Saretzen

Errentan, muturren artean, %23,38ko aldea dago

Alfredo Alvaro Igoa 2025eko azaroaren 28a

Etxarriarrak plazan. ARTXIBOA

Errenta pertsonala da pertsona fisiko batek urtean lortzen duen diru-sarrera multzoa. Sarrera horiek askotarikoak izan daitezke. EITBn eta euskarazko tokiko hedabideen elkarteak, Tokikomen, Saretzen proiektuak errentari erreparatu dio oraingoan.

Hego Euskal Herrian errenta pertsonal handiena dutenak gipuzkoarrak ziren 2023an, datuak dauden azken urtean. Bataz beste, gipuzkoarrek 19.616 euroko errenta pertsonala zuten 2023an. Bizkaitarrena 18.738 eurokoa izan zen, arabarrena 17.806koa eta nafarrena 16.423koa. Sakandarren errenta pertsonala 16.450 eurokoa izan zen. 2016tik sakandarren errenta 3.284 euro igo da, %24,94. Beraz, Sakanako errenta Euskal Autonomia Erkidegokoaren azpitik eta Nafarroakoaren gainetik dago.

 

Probintziaka aldeak dauden bezala, Sakanako udalerrien artean ere ez da homogeneoa eta errenta handieneko eta txikieneko herrien artean, Bakaiku eta Irurtzun, 4.518 euroko aldea dago. Esan bezala, errenta pertsonalik altuena duen herria Bakaiku zen. Bataz beste bakaikuarrek 19.322 euroko errenta pertsonala zuten, 2016an baino 4.663 euro gehiago, %31,81 gehiago. Ergoendarren errenta 18.907 eurokoa ze, baina 4.633 euro behera egin du, %19,68ko jaitsiera. Zazpi urte horietan Ergoienak populazioaren %4,01 galdu zuen. Atzetik dituzte urdindarrak (18.385, 3.765 euro eta %25,75 gehiago), irintarrak (18.219 euro, 3.500 euro eta %23,78 gehiago) eta arakildarrak (18.131 euro, 4.582 euro eta %33,82 gehiago).

Sakanako bataz bestekoaren gainetik daude iturmendiarrak (17.811, 5.022 euro eta %39,27 gehiago), etxarriarrak (17.212, 4.127 euro eta %31,54), arbizuarrak (17.200 euro, 3.600 euro eta %26,47 gehiago) eta ziordiarrak (17.169 euro, 3.795 euro eta % 28,38ko igoera).

Mediaren azpitik
Ibarreko errentaren bataz bestekoaren azpitik daude ubertearrak (16.490 euro, 3.856 euro eta %30,52), lakuntzarrak (16.334 euro, 1.497 euro eta %10,09 gehiago) eta altsasuarrak (15.986 euro, 3.338 euro eta % 26,39ko igoera). Aztertutako epean Uharte Arakilek biztanleriaren % 4,34 galdu zuen. Errenta pertsonalik bajuena dutenak dira olaztiarrak (15.693 euro, 3.440 euro eta % 28,07 gehiago), arbazuarrak (15.157 euro, 2.576 euro eta %14,53 gutxiago) eta irurtzundarrak (14.804 euro, 3.180 euro eta %27,36 gehiago). Bai Arruazuk (%6,20), bai Olatzagutiak zazpi urtetan populazioa galdu dute.