Astekaria

CBASK Altsasu, hasiera indartsua

Maider Betelu Ganboa 2025eko azaroaren 13a

Emakumezkoen lehen senior taldeak ederki hasi du liga. CBASK

2025/2026 denboraldiari "oso gogotsu" ekin dio Altsasuko CBASK saskibaloi klubak. Iaz bezala, 11 talde dira. Emakumezkoen senior taldeak jokatutako bost partidak irabazi ditu eta gizonezkoak martxa onean daude

2025/2026 saskibaloi denboraldia martxan da eta Altsasuko CBASK Saskibaloi Klubean gustura ekin diote lanari. Aurten 11 talde ari dira trebatzen eta horien guztien koordinatzailea Iosu Mendiola Marañon arbizuarra da, hirugarren urtez jarraian. Talde guztien aurkezpena Eguberrietan egingo dute, ohi moduan. 

Altsasuko CBASK Saskibaloi Klubeko helburuak betikoak dira: Sakanan saskibaloia sustatzea, taldekideak saskibaloian trebatzea, ongi pasatzea, eta kirol balioak sustatzea. Ez dute sailkapenari begira helburuak jartzeko joera. "Haurrekin hori ez da inoiz jokabidea izango, guk dugun filosofiarekin, behintzat. Helduekin denboraldi hasieran ez da hala izaten. Oso giro ona dugu, eta ez dugu aurreikuspenekin eta horrekin guztiarekin buruhausterik nahi, baina denboraldi bukaerara aukerekin iritsiz gero, agian tentazioa sor liteke, denei gustatzen baitzaie konpetitzea. Hala izanez gero, une horretan kirol helburuez hitz egingo genuke, baina denboraldi hasieran eta epe luzera begira ez dira helburuak aipatzen" azaldu du Iosu Mendiola Marañonek.

Iosu Mendiola: "Seniorretan bi talde, juniorretan beste bi; halakorik ez dut gogoratzen"

Bi junior eta bi senior
Aurten, joan zen urtean bezala, 11 talde ditu Altsasuko CBASK-ek, eta antzeko zenbakiak, 130 jokalari inguru eta 22 entrenatzaile. Hala ere, aldaketak daude, junior mailako bi talde izatea lortu baitute, mutilena eta neskena. Horiei helduen edo seniorren bi taldeak gehitu behar zaizkie, neskena eta mutilena. "Alde horretatik oso pozik gaude; senior eta junior mailetan bina talde izan genituen azken aldia ez dut gogoratu ere egiten".

Lau talde horiei beste zazpi gehitu behar zaizkie, kategoria txikienetakoak. Aurten ez dago kadeteen mailako talderik, iaz kadete zirenak aurten junior mailara pasa direlako. Bi talde infantil dituzte, neskena eta mutilena, eta beste bi aurre infantil, neskena eta mutilena. Horretaz gain, premini taldea dago, eta bi talde benjaminak, batzuek ligako partidak jokatzen dituztenak eta besteak partidak jokatzen ez dituztenenak. "Txikienen taldeak mistoak izaten dira, neskak eta mutilak batera aritzen dira, baina hain justu premini mailakoa mutilena da, 2015ean jaiotakoetan soilik mutilak ditugulako". 

Altsasuko saskibaloi klubean neskak mutilak baino gehiago izan dira gehienetan. "Betidanik. Nafarroan eta Estatu mailan nesken kirola deitu izan zaio saskibaloiari, nesken fitxa gehien izaten dituen kirola izaten baita gurea. Egia da azken urteetan nesken futbolak gorakada handia izan duela, guk ere nabaritu dugu; saskibaloia bi generoen artean parekatu da. Aurten hasi diren txikitxoenen artean neskak baditugu, baina 2015eko belaunaldia, preminiena, soilik mutilena da".

