Altsasuko CBASK saskibaloi klubean historia egin dute. CBASK Narum Fisioterapiak mutilen bigarren mailako Lauko Finala irabaztetik hamabost egunera, maiatzaren 10ean CBASK Xabi Gorriz Micropigmentacion taldeak nesken lehen maila autonomikoko Lauko Finala irabazi zuen. "Ez sinesteko modukoa da, egia esan. Ikaragarria izan da" azaldu du nesken senior taldeko Eneko Casteig entrenatzaileak. Berarekin batera, Aimar Azpiroz eta Iker Claver dira taldeko entrenatzaile.
Asteburu borobila izan zuen CBASK nesken senior taldeak. Bigarren urtez jarraian jokatu dute Lauko Finala. Iaz, Lauko Finalera sailkatzeagatik "denboraldiko sorpresa" izan zirela uste dute altsasuarrek, CBASK nesken taldea 2022an sortu baitzen, "ahalegin handiz", eta play-offetako arerioa "oso zaila" zelako. Iaz hirugarrenak izan ziren Lauko Finalean, baina aurten, sailkatzeaz gain, finala irabazi dute: nesken lehen maila autonomikoko txapeldunak dira. "Oso pozik gaude".
Aurten egoera ezberdina izan da. Ligan hirugarren sailkatu da CBASK, 26 partidetatik 20 irabazi eta 6 galduta. "Liga hasieratik sendo aritu gara, lehendabiziko sailkatuen artean. Hala ere, denboraldia dirudiena baino gogorragoa izan da, jokalari gutxirekin egon garelako, lesioak eta beste. Neska gutxi dira, eta askok kanpoan ikasten dutenez, sarritan hiruzpalau jokalarik bakarrik entrenatu ahal izan dute. Baina oso jokalari onak ditugu, taldeak denboraldi bikaina egin du eta pozik eta oso harro gaude". Jokalarien kalitatea nabarmendu du. "Meritu handiena jokalariena da".
Ezezkoa, akuilu
Lauko Finalak Teresianetan jokatu ziren, Navasket SF´Old taldearen etxean. "Guk federazioari Lauko Finala Altsasun egitea eskatu genion, hainbat arrazoi argudiatuz. Gurea talde ona da, baina talde motza aldi berean, jokalari gutxi ditugulako. Une honetan liga irabazi dugu, baina ezin dugu ziurtatu datorren denboraldirako taldea izango dugunik; hau da gure urteroko borroka. Horregatik eskatu genion federazioari Lauko Finala Altsasun egitea, herriak finala herrian ikustea garrantzitsua zelako, neskei ikusgarritasuna emateko, haurrek herrian bertan emakume erreferente oso onak dituztela ikusteko, nesken saskibaloia sustatzeko... baina ezezkoa jaso genuen