Altsasuko Udaltzaingoak koordinazio eta informaziorako VioGen sistemarako sarbidea du 2020tik. Hala erabaki zuen Altsasuko Udalak bere II. Berdintasun Planean jasotako neurri bati jarraituz. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzan genero indarkeriako testuinguruetan emakumeei polizia arreta emateko lankidetza protokolo berria sinatu zuen udalak abenduaren 15ean, astelehenean.
Orain sinatutako protokoloa aurretik udalarekin sinatutakoa ordezkatzen du. Izan ere, 2019tik lege aldaketak izan dira eta testua horietara egokitu behar zen. Bereziki Segurtasuneko Estatu Idazkaritzaren 1/2025 Instrukzio berrira, zeinak protokolo berri bat ezartzen baitu genero-indarkeriako arrisku-mailaren polizia balioespen eta kudeaketarako eta kasuen jarraipenerako, VioGen-2 sistemaren bidez.
Protokolo berri horri esker, udaltzainek VioGen sisteman sartzen jarraituko dute. Sistema hori segurtasun indarren arteko koordinazio eta informazio tresna eguneratua da, genero indarkeriaren biktima diren emakumeen banakako jarraipena eta ebaluazioa egiteko. Era berean, berritu egin da Udaltzaingoa VioGen sisteman sartzea arautzen duen hitzarmena, aipatutako instrukzio berrira egokitzeko.
VioGeni buruz
Genero indarkeriaren kasuetarako Jarraipen Integraleko Sistema tresna informatiko bat da, Barne Ministerioak 2007an abian jarri zuena. Helburua zen sare bat sortzea, lurraldeko edozein lekutan emakume bakoitzaren eta bere ardurapean dauden adingabeen jarraipen eta babes azkarra, integrala eta eraginkorra ahalbidetzeko. Biktimei buruzko informazio guztia biltzen duen datu base bat da, eraso berriak jasateko arrisku objektiboa baloratzeko eta babes neurri egokiak hartzeko.
Kasu aktiboak Nafarroan
Abenduaren 15ean, Nafarroan 2.134 kasu aktibo daude VioGenen, 2.070 biktimari eta 2.083 biktimariori dagozkienak. Kasu aktibo horietatik 136k arrisku egoeran dauden adingabeei eragiten diete.
Arrisku mailei dagokienez, muturreko arriskuko 2 kasu, arrisku altuko 27 kasu, arrisku ertaineko 315 kasu eta arrisku baxuko 1.790 kasu daude sisteman.