Abenduaren 20an Irañetan jokatutako XXV. Sakanako Xake Txapelketan Oberena klubeko Iker Iturrioz Salazar altsasuarra hirugarren sailkatu zen. Egun 16 urtez azpiko mailan lehiatzen da, eta Aste Santuan jokatuko den Nafarroako Banakako Xake Txapelketan podiumean egotea da bere helburua, udan erabakiko den Espainiako Xake Txapelketan parte hartzeko.
Nola hasi zinen xakean?
Pandemian hasi nintzen, nire kasa etxean liburu batzuk irakurtzen. Aurretik xakeko piezak mugitzen banekien, baina hortik lehiatzera aldaketa handia dago. Ezagun bat genuen Iruñeko Oberena klubean, eta haren bitartez klubean sartu nintzen. Hortik aurrera trebatzen eta txapelketetan parte hartzen hasi nintzen.
Nola definituko zenuke xakea? Zer nolako kirola da?
Konplexua, pixka bat abstraktua. Boxeo mentala dela esaten da; definizio horrekin ados nago.
Zerk harrapatu zintuen gehien?
Lehenik eta behin, jendeak; xakean asko sozializatzen da, eta oso ongi dago. Gibelean sartuta, kirol oso abstraktua da, oso handia, mugimenduetan eta teorian bukaerarik ez duena; beraz, oso interesgarria da.
Zaila al da?
Zaila da, eta asko jakin behar duzu. Asko ikasi behar da, ordu asko sartu behar dira.
Partida guztiak ezberdinak dira, lantzen diren estrategiak ere bai. Horretarako, asko trebatu beharra dago.
Partidak hasiera edo "apertura" delakoekin hasten dira. Hasiera horiek buruz ikasten dira, eta xakelariak nahi duen hasieren errepertorioa egiten du. Hasieraren ondoren xakelari bakoitzak bere estrategia edo joko mota egingo du, eta posizioetarako planak jarri behar dira indarrean; joko erdiko planak deitzen zaie. Eta gero partida ongi itxi behar da, bukaera on batzuekin.
"Xakea boxeo mentala dela esaten da. Zaila da, asko ikasi behar da, ordu asko sartu"
Oberenan hasiko zinen plan eta joko hauek guztiak garatzen.
Hasieran ostiralero joaten nintzen klaseetara, Jesus de la Villarekin. Orain klubean jarraitzen dut, baina ez naiz horrenbeste joaten, bideodeiak egiten ditut. Irakasleek asko dakite eta ongi irakasten dute, baina klubarekin ez dut asko konektatzen. Bestalde, hamabost egunetan behin Nafarroako Xake Federazioko klase presentzialetara joaten naiz, igande goizetan. Klaseak kenduta, astero lau ordu inguru dedikatuko dizkiot xakeari.
Xakean ona izateko berezko dohainen bat izan behar da?
Intuizioa izan behar da, berezkoa dena, baina asko ikasten intuizio hori garatu eta zabaldu dezakezu eta asko hobetu. Beraz, biak behar dira, berezkoa den zerbait eta asko ikastea.
Xakean lehiatzen 2023an hasi eta handik gutxira, 2024an 14 urtez azpiko Nafarroako Banakako Txapelketan txapeldunordea izan zinen.
Xakean hasi nintzenean ordu asko sartzen nituen eta berehala salto handia egin nuen. Egun, mantentzen naiz; ez dut behera egin, ez dut jokoan beherakada izan eta ongi jokatzen jarraitzen dut, baina nire adineko jendeak salto bat eman du eta ni pixka bat atzeratuta geratu naiz.
Xakelarien maila ELO puntuazio rankingak zehazten du. Zenbat puntu dituzu?
1863 puntu, uste dut.
ELO puntuazioa etengabe eguneratzen da, txapelketak jokatu ahala. Hori presio handia izango da zuendako.
Bai, bada. Beste kiroletan helburua da partida edo txapelketa bat irabaztea, nolabait esateko, baina xakean, txapelketa irabazteaz gain, helburua da ELO puntuazioa mantentzea edo hobetzea. Izan ere, badago jendea agian txapelketa batean lehena sailkatzen dena baina ELO rankingean puntuak galtzen dituena.
Nola liteke?
Adibidez, irabazi duen horrek ELOko puntuazio rankingean galtzaileak baino askoz ere puntu gehiago baditu, nahiz eta partida irabazi, agian puntuak gal ditzake, taulan egin duenaren arabera.
"Xakea kirol abstraktua da, mugimenduetan eta teorian bukaerarik ez duena; xakea oso interesgarria da"
Esaterako, zuk 2000 puntu dituen bati irabaziz gero, zuri puntuak emango dizkizute meritua handia delako, baina 2000 puntu dituenak 1800ekoari irabaztea ez da meritutzat jotzen.
Halako zerbait. 100 puntutik 20 dira; hau da, 100 punturen diferentzia 20 ELO dira. Matematika purua.
Emaitzei erreparatuz, 2024an 14 urtez azpiko Nafarroako Banakakoan txapeldunorde izan zinen, eta 2025ean Sakanako Xake Txapelketan hirugarren.
Bai, Sakanako Txapelketa interesgarria izan zen, egindakoarekin kontentu geratu nintzen. Bestalde, iaz Nafarroako Neguko Txapelketan ere txapeldunordea izan nintzen.
2024an Oberenarekin NKJ-etako 14 urtez azpiko Nafarroako Taldekako Txapelketan txapeldunorde izan zineten. Taldekako txapelketetan parte hartzea gustuko al duzu?
Ez asko, egia esan, banakakoak ditut nahiago, baina taldeka jokatzea ere interesgarria da.
Internetek mundu berri bat ireki du xakean. Munduko edozeinekin edozein unean joka dezakezu, eta ikasteko lan tresna ona da. Ordu asko sartzen dituzu xakean online?
Egia esan, gutxi. Ez dut asko online jokatzen, ez zaizkit partida azkarrak gustatzen. Nahiago ditut partida luzeak. Partida azkarretan tentsio handia dago. Nahiago dut esertzea, altxatzea, ikustea pixka bat beste partida, gero berriz esertzea... lasai egon.

