Jose Angel Agirrebengoa Imaz atzo, azaroaren 2an, hil zen. Luze zeraman gaixo. Agirrebengoa 1952an Altsasun jaio zen. Nekazaritza ingeniaria ogibidez, nekazaritza-abeltzaintza arloan 1976tik 1991 arte egin zuen lan. Hortik 2003 arte, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza Sailaren menpeko Mendikoi SA elkarte publikoko Herri Garapen eta Sustapen arloko zuzendaria izan zen. Nafarroako Untxien Kooperatibaren bazkide sortzailea ere izan zen.
Politika ibilbidea Eusko Alderdi Jeltzaleari lotuta egin zuen. Agirrebengoa EAJren Aberri Batzarreko kide izan zen 1987 eta 1991 bitartean. Ondoren Napar Buru Batzarrean burukide izan zen 1991 eta 2003 bitartean. Altsasuko udalean hainbat legegintzalditan zinegotzi izan zen eta alkate 1995etik 1999era. Azkenik, Nafarroa Bai koalizioko foru parlamentaria izan zen 2007-2011 legegintzaldian.
Agirrebengoa alkate zela, Arabako eta Gipuzkoako beste hainbat alkaterekin batera, Etzegarateko errepide nazionalaren bikoiztea bulkatu zuen. Bera alkate zela Aita Barandiaran adinduen egoitzako hitzarmen berria sinatu zuen Nafarroako Gobernuarekin eta kontzertatutako plazak 22tik 35era pasa ziren. Bestalde, Altsasura hegoaldetik sartzeko alternatiben ikerketa egiteko hitzarmena sinatu zuen foru administrazioarekin. EAJk Agirrebengoaren ibilbidea 2019an aitortu zuen, eta Iruñeko festetan San Fermineko Zapia altsasuarrari eman zion.
Alderdia
Nafarroako EAJko ordezkariek adierazi dutenez, "doluminez esan dio agur" Agirrebengoari. Altsasuarrari "omenaldi zintzoa" egin nahi dio "konpromiso handiko pertsona bati, alderdikide ekintzaile eta koherentea izanik erakutsi zuen etorkizun sen handia". Aldi berean, EAJk Agirrebengoari eskertu dio "Alderdiari eta Nafarroako abertzaletasunari eman zion guztia"
EAJkoek gogoratu dutenez, "Altsasuko alkatea zela, nabarmendu egin behar da hurbiltasunaren eta elkarrizketaren alde erakutsi zuen jarrera, zuzentzea egokitu zitzaion korporazioa oso anitza zen garai batean". Bestetik, "Foru Parlamentari zelarik, alderdi sozioekonomikoan eta lehen sektorean bereziki egin zuen lan zorrotza eta konpromisokoa aipatu behar dugu". Aldi berean, "Napar Buru Batzarraren presidentea izan zenean, Nafarroako indar abertzale eta aurrerakoiak bateratzeko egin zuen ahalegina nabarmendu behar da, ekimen haren ondorioz eratu baitziren Nafarroa Bai eta Geroa Bai koalizioak".
Napar Buru Batzarraren egungo presidente Unai Hualde Iglesiasek bere aldetik nabarmendu duenez "Agirrebengoa moduko pertsonen eskuzabaltasunak eta ikuskerak ekarri gaituzte gaur gauden egoerara. Bera izan zen Nafarroan ‘aldaketa´ izenarekin deitu genuenaren bulkatzaile eta eragileetako bat. Iraganeko joerak apurtu zituen, garai politiko berrietarako ateak irekiz, ahalegin hark zekartzan arriskuak zeintzuk ziren jakinik". Hualdek gaineratu duenez, "bere konpromisoa eta ausardia guztiz erabakigarriak izan ziren gaur egun EAJk eta Geroa Bai koalizioak Nafarroan betetzen dugun esparru politikoa finkatzeko" .