. Gizonezkoei arropa kentzen diete eta barruko arroparekin uzten diete, eta erailtzen dituzte edo atxilotzen eta espetxeratzen dituzte. Familiarekin joaten badira ere hor bertan erailtzen dituzte. Jendeak Telegram bidez hitz egiten du, eta bertan soldaduak non dauden eta nolakoak diren, gaiztoagoak diren edo ez, aipatzen dute. Behin gelditzen dituztenean telefonoak kentzen dizkiete eta botatzen dituzte. 

'Checkpoint'-ak edozer gauza egiteko pasa behar dira? 
Herri guztia itxita dago, toki guztietatik. Orduan, joaten zaren tokira joaten zarela, bertatik pasa behar zara. Kotxe ilara izugarriak izaten dira herri batetik bestera joan ahal izateko. Ordu erdi ingururo kotxe bat pasatzen da, eta kontatu dezaket duela bi gau mutiko batek larrialdi bat zuela eta ospitalera joan behar zela eta soldaduei esan zien larrialdi bat zuela eta ospitalera joan behar zela. Kotxetik jaitsiarazi zuten eta hor bertan erail zuten. Kotxeetan kamarak ezkutatu dituzte egoera hauek grabatzeko eta munduari erakusteko. Kotxean zaudenean ezin duzu deus ere esan; ezin duzu hitz egin. Errespetuarekin isilik egon behar zera, eta zurekin joaten denarekin ere ezin duzu hitz egin. Bestela, zerbait esaten baduzu zure lagunarekin bada ere, esango dizute: "Guri buruz ari zara hizketan!", ateraraziko zaituzte eta une horretan bertan hiltzen zaituzte. 

Gazan gertatzen denaren berri iristen da? 
Badago jendea Gazan familia duena, eta orduan zuzeneko eta zuzenean iristen da informazioa. Naziekin gertatu zena ez da ezer gaur egun Gazan geratzen ari denarekin alderatuz: bortxaketak, erailketak, jendea erditik kendu... Dena erailtzen ari dira: animaliak, haurrak, helduak... Den-dena. Genozidio bat da. Ez dute ezer uzten. Bideoak iristen zaizkigu, eta guk ezin dugu ezer egin. Gure herrian denek buruko gaixotasunak dituzte, psikologikoki gaizki daude bizitzen ari garenagatik, eta ezin dugu ezer egin. Gu ere gerra batean gaudelako; guk ere borrokak ditugulako. Kolonoak  okerrenak dira; etortzen hasi zirenean ez ziren oso ausartak edo harroak, baina gauar egun etxeetara sartzen dira, bertan bizi direnak kanporatzen dituzte, eta ezin duzu ezer egin. Gerra batean gaude, nahiz eta ez gaituzten bonbardatzen. Ez bazaude juduen kontra borrokatzen, kolonoen kontra ari zara. Esaterako, kotxearekin joaten zarenean hobe duzu hesietatik gertu ez gelditzea, atentatu bat egiten ari zarela esango dutelako. Esaterako, neska bat Jerusalemera gas bonbona bat erostera joan zen bere haurrekin eta itzultzen ari zenean gas bonbonak su hartu zuen kotxean eta soldaduek haurrak jaitsi zituzten eta emakumea kotxean utzi zuten erretzen. Laugarren mailako erredurak izan zituen, eta ospitaletik espetxera sartu zuten hamabi urtez. Atentatu bat zela esan zioten, baina atentatu batera ez dituzu haurrak kotxean eramaten! Edozer gauza gertatzen dela, eta hamabost urtez desagertzen zara. Inork ez daki zuri buruz ezer ez. Asko kontatzen badugu ere, ezin duzue irudikatu bertan bizi duguna. Jendea erretzen, bortxaketak, erailketak... 

"Momentu honetan kolonoak elkartzen ari dira, gauez autobusak iristen dira; badakigu zertan ari diren"

Eta gertatzen ari dena beste toki gehiagotara zabalduko da. Momentu honetan kolonoak elkartzen ari dira. Gauez autobusak iristen dira eta herri txikietan uzten dituzte. Herritarrek ez dakite zer egiten ari diren; herritik bueltak ematen dituzte eta arabiar perfektu bat hitz egiten dute. Gauza oso itsusiak esaten dituzte, jendea probokatzeko. Egunero geroz eta herri gehiagotara iristen ari dira. Baina badakigu zertan ari diren: terrenoa ikertzen ari dira kolonizatu behar dutelako; jendea etxetatik aterako dute eta bertan haien etxeak egingo dituzte. Badakigu oso ongi zer ari diren egiten. Telegram erabiltzen dugu israeldarrek Whatsapp, Facebook eta abar kontrolatzen dutelako. Dena. Telegram izan ezik; oraindik ezin dute kontrolatu. Herri bakoitzak Telegram talde bat dauka eta bertan zer gertatzen ari den kontatzen dute. Egoera oso-oso gaizki dago; gauza asko konta ditzaket. Oraintxe bertan kolonoen beldur dira. Palestinako toki politenak hartzen ditzute, eta guk ezin dugu ezer esan. Ezin dugu esan kolonoak hemen edo han daude, eta bestelako hitzak erabiltzen ditugu: txakurrak ez dakit non daude... 

