Astekaria

'Heptamerona' irakurtzen

Erkuden Ruiz Barroso 2025eko urriaren 2a

Ines Castiella Nafar Ateneoaren Euskara bokala eta Xabier Artola itzultzailea.

Nafarroako Margaritak XVI. mendean idatzitako liburuaren itzulpena egiten ari dira, eta atal bakoitza irakurraldi publiko batean aurkezten dute: Heptamerona proiektua. Urriaren 4an, larunbata, Altsasun izanen da, eta garaia ezagutzeko jarduerak izanen dira ere.

Margarita Nafarroakoak XVI. mendean idatzitako L'Heptaméron liburua euskaratzen ari da Xabier Artola itzultzailea. Liburua frantsesez idatzita dago, eta zortzi atal ditu, eta atal bakoitza euskaratzen amaitzean Nafar Ateneoarekin Heptamerona irakurraldia antolatzen dute. Bosgarrenaren irakurketa urriaren 4an, larunbata, izanen da, Altsasuko Iortia kultur gunean (10:00etatik aurrera). Ines Castiella Nafar Ateneoaren Euskara bokala da, eta azaldu duenez, "interesgarria iruditzen zaigu joaten garen tokira goazela tokikoak inplikatzea". Hortaz, urriko lehenengo asteburu horretan, besteak beste, Sakanako jendea izanen da Heptamerona irakurtzen. 

"Nafarroako Margaritak asko idatzi zuen; garrantzitsuena 'Heptamerona' da"

Heptamerona proiektuak bi helburu nagusi ditu: Margarita Nafarroako erreginak idatzitako obra euskaratzea eta Margarita feminismoaren aitzindari modura ezagutaraztea eta aitortza egitea. Nafarroako Margaritak "asko idatzi" zuela azaldu du Xabier Artolak, "eta bere obrarik garrantzitsuena Heptamerona da". 

"Helburua da feminismoaren aitzindari modura ezagutaraztea eta aitortzea"

Bost emakume eta bost gizon dira liburuaren pertsonaiak, eta Pirinioetako konbentu batean itxita daude, euriteak zeudelako, eta zeharkatu behar zuten ibaiko zubia puskatuta dagoelako. Dekameron Bocacciok bi mende lehenago idatzitako liburuarekin "lotuta" dagoela azaldu du Artolak: "Italian gertatzen da, eta ideia antzekoa zen. Han izurritea zegoen, Florentzian, eta horregatik etxalde batean elkartzen dira eta istorioak kontatzen dituzte". Erreginak "antzeko zerbait" egin nahi izan zuen; "jende bat istorioak kontatzen jarri". Desberdintasunak dira Heptameronen bost gizon eta bost emakume direla, eta emakume ikuspegi batetik idatzita dagoela: "Nabarmena da istorioetan; badago beste desberdintasun bat ere, istorio bakoitzaren bukaeran eztabaidan jartzen ditu han dauden guztiak. Hamar pertsona horietako bakoitzak ematen du bere iritzia, eta hor ikusten da oso argi ere ikuspuntu feminista". 

Proiektua 2020ko pandemiaren itxialdian sortu zen. "Fito Rodriguezen ideia izan zen. Etxean itxita geundenean deitu zidan, eta esan zidan: 'Hi, Xabier! Heptameron ez dago euskaraz, nola da posible. Hasieran ezetz esan nion". Baina Artolak ongi pentsatu zuen, eta ideia gustatu zitzaidan, izan ere, liburuko pertsonaiak ere itxialdi batean daude. Biak itzulpenarekin hasi ziren, eta orain Artolak jarraitu du proiektuarekin. 

Margarita
Irakurraldiaren ideia ondoren sortu zen, Nafar Ateneora jo zutenen. "Nafarroako Margarita garaiko emakume ilustre bat izan zela kontuan hartuta, bere pertsonari eta bere obrari argitasuna ematea izan zen ideia nagusia", azaldu du Ines Castiellak. Horretarako irakurraldia antolatzea erabaki zuten. "Liburua mardula da, bai luzeran bai edukian. Horregatik, urtero atal bat itzuli eta atal horren ahoz gorako irakurketa antolatzen dugu". Zortzi atal ditu, eta aurten bosgarren atala euskaratu dute. "XVI. mendeko frantsesean idatzita dagoela kontuan hartuta, klasikoen euskara erabiltzea egoki ikusi dugu ere", azaldu du Artolak. 

Atal bakoitzaren irakurraldia urtero toki batean egiten dute, "joaten garen tokira goazela tokikoak inplikatzea" interesgarria iruditu zitzaien. Dagoeneko Iruñean, Amaiurren, Orbaizetan eta Zangozan egin dituzte irakurraldiak, eta haiekin batera egun osoko jardurak antolatzen dituzte, "proiektuaren helburuak lortze aldera". 

