Altsasuko kintoek beraien ospakizuna otsailaren 5etik 9ra izanen dute. Egun horietan, arratsaldero, banan-banan, zortzikoa dantzatuko dute plazan. Dantzak ikasteko ilbeltzeko astegunetan Burunda pilotalekuan elkartu dira. Gaur dute azkeneko entsegua. Aitziber Etxaiz Soria, Edurne Gonzalez Somocurcio eta Nerea Mazkiaran Lopez de Muniain izan dituzte irakasle. Kintoen dantzan trebatzen ziren bitartean asko izan dira haien garapena frontoiko harmailatik ikusi dutenak. Adin guztietako ikusle ugari elkartu dira, bereziki ostiraletan.
Otsailaren 4an, asteazkena, Santa Ageda bezpera, mezaren ondoren, 20:00ak aldera, kalejiran aterako dira. Eta hurrengo egunean, goiz goizetik eskean ibili eta arratsaldean plazara aterako dira aurrenekoz aurtengo kintoak. 19:00etatik aurrera izanen da. Han, txandaka, zortzikoa dantzatzen hasiko dira otsailaren 9ra arte, astelehena.