Entrenatzaileak, boluntarioak
Entrenatzaileak lortzea, hori da CBASK-en izaten duten handicap handienetako bat. Gehienetan talde nagusienetako jokalariak, seniorrak, juniorrak eta bestelakoak, txikien entrenatzaile izaten dira. "Filosofia berdinarekin jarraitzen dugu, eta oso eskertuta gaude jokalariek egiten duen esfortzuarekin". Kirolaren Legea indarrean sartu da, aurten aplikatu dute guztiz, eta horrek gauzak "nahiko" zaildu dizkiela aitortu du Mendiolak, "lege berriak esperientzia ez duten entrenatzaileak ikastaroak egitera behartzen dituelako, trebakuntza jasotzera. Ikastaro horiek, gainera, entrenatzaileek ordaindu behar dituzte, eta nahiz eta dirulaguntzak egon, ez dute guztia estaltzen. Monitore hauek udaletik iazko soldata bera jasoko dute, gainera ikastaroak egin behar dituzte eta beraiek ordaindu. Beraz, gure jokalariek kluba laguntzeko bidean entrenatzaile izateko egiten duten esfortzua eskertu beharra dago". 

Mendiola, atzera entrenatzaile
CBASK-eko koordinatzailea izateaz gain, Iosu Mendiola mutilen senior taldea gidatzera itzuli da. "Lanean ordutegi murritzagoa dudanez, eta senior taldeko jokalariek eskatuta, taldea entrenatzeko aukera dut. Gustura". 

Nahiko hasiera gorabeheratsua izan du gizonen bigarren mailan jokatzen duen CBASK-ek. Lehen jardunaldian CBASK-ek Gazte Berriak-i irabazi zion; bigarren jardunaldia atzeratu behar izan zuen, Zelandin jokatu zen Zumbathoi Solidarioa zela eta; hirugarrenean Humiclimaren kontra galdu zuen; laugarren jardunaldia atzeratu behar izan zuten, Ardoik hala eskatuta; eta bosgarren jardunaldian 3 punturen aldearengatik galdu zuten Liceo Monjardin R-ren kontra. Jarraikortasun falta dute, baina taldearekin gustura dago Mendiola. "Lesioak izan ditugu, jokatu ditugun hiru partidak etxetik kanpo izan dira, eta aurkariak ez ziren errazak. Liceo Monjardinen kontrako azken partida eskura izan genuen, baina joan zitzaigun. Halakoak gertatzen dira eta halakoetatik ikasten da. Baina gustura gaude, taldean giro ona dugu, eta hori da garrantzitsuena. Partida bakarra irabazi dugu eta bi galdu, baina hurrengo partidak etxean ditugu eta emango diogu buelta".

Iazko talde bera da mutilen seniorra, baina berri ona dute: Unax Ijurra taldera bueltatu da. Iaz Valladolidera joan zen baina bueltan da, eta oso aktibo garrantzitsua da CBASK-endako. "Gauza batzuengatik edo besteengatik orain arte ez dugu taldea osorik izan, baina hemendik aurrera guztiak martxan gaude. Espektatibak onak dira". 

Gizonezkoen bigarren mailako liga oso borrokatua izango da, dauden emaitza estuak begiratzea nahikoa da horretaz jabetzeko. "Joan zen urtetik liga hobetu da. Faboritoak betikoak dira: Humiclima, San Ignacio, Noain, mailaz jaitsi den Larraona... Guk iazko talde berdina edo hobea dugu, eta, beraz, topera". Hain zuzen ere, azaroaren 8an CBASK-ek San Ignacio Nasabi hartu zuen Zelandin, eta partida oso estuan, 74-73 gailendu ziren altsasuarrak, azken segundoan sartutako saskiratzeari esker. Zazpigarren jardunaldian atseden jardunaldia du CBASK-ek, baina bigarren jardunaldian atzeratutako partida jokatzeko probestuko du. Horrela, Azaroaren 14an, 20:00etan, CBASK-ek sailkapenean zortzigarren eta arerio zuzena den Aranguren Mutilbasket hartuko du Zelandin.

