Herri ihote altsasuarra

Guaixe 2026ko otsailaren 18a

Iluntzeak mozorro festa ekarri zuen.

Ehundaka altsasuarrek herri ihoteko segizioan parte hartu zuten. Maskaritak, momotxorroak, akerra, sorginak, juantranposoak, ereintza eta zaku eta arropa zaharrez jantzitako jende uholdea Altsasuko kaleetan barna ibili zen. Ohi bezala, segizio guztiak elkarrekin dantzatu zuen momotxorroen dantza. Ondoren, parranda luzatu egin zen.

Ihoteak bisitari ugari erakarri zituen beste behin. Horrek autoak herrian aparkatzeko buruhausteak sortu zizkion bati baino gehiagori. NA-2410 errepide bazterrak Ondarria industrialdearen luzera guztian ia aparkatutako autoz beteta egon ziren.