Altsasuko osasun etxearen ate nagusiaren gainean Constantino Salinas Osasun Etxea zioen kartela zegoen. Ate nagusian pertsiana jartzeko lanak egin zituztenean kartela kendu eta bazter batean botata utzi zuten. Ordutik osasun etxea dioen kartel bat besterik ez dago atearen aldamenean. Hori ikusita EH Bilduk udalari eskatu dio konpromisoa hartzeko eta Constantino Salinas Osasun Etxea-Centro de Salud Constantino Salinas izena atzera ere osasun etxean jartzeko. Aurretik zegoen kartela zaharberritzea edo berria jartzea eskatu du. Koalizioak eskatu du kartela osasun etxearen leku nabarmen eta ikusgarri batean jartzea. Helburu horrekin, EH Bilduk mozioa aurkeztu du, udalak irailaren 24ko udal bilkuran eztabaida dezan.
Koalizioak gogoratu duenez, Constantino Salinas Jaka Altsasuko mediku eta politikari sozialista ospetsua "oroitzeko eta omentzeko" jarri zen plaka osasun etxean. Salinas "1939ko garaipen faxistaren ondoren Argentinan erbestera eraman zuten bere herriaren, balio demokratikoen eta osasun publikoaren defentsan egindako ibilbidea eta konpromisoa gogorarazteko eta aitortzeko". EH Bilduren iritziz, "beharrezkoa da gure historiaren memoria eta ezagutza zaintzea, gure herriko jende konprometituaren lana zaintzea, bere ekarpenari balioa ematea eta bere ondarea gogoratzea. Ekintza horiek, sinbolismoez harago, komunitatea eta kontzientzia kolektiboa eraikitzen laguntzen digute".