"Neska seniorrak oso indartsu daude; mutilak, buelta emateko gogotsu"

Nesken seniorrak, bostik bost
Denboraldia indartsu hasi duena emakumezkoen lehendabiziko senior mailan ari den CBASK da. Bigarren jardunaldian Zumbathoia zela eta atzeratu behar izan zuen partida izan ezik, jokatutako beste bostak irabazi ditu. ´Bostik bost, ikusgarri. Azkena asteburuan, Universidad de Navarrari 59-39 irabazita. Aurretik Cantolagua, Lagunak, Burlata eta Navasket SF´Old hartu zituen mendean. Ez da harritzekoa, nesken seniorren CBASK talde sendoa baita, joan zen urtean Lauko Finalean hirugarren sailkatu zena. "Taldean aldaketak izan dira, gazteenetako batzuek taldea utzi behar izan dutelako, unibertsitate ikasketetara kanpora jo dutelako. Pixka bat nabaritu dute, talde motzagoa dutelako, baina neska pare bat bueltatu dira taldera, pixka bat beteranoagoak direnak, eta taldea orekatu da. Egia esan, talde polita dute, joan zen denboraldi bukaerako maila mantendu dute eta maila hori erakusten ari dira. Oso ondo ari dira". 

Iritzi berekoa da Eneko Casteig. Taldeko entrenatzaileetako bat da, Aimar Azpirozekin eta Iker Claverrekin batera. "Oso pozik gaude. Gainera lehenengo garaipena iazko txapeldunen etxean izan zen, Navasketen kontra. Datozen bi asteetan bi partida gogor ditugu aurretik, baina oso gogotsu gaude" dio Casteigek. 

Liceo Monjardin da emakumeen lehen senior autonomikoko liderra (12 puntu) eta CBASK bigarren da (10 puntu), partida bat gutxiagorekin. Hain zuzen ere sailkapeneko bi buruek elkarren kontra jokatuko dute zazpigarren jardunaldian. Liceo Monjardinek azaroaren 15ean CBASK hartuko du, 18:00etan. Lidergoa dute jokoan. 

Gainontzeko taldeak ere martxan daude. "Juniorrek denboraldi zailagoa dute. Iaz haien adinekoekin eta gazteagoen kontra jokatzen zuten, eta aurten kategoria berrian daude, sarritan beraiek baino helduagoen kontra. Iaz bigarren mailako kadeteen mailan txapeldunak izan ziren eta aurten jubeniletan zailagoa dute, baina ikasten ari dira. Eta txikitxoak berdin, ongi hasi dira".

Taldeen arteko lotura
Klubak martxa ona darama. Babesleak badituzte, eta juntan aldaketak izango dira, aurki egingo duten asanbladan erabakiko direnak. Gabonetako aurkezpenean aurkeztuko da batzorde berria. "Festa polita izaten da. Txikiak eta helduak elkartzea, bereziki gaztetxoenendako, polita da". 

Argi dagoena da saskibaloi jokalariak eta klubak pasta berezikoak direla. Kirol guztietan inplikazioa ezinbestekoa da taldeek aurrera egin ahal izateko, baina saskibaloian agian bereziagoa da. "Bai, gustatuko litzaidake hala pentsatzea; pozten nau eta harro egotekoa da. Gure taldeak oso konektatuta egotea lortu dugu, helduen taldeak bereziki. Jokalarien eta entrenatzaileen artean dagoen giroa ezin hobea da, eta hori jokalariek duten inplikazio horretan nabaritzen da. Laguntzeko grina dago, txikien taldeak entrenatzeko eta partidak arbitratzeko gogoa, eta eskertzekoa da”. 

Saskibaloiak duen ezaugarrietako bat da haurrak partidetara autobusez joaten direla. "Gurasoei lana errazteaz gain, talde guztia partidara batera joatea oso polita da. Sortzen diren oroitzapen politenak autobuseko giro horretan izaten dira".