KANTARI lehenengo aldiz Altsasun egingo da, azaroaren 21ean, ostirala, Iortia kultur gunean, eta Aitor Agiriano Arrese proiektuaren koordinatzaileak askotan lehena izatea espero du. Abao komunikazio taldeak, Guaixe Fundazioak eta Altsasuko Udalak antolatu dute proiektua "arrakasta handiarekin": guztira, 70 gaztetxok eman dute izena, hamazazpi taldetan banatuta. Proiektuak ibilbide luzea dauka, duela hemezortzi bat urte sortu zen Debagoienan, eta Gipuzkoan eta Araban zabaldu ondoren, Nafarroara helduko da, Altsasura; Bizkaian ere ospatuko dute laster euskal kantuen festa handia.
Goiena Komunikazio Taldeak abiarazi zuen proiektua, duela ia bi hamarkada: "Gure helburua edo gure lanaren oinarria euskara izanda, zergatik ez aisialdian eta kultur transmisiorako herrietako gaztetxoenekin kantuen festa bat antolatu?". Kantari proiektuak, beraz, hainbat helburu dituela azaldu du Agirianok, besteak beste, euskaraz kantu bat lantzea, gurasoen arteko harremanak sendotzea eta gaztetxoek erreferente dituzten (Go!azen eta Irabazi arte, esaterako) horiek bezala, aukera hori ematea "izar bat izateko". Laburbilduz, "euskal kulturaren transmisioa gaztetxoekin lantzeko proiektu bat da". Garai bateko kantuak eta gaur egungoak landuko dituzte.
Proiektua "txikitasunetik" hasi zen eta gaur egun Debagoienatik kanpo handitasuna hartu duela azaldu du Agirianok: "Honen sekretua bada bidelagun toki hedabideak, euskara elkarteak eta ikastetxeak ditugula". Proiektuaren baitan izen emate bat dago, prozesu luze bat, eta emanaldiaren aurretik ere "egin behar diren lanak" daude, "bidelagun pila bat izan ditugu". Debagoienatik kanpo ateratzeko "beharra" ikusita, Beasainen, Donostian, Urretxu-Zumarragan, Gasteizen eta abar ospatu dira dagoeneko euskal kantuen festa. Altsasura heldu arte. "Nafarroara ere zabaldu behar genuen, eta Guaixeren bidez eta Altsasuko Udalaren laguntzarekin oso egokia ikusi genuen". Aurtengo parte hartze "arrakastatsua" ikusita, ikuskizuna urtero ospatzeko aukera aipatu du koordinatzaileak. Izan ere, Debagoienan dagoeneko ohitura bihurtu da. "Hainbat lekutan elkarlan hori kontuan hartuta oso arrakastatsua izan da. Proiektu familiarra da, ikusteko erraza, gozamenerako; baina jolas horretan helburu horiek betetzeko balio duena".
Arrakasta
Horrelako proiektu bat antolatzea "ez da erraza izaten". Azken urteetako esperientziarekin ikasten joan direla azaldu du Agirianok: "Parte hartzaileekin, ikastetxeekin... Denok ikasten dugu eta hobetzen joaten gara. Parte hartzaileak eta gurasoak entzuten ditugu, eta hobetzen joaten gara". Prozesua emanaldia baino hilabete batzuk lehenago hasten da, "izena ematea zabaltzen da, eta hor ikastetxeak izaten ditugu bidelagun; 7 eta 12 urte bitarteko gaztetxoei aurkezten diete, gurasoei, eta taldeak osatzen laguntzen dute, animatzen dute". Izena eman ondoren, antolakuntzak datu base bat osatzen du eta kantuen zozketa egiten dute. "Adin tarte bakoitza ere kontan hartzen dugu, ez delako berdina 8 urterekin edo 11 urterekin kantu bat egitea; kantu batzuk aproposagoak dira". Ondoren, abesti horien eskubideak lortu behar dira, "lan handia dago".
"Eskertzekoa da gurasoek eta ikastetxeek hartzen duten inplikazioa"
Parte hartzaileek beraien kabuz prestatzen dituzte kantuak: "Bideo bat bidaltzen diegu informazio guztiarekin, zein kantu egokitu zaien, kanturako lotura eta entseguaren eguna, ordua eta tokia. Gauza bera emanaldi egunarekin". Entsegu orokorra azaroaren 7an izan zen, eta talde bakoitzari ordu bat egokitu zaio. "Entseguan kantua bi aldiz egingo dute: lehenengoan kantua osorik, eta bigarrenerako aholkuak ematen dizkiegu, arazoren bat badute laguntzen diegu...". Prozesu luzea da, "eta koordinazioa eta inplikazioa" behar dela esan du. "Azkenean eskertzekoa da gurasoek eta ikastetxeek hartzen duten inplikazioa". Gaztetxoek ere "ilusio handia" dute, "baita urduritasuna eta lotsa oholtza gainean agertzeko ere". Gurasoek batzuetan umeek bezain ondo edo hobeto pasatzen dutela esan du proiektuaren koordinatzaileak.
KANTARI ikuskizuna azaroaren 21ean izango da, eta lau emanaldi izango dira; sarrera doakoa izango da, eta aurretik jakinaraziko da gonbidapenak nola lortu. Ez da txapelketa bat: "Garrantzitsuena ondo pasatzea, aisialdian euskaraz jardutea eta euskal kantuen bitartez euskal kulturaren transmisioa egitea da". Emanaldiak pasata taldeen argazkiak eta saioak guaixe.eus webgunean ikusi ahalko dituzte gaztetxoek, gurasoek eta herritarrek.