Ohi bezala, Altsasuko urteko kinta bere burua jendaurrean ilbeltzaren 6an aurkeztu zuen. Hilabete eskas kinto ospakizunak iritsi bitartean.
Nola bizi izan zenuten zozketa?
Iñigo. Urduritasunez. Baina laurak lagunak eta ezagunak gara. Beraz, urduritasun hori gutxitzen joan zen kartak ikusi ahala.
Aurretik zuen senideren bat izan da buruzagia?
Ane. Gutako ez da batena ez da izan.
Generoka banatutako bi zozketa egin beharrean bakarra egiteko aukera mahai gainean izan zenuten?
Iñigo. Bai, baina erabaki genuen tradizionala izan dena egitea, neska alde batetik eta mutilak bestetik. Horregatik, besterik ez.
Hautaketatik hona, zer moduz?
Unai. Ondo. Ardura handia da. Lehen egunetik ari gara lanean.
Hainbesteko lana da?
Enara. Hasiera batean flasha da. Baina gero ez da hainbesterako. Pixkanaka antolatzen duzu, eta ongi. Lauren artean oso ongi moldatu gara.
Unai. Lehenengo egunetik Whatsapp taldea dugu.
Ane. Ezin isildu dabil.
Zer egiteko duzue?
Unai. Lehengo egunerako astoa hartzea. Bost egunetarako bazkari-afariak enkargatzea. Etxaju batzuk erostea. Opilak.
Enara. Lehen eguneko gosaria eta hamaiketakoa lotzea, musika...
Jantziak-eta, prest?
Ane. Azken aldian jendeak diru pila gastatu du, jantzi bat baino gehiago egiten ditu. Hori gutxitzen saiatzeko esan ziguten. Denok ospatzen saiatu behar garen festa bat izan behar du. Eta diru kontuengatik ez ospatzea, pena da. Bestela, azken momentuan bada ere, nik dena prest dut. Baten batek, badaezpada, atorra utzi dit.
Iñigo. Festak gero eta diru gehiago eskatzen du eta ezin da. Jende asko ezin egin gelditzen ari da. Bestela, jantziak prest ditut, bai. Niri makilarendako zintaren bat utziko didate. Pena da buruzagiek makilak gutxiago erabiltzen ditugula, guk bakarrik 09:30eraino eskatuko dugu. Bi ordu bakarrik.
Enara. Gero eta gehiago uzten dira jantziak. Bestela, diru pila da. Egun bakarrean erabili behar duzun hori besteei uzten ere saiatzen da jendea.
Zer moduz dantza entseguak?
Iñigo. Gutxinaka-gutxinaka hobetzen, baina, tira, ez hain txarto.
Enara. Ez gara plazan dantzatzekoak. Pixkanaka hobetzen joan gara, baina hasieran oso gaizki aritzen ginen.
Unai. Lehenengo egunean entseguak pixka bat gaizki atera ziren, baina, pixkanaka, ondo moldatu gara. Ondo dantzatzea espero dugu.
Kanpoan dauden kintoak nola moldatzen dira dantzak ikasteko?
Ane. Jendea saiatzen da ahal duen guztia etortzen, baina egia da jende asko kanpoan dagoela. Esate baterako, Madrilen ikasten ari den kinta ezin gehienetan etorri. Aurten ez dago entsegurik asteburuan. Beraz, irakasleek kintoendako bakarrik den bideo bat egin dute. Eta horrekin hemen ez daudenak ikasten saiatuko dira. Entsegutan otsailaren 3ra arte egonen gara.
Kinto helduagoak zuekin dantza entseguetan izan dira?
Iñigo. Kinto izan zirela 25 urte beteko dutenak egon ziren. Espero dugu dena ongi ateratzea eta ongi pasatzea.
Harmailetan ikusle pila.