Zergatik erabaki zenuen etortzea? 
Ateratzea erabaki nuenerako, semea behin baino gehiagotan erailtzen saiatu ziren. Gizarte laguntzailea naiz, laguntza behar duen jendea laguntzen dut, eta zenbait emakume kotxe batean goaz eta toki askotatik mugitzen gara, hainbat herritatik. Urriaren 7tik aurrera gehiago gelditzen hasi ziren eta beldurra sartu zitzaidan. Oso gaizki tratatzen gaituzte: "Aurrera, zaborra! Jaitsi! Pasatu!" ohiukatzen zuten. Kotxetik jaitsi eta bortxatuko gintuztela esaten ziguten. Probokazioak ziren, eta guk ezin genuen ezer esan. Zerbait esaten bagenuen, guk ez dugu ezer egin esateko bazen ere, erailtzeko aitzakia bat izan zitekeen. Soldaduek Hamasekoak ginela eta hilko gintuztela esaten ziguten. Iritsi zen momentu bat non pentsatu nuen egunen batean ez nintzela etxera itzuliko; lanera joaten nintzenean erailko nindutela pentsatzen nuen. Lanean oso ongi irabazten nuen, baina azkenean nagusiari esan nion ez nuela dirurik nahi, ez nuela indemnizaziorik, baina lana utzi behar nuela. Nire seme-alabengatik utzi behar nuen. Ikusten nuelako edozein egunetan ez nintzela etxera itzuliko. Lau seme-alaba ditut, hirurekin etorri naiz, eta beste bat han dago. Senarra kanpoan dago eta ez dut berarekin kontakturik. Ni arduratzen nintzen guztiaz, eta beste arrazoiren bat tarteko, ateratzea erabaki nuen.

"Banekien egunen batean ez nintzela etxera itzuliko; seme-alabak agurtzen nituen"

Ikusten nuelako hilko nintzela; etxetik ateratzen nintzen bakoitzean seme-alabak agurtzen nituen eta esaten nien ez banintzen itzultzen etxe honetara edo beste hartara jo behar zutela. Orduan, joatea erabaki nuen. Lanagatik askotan bidaiatu dut. Suitzan familia daukat, eta hasiera batean Jordaniara joan nintzen. Bertan arriskua atzean utzi genuela pentsatu nuen. Ondoren, Italiara joan nintzen eta Espainiako bisadoa hartu nuen. Suitzara joan nintzen eta hilabete egon nintzen bertan. Suitzan nengoela esan zidaten espainiar estatura joan behar nintzela bisadoa Espainiakoa zelako. Berdin zait. Herrialde seguru batean bada, berdin zait nora joan. Ez dut legea ezagutzen, eta bisadoa Espainiakoa hartu nuen, eta horrela heldu nintzen hona. Semeak duela gutxi esan zidan: "Baina gauez atera naiteke? Jendeak kaletik hitz egiten du?! Oihukatzen du, eta ez dago arazorik!". Harrituta dago hemen aurkitu duenarekin. 

Nolakoa izan da harrera? 
Oso-oso ona. Hasieran arrazismoa jasango genuelaren beldur ginen, baina jendeak oso ongi hartu gintuzten. Irribarre egiten digute, eta seme-alabak eskolan hasi dira eta oso pozik gaude. 

Palestinan familia daukazu. 
Hiru seme-alabekin etorri naiz, eta han hemeretzi urteko beste seme bat daukat. Errusian medikuntza ikasten ari zen, eta bertako gerra hasi zenean, Internet moztu zuten eta abar, eta Txinara ikastera eramatea erabaki genuen. Baina paper guztiak egin behar zituen, eta Errusiatik Jordaniara joan behar izan zen, eta bertatik herrira iristea asko kostatu zitzaion. 50 bat aldiz gelditu zuten eta arropa hainbatetan kenduarai zioten, eta azkenean etxera iritsi zen. Bertatik atera nintzenean ez nuen exilioa eskatzeko intentzioarekin egin. Ihes egiten atera nintzen. Atera eta gero itzuli. Baina hemen gelditzea erabaki nuen. Semeari paper bat falta zaio, portaera onaren papera, eta hori lortzen duenean Txinara ikasten jarraitzera joango da. Hasiera batean gurekin ekarri nahi nuen, baina hemeretzi urte ditueenz ezin izan dut. Amarekin bizi da, eta eraikin berdinean nire lau anai bizi dira. Anaiek bidaiatzea debeketatu dute; anai batek hiru tiro ditu, beste batek bi... 

Nola bizi duzu hemendik bertan gertatzen dena? 
Oso haserre nago. Oso. Amarekin hitz egiten dudanean nire buruarekin haserretzen naiz. Amari esaten diot bertan egotea gustatuko litzaidakeela; bertan egon eta haiekin hil. 

ELKARTASUNA
Nola ikusten du Palestinaren aldeko elkartasuna? 
Elkartasun handia dago hemen. 

Manifestazioak, elkarretaratzeak, diru laguntzak eman... Zer gehiago egin daiteke? 

"Hemengo jendearen elkartasuna iristen zaie, eta hori asko da"

Kalera ateratzea eta manifestazio hauek egitea zerbait oso-oso handia da guretako. Amarekin hitz egiten dudanean esaten dit hemengo jendearen elkartasuna iristen zailea, badakite hemengo jendea laguntzen ari direla; badakite hemen geratatzen ari denaren berri duzuela. Haiek heriotza geldo bat izaten ari dira. Baina badakite hemengo jendearen elkartasuna dutela. Iristen zaie, eta hori asko da. Jakitea kanpoko jendea haiekin dagoela asko bada. 

Gobernuen txanda da orain. 
Eta guk badakigu ere herritarrak saiatzen ari zaretela hori ere aldatzen; gobernuak mugitzeko ahaleginak egiten ari zaretela. Badakigu. 

Palestinara itzuliko zara?
Ez dut ustet. Baina nork daki. Heriotzara itzultzea izango zen.