Aje eguna izanen dute gaurkoan Altsasuko kintoek. Gorputzaldi eta emozio ajea, bost egunez festa handia egin baitute. Bere burua pontxo kinta gisa izendatu dute gazteek, harro gainera. Izan ere, miseria latza pasa zuten osteguneko kinto eskean: haizea, euria eta hotza. Plastikozko pontxoak jantzita ibili behar izan zuten kinto eskean. Eguraldiak ondorengo egunetan ere ez die gehiegi lagundu. Atzo atzeneko dantzaldiak egin zituzten Foru plazan. Bikote mistoak osatuz eta guztiak elkarrekin zortzikoa dantzatuz despeditu zuten plaza. Ondoren parrandak ordu txikiak arte iraun zuen.