Enara. Bai. Ostiraletan presio pixka bat sentitzen da. Gainerako egunetan askoz lasaiago entseatzen dugu. Jende asko etortzen da, baina ez ostiralean bezain beste. Asko nabari da. Esan ziguten, nahi izanez gero atea itxi genezakeela, baina beti bezala, zabalik utzi dugu.
Kafea hartzera ere elkartzen zarete.
Unai. Kinto ospakizunen aurreko larunbatetan. Elkar hobe ezagutzeko.
Ane. Guztien arteko harremanak sustatzeko, eta konfiantza hartzeko.
Unai. Orain artekoak oso ondo egon dira.
Otsailaren 5a bertan da.
Ane. Bezperan herrian barna kalejira egiten da, iluntzean. Eta bostean diru eskea egiten dugu. Horren zain gaude. Ea zer moduz doan guztia. Espero dugu lehen egunean ere dena ondo joatea.
Noiz hasiko zarete?
Enara. Gosaltzera 06:30 aldera elkartuko gara. Egia da batzuk pixka bat lehenago aterako direla eskatzera, baina, pentsatzen dut orduan izanen dela. Guk beste zeregin batzuk ditugunez, eskatu behar ez dugunez, ez dakigu gainerako kintoak nola moldatuko diren. Espero dugu herri guztia hartzea.
Unai. Saiatuko gara diru asko lortzen, dena ongi ateratzeko.
Horretarako estrategiarik baduzue?
Iñigo. Denbora asko eskatzen egotea. Eta espero dugu herriak ere laguntzea, zeren urtero lan handia egiten du, festak berak ordaintzen dituelako. Lehenego egunetik argi utzi genuen: festa guk ospatzen dugu, baina herriko festa da eta herriak ere goza dezala.
2025eko buruzagiekin egon zarete?
Enara. Bai, eta, egia esan, asko lagundu ziguten. Bazkariak baino, non afaldu zuten, zer moduz, zer egin behar genuen eta horrelakoak.
Gainerako kintoak eskatzen dauden bitartean zuek zer egin behar duzue?
Ane. Buruzagiok astoarekin eta txistulariekin joanen gara. Herrian barnako ibilbide bat dugu. Astoak zakutoak eramaten ditu eta haietan kintoek jasotako dirua sartzen dugu.
Iñigo. Eremuka banatzen gara, haiek hartu, jasotzean dantzatu eta komertzioetan-eta salduko ditugu, diru pixka bat lortzeko.
Zein dira zahato eramaileak?
Enara. Ezagutzen genituen bi eta haiek aukeratu genituen: Aimar Navarrete eta Amaiur Larrion.
Ostegunean berandu bazkalduko duzue, ezta?
Ane. Oso berandu.
Unai. Lehenengo egunean 17:00etan eta gainontzekoetan 15:30 edo 16:00etan bazkalduko dugu.
Foru plazan dantzatzera noiz agertuko zarete?
Iñigo. Ordutegi finkorik ez dago, egunen batean bazkaria pixka bat luzatu daitekeelako. Baina 19:00ak aldera izanen da. Egunero zeinek dantzatzen duen zerrendatuta dugu, eta bukatu arte han egonen gara.
Enara. Egunero lauzpabost bikotek dantzatuko dute.
Unai. Eta aurreneko eta atzeneko egunean zazpina bikotek dantzatuko dute zortzikoa.
Dantzaren ondoren, parranda?
Denak. Bai.
Enara. Gauerako tabernak aukeratu ditugu eta dena antolatuta dago: ostegunean, Lezean; ostiralean, Koxkan; domekan, Xumen eta astelehenean Haritzan.
Altsasuarrendako, eta ez direnendako, mezurik baduzue?
Iñigo. Etor daitezela. Festa oso polita da, gozatzeko. Gu dantzan ikus gaitzatela, eta nahi badute dantza dezatela. Bestetik, beste urtetan gertatu dena ikusita herria zaintzea oso garrantzitsua da. Goza dezatela festaz.