Sei urtez CBASK-eko presidentea. Ez da lan makala.
Juntak urtero berritzen dira CBASK-en, baina gauzak behar bezala egiteko denbora gehiago behar izaten da eta karguan jarraitzea eskatu nuen. Orain kluba esku onetan utzi dut. Bizitzan gauza gehiago daude, eta haiek ere zaindu behar dira.
Burunda Txirrindularitza kluba, esaterako.
(Kar-kar) Bai, seme txikia txirrindularia da. Egun, Burundako eskolen arduraduna naiz.
CBASK-en ibilbidean zer nabarmenduko zenuke?
Nesken senior taldea atera izana. Denbora asko zeramaten taldea atera nahian eta ez zuten lortzen. Presidente sartu nintzen urte berean horretan jarri ginen buru-belarri eta taldea ateratzea lortu genuen; oso harro nago. Bestalde, klubeko koordinatzaile aldaketa bizi izan nuen, Enrique Vilasetik Iosu Mendiolaren belaunaldi aldaketa.
"Kirol askotan aritu naiz, baina saskibaloiko giroa ezberdina da. Giro oso ona dugu, familia bat gara"
Jokalari kopuruan aldaketak egon dira urte hauetan?
CBASK-ek bi alor ditu, eskolena, kadete mailara artekoa, eta kluba bera, junior eta senior mailak hartzen dituena. Talde nagusiak handitzen ari dira, eta kirol eskolak, aldiz, jaisten. Futbolean izan ezik, gainontzeko kiroletan gertatzen den tendentzia da. Senior mailan bi talde izatea oso garrantzitsua da, txikiek jarraitu nahi badute bi talde erreferenteak etxean dituztelako. Pandemiarekin oso gaizki pasa genuen, baina taldea errekuperatu da, klubak aurrera egin du, eta hori da garrantzitsuena. Aldakin, Cocinas Lacunza, I-Fuel Narum Fisioterapia, Xabi Gorriz Microcapilar, Bulldozer Sakana eta Ane Cantero dira babesle nagusiak.
Talde nagusiak nola ari dira denboraldian?
Primeran. Junior mailako bi taldeak kategorietara egokitzen, eta bi talde nagusiak oso ongi. Mutilen seniorra oso talde orekatua da, jokalari gazte onak eta esperientzia dutenak baitaude. Euren artean harreman ona dute, eta giro oso ona. Nesken seniorrak berdin, talde ona dira. Gainera, mutilekin harreman handia dute. Kirol askotan aritu izan naiz, baina saskibaloiko giroa ezberdina da. Giro oso ona dugu, familia bat gara, eta nabarmentzekoa da.
Bizitza guztia kirolari lotuta.
Txikitan saskibaloian jokatu nuen, baina nire kirola txirrindularitza izan da beti. Txirrindularia izan nintzen, urte luzez txirrindularitza epailea izan nintzen. Orain Burundako eskolen arduraduna naiz, eta txirrindularitza zuzendari titulua atera dut.