Altsasuko CBASK saskibaloi klubak 2025/2026 denboraldiko bere taldeak aurkeztu zituen ilbeltzaren 3an Zelandin antolatutako ekitaldian. Iosu Mendiola Marañon arbizuarra da klubeko koordinatzailea, eta 130 jokalari eta 22 entrenatzaile inguru dituzte. Aurten 11 talde dira, iaz bezala, baina nobedadea da aurten junior mailako bi talde dituztela, neskena eta mutilena. Haiei senior mailako nesken eta mutilen taldeak eta Nafarroako Kirol Jokoetan lehiatzen diren eskolako gainontzeko taldeak batu behar zaizkie. "Oso pozik gaude. Senior eta junior mailetan bina talde izan genituen azken aldia ez dut gogoratu ere egiten" azaldu zuen Mendiolak. Arbizuarra, aldi berean, mutilen seniorren taldeko entrenatzailea da.
Aritz Arbizu: "Aurreko juntak egindako lanaren jarraipena egiten saiatzen ari gara"
Aurkezpenaren ondoren, zozketak eta taldeen arteko jolasak eta partidak antolatu zituzten, eta tartean azken sei urteetan presidente izandako Xabier Ramirez de Alda Galarzak klubaren esker ona eta aitortza jaso zuen. CBASK-ek urrian egindako asanbladan Aritz Arbizu Aristizabalek hartu zion presidente lekukoa. "Animatu baino, guraso gisa halako ardurak hartzea dagokigu eta Xabierrek eta aurreko taldeak egindako lanaren jarraipena egiten saiatzen ari gara junta berrian gaudenok" nabarmendu zuen Arbizuk. Erkuden Plaza diruzaina da, Isabel Otamendi lehendakariordea, Eva Duran idazkaria, eta Susana Perez, Etorne Irigoien, Marta Lopez de Goikoetxea, Aitor Calleiras eta Intza Mendiburu juntakideek osatzen dute zuzendaritza. Gogotsu ekin diote lanari.