Azken zigorra beteta, bukatu da Altsasuko auzia

Guaixe 2026ko martxoaren 9a

2016an egindako manifestazioa. ARTXIBOA

Azken auzipetuak, Julenek, otsailaren 26an bete zuen zigorra. 

Julenek dagoeneko bete du Espainiako auzitegiek Altsasu Auziagatik jarritako zigorra. Lau terrorismo deliturengatik, 50 urteko espetxe zigorra eskatu zuen fiskaltzak hasieran Julenendako. Espainiako Auzitegi Nazionalak 9 urteko espetxe zigorra ezarri zizkion, 3 urte agintearen agenteen kontrako delituagatik eta 6 hiru lesio delituengatik. Epaitegi bereko apelazio salak zigorra berretsi zuen. Azkenik, Espainiako Auzitegi Gorenak 7,5 urteko zigorra ezarri zion, 2,5 eta 5 urte hiru lesio deliturengatik. Espainiako epaitegietako bidea 2019ko lastailaren 9an itxi zen. 

Guardia Civilak bitan atxilotu zuen Julen. Aurrena 2016ko azaroaren 14an. 36 egun preso egon ondoren epaiketaren zain baldintzapean aske utzi zuten. Atxilotu zuten hurrena 2018ko garagarrilaren 5ean izan zen. 2021eko garagarrilaren 22tik zigorra kalean betetzen ari zen, kontrol neurriak betez. Preso egon zen bitartean Alcala Meco, Soto del Real eta Zaballa espetxeetan izan zuten. Kartzelan egon diren gainontzeko auzipetuek hirugarren graduaren bidez gelditu ziren aske. Julenek, berriz, baldintzapeko askatasunean bete du zigorraren azken zatia. Guztira 3.391 egun egin ditu zigorpean. 

Altsasuko auzian auzipetutako zortzi gazteei, guztira, 50 urte eta zortzi hilabeteko espetxe zigorra jarri zieten. Gainera, adin txikiko bat auzipetu eta zigortu zuten. Hura ere Espainiako Auzitegi Nazionaleko adingabeen salak epaitu eta zigortu zuen. Zigorra betea du.