Zeintzuk dira aurtengo helburuak?
16 urtez azpiko Nafarroako Banakako Txapelketan podiumean sartzea espero dut, eta Espainiako Txapelketarako beka lortzea. Nafarroakoa Aste Santuko bigarren astean jokatuko da txapelketa, Oberenan edo Iruñeko erresidentziaren batean.
Modu berezian prestatuko duzu Nafarroako txapelketa? Horretan zentratuta zaude?
Txapelketa gerturatu ahala nahiko nuke irakasleak hasiera batzuk ematea, bukaera batzuk eta erdi joko batzuk, haiek ikasteko eta gero txapelketan erabili eta hala jokatzeko.
Aurretik Espainiako Txapelketaren batean parte hartu al duzu?
Bai, urtero joan izan naiz. Salto bat da, Espainiako Txapelketan maila handia dagoelako.
Orain arte zer moduzko lana egin duzu?
Ongi, beti ongi egiten ditut. Urduri jartzen naiz, baina urduri egotea ongi dago, horrela adi egoten zarelako.
Orain arte txapeldunordea izan zara, hirugarrena... salto txiki hori ematea falta zaizu, podiumaren goraino igotzeko.
Oso gutxi falta zait, bai. Nafarroako Txapelketa jokatzen dudanean espero dut salto hori ematea eta txapelketa ona egitea.
Salto horren atzean zer dago?
Ordu pila bat; asko ikastea, memorizatzea... horrela, momenturen batean zure buruak klik moduko bat egiten du eta saltoa emango duzu. Taulan gauzak eta mugimenduak ulertzen dituzula sentitzen duzu, halako zerbait.
Altsasuko Espejo taberna xakelarien bilgunea da. Sakanako gainontzeko xakelariekin bertan biltzen jarraitzen duzu?
Bai, batzuetan deitzen didate edo nik deitzen diet, biltzeko, eta arratsalde batzuk ematen ditugu Espejon, xakean.
Bertan Santi Gonzalez egon ohi da, sei aldiz Euskadiko xake txapelduna izan dena. Santi nola definituko zenuke?
Jakintsua. Espejon biltzen garenon maisua ote den? Agian pixka bat bai.

Nola ikusten duzu xakea Sakanan? Osasuntsu dago? Jende berria animatu beharko litzateke?
Ez dago xakeko mugimendu asko, baina espero dut denborarekin handitzea. Ea elkarrizketa honekin norbait animatu eta xakean hasten den.
Norbaitek xakean hasteko laguntza eskatuz gero, lagunduko al zenuke?
Ez dut nire burua irakasle gisa ikusten, baina lagunduko nuke. Laguntzearren, klase batzuk ematea ez litzaidake axolako.
Zure kategorian beste xakelari sakandarrik al dago?
Helduetan bai, baina gazteetan, nik dakidala, oraindik ez. Norbait animatzea espero dut.


GALDERA AZKARRAK
Pieza txuriak ala beltzak?
Beltzekin partida gehiago irabazi ditut.
Superstiziosoak zarete?
Ez nuke esango. Bakoitzak baditu jokoa hasteko hasiera batzuk, gustuko dituenak eta beti sartzen dituenak. Halako gauzak, agian. Nik hasiera batzuk beti erabiltzen ditut.
Piezarik gustukoena?
Zaldia, pieza bakarra bada. Bi piezak badira, alfilak.
Jokatu duzun txapelketen artean zein izan da bereziena edo gustukoena?
Benidormekoa.
Zure ametsetako txapelketa? Non ariko zinateke gustura?
Menorcako Openean.
Xakea ez da ohikoa den kirola. Zure lagunek txantxak egiten dizkizute xakean jokatzen duzulako?
Gutxi, dagoeneko ohitu dira (kar-kar).
Oso jakintsuak omen zaretela, ospe hori duzue xakelariak. Edo ez da horrenbesterako?
Xakelarien artean ez, baina gero kanpoko pertsonekin bai.
Friki asko daude xakearen munduan?
Nire adinekoen artean ez, ez nuke esango.
Nor miresten duzu?
Mijail Tal asko gustatzen zait. Munduko txapelduna izan zen, eta jokatzeko modu oso arraroa zuen, oso interesgarria. Gaur egungo xakea ez dut asko kontsumitzen, baina agian Hikaru Nakamura aipatuko nuke.
Xakean lagun asko egin dituzu?
Asko. Txapelketetan jendea oso soziala da. Jendea anima dadila xakera, asko sozializatzen da.