Gaztetxeen potentziala aldarrikatu dute

Guaixe 2025eko urriaren 6a

Gaztetxea eta asanblada hauspotzeko deialdia egin dute Altsasukoaren urteurrenean.

Altsasuko gaztetxeak 35 urte bete ditu eta Altsasuko Gazte Asanbladak (AGA) urteurrena ospatzeko asteburuan egitaraua prestatu du. AGAko kideek gogoratu dutenez, gaztetxea "politika, gizarte eta kultura ezinegonei erantzuteko espazio erreferentea bilakatu zen. Gazte langileon interesetara antolatzen eta haien proiektuak aurrera eramateko etxea bilakatu zen". Gaineratu zutenez, "oso kontuan daukagu gure borroka, aurreko borroken ondorengoa dela, eta gazte langileok borroka honen motorra garela". 

Testuinguruari begira adierazi zuten "garai ilunak" heldu direla eta "erasotuak izan diren gaztetxeei elkartasuna adierazi nahi diegu". AGAko kideek nabarmendu zutenez, "oztopo guztiak gainditzeko bidean borrokan jarraitu eta gizarte justu baten alde borrokatzeko konpromisoa hartzen dugu. Gazteon artean borroka oinarri duen kultura politikoa berrosatu eta antolakuntzara batzeko kontzientzia piztuz. Horretarako hitzaldi, tailer eta eztabaidak izan behar ditugu. Aisialdia interes kapitalistetatik at antolatu behar dugu. Gaztetxea erasorik gabeko espazio segurua bilakatu behar dugu, langile klasearen eskubide politiko eta sozialen defentsa irmoa eginez".

Azpimarratu zutenez, "gaztetxeak iraganeko kontua izatetik urrun, potentzia sozial eta politiko handiko espazioak dira". Eta "gaztetxe eta gazte asanbladen arteko harremanak sendotu eta gazte asko gehiagoren elkargune izateko motor" bihurtzea desiratu zuten. 

Erlazionatuak