Urriaren 4an Heptamerona proiektuaren irakurraldia Altsasura helduko da. "Interesgarria iruditu zitzaigun Nafarroatik ateratzea, eta pentsatu genuen Altsasu toki guztietatik gertuen egon zitekeen toki bat dela. Sakanak ere badauka bere historia". Margarita Nafarroakoa Enrike IIren emaztea zen, eta irakurraldiarekin batera antolatzen dituzte jardueretan testuinguru historiko hori lantzen dute, "Nafarroaren Erreinuaren azken urteetako bilakaera". Sakanan sorgin ehiza lantzea erabaki zuten, eta Nabarralderekin batera gaur, irailak 26, hasi eta urriaren 4ra arte (irakurraldiaren eguna) erakusketa izanen da, Iortia kultur guneko erakusketa aretoan. "1525eko Sorginen ehizaren mendeurrena da, eta gertaera hori Nafarroako konkistarekin lotuta dago". 

Irakurraldia
Irakurketa publikora jende askok izena eman duela esan du Castiellak. "Oso arrakastatsua izan da. Dagoeneko ezetz ere esaten ari gara". Aurtengo atala ez dela oso luzea izango gaineratu du Artolak. Besteak beste, Javier Ollo Altsasuko alkateak parte hartuko du irakurraldian, baita Jabi Arakama Euskarabidearen zuzendariak ere. Sakanako eragileen ordezkariak izanen dira ere egitasmoan. 

Irakurraldia antolatzeko Artolak testua prest duenean Castiellari bidaltzen dio, eta irakurleen zerrenda prest dagoenean, pertsona bakoitzari testuaren zati bat egokitzen zaio, eta aurretik bidaltzen zaio "aurretik pixka bat prestatzeko". Ez da irakurraldian parte hartzeko aukera bakarra, izan ere, entzule bezala parte har daiteke ere. Sarrera librea izanen da. 

Javier Ollok eta Jabi Arakamak, Altsasuko alkateak eta Euskarabidearen zuzendariak, hurrenez hurren, zabalduko dute Heptamerona: Borzgarren Egunaren irakurraldia, 10:00etan. 10:15etik 11:30era irakurraldia izanen da, kafe tartetxoaren ondoren, eguerdian irakurraldiarekin jarraituko dute, eta Altsasu ezagutzeko tartea ere izanen dute parte hartzaileek. Ondoren, arratsaldean, Iñaki Lopez de Luzuriagaren Sorgin ehiza eta Nafarroako Erresumaren konkista hitzaldia izanen da, eta 16:30ean irakurraldiaren hirugarren tartea izanen da. 18:00etan Ixabel Etxeberria historialariaren eta Amaia Alvarez Uria idazle feministaren arteko elkarrizketa izanen da: Sorgin ehiaren eta inkisizioaren irudikapena Nafarroako Margaritaren obran. Behin hitzaldia amaituta Heptameron abesbatzaren kantaldia izanen da, eta kafe tartean Iñigo Larramendi Nabarraldeko kideak bisita gidatua eginen du Sorgin ehizari buruzko erakusketan. 

Irakurraldian parte hartzen dutenendako atalaren argitalpena kaleratzen dute. 

Heptamerona: Borzgarren Egunaren irakurraldia

Urriak 4 larunbata

Altsasuko Iortia kultur gunean

10:00 - 10:15 Ongietorria: Javier Ollo, Altsasuko alketa, eta Jabi Arakama, Euskarabidearen zuzendaria 

10:15 - 11:30 Goizeko irakurraldia I

11:30 - 12:00 Kafe tartea

12:00 - 13:30 Goizeko irakurraldia II

13:30 - 16:00 Bazkaria eta ibilaldia Altsasu ezagutzeko

16:00 - 16:30 Iñaki Lopez de Luzuriagaren hitzaldia: Sorgin ehiza eta Nafarroako Erreinuaren konkista

16:30 - 18.00 Arratsaldeko irakurraldia

18:00 - 18:45 Ixabel Etxeberria historialariaren eta Amaia Alvarez Uria idazle feministaren arteko elkarrizketa: Sorgin ehizaren eta Inkisizioaren irudikapena Nafarroako Margaritaren obran

18:45 - 19:15 Heptameron abesbatzaren kantaldia

Egun osoan zehar, Nabarraldek prestatutako Nafarroako Sorgin ehizari buruzko erakusketak egongo da ikusgai; kafe tartean, Iñigo Larramendik bisita gidatu bat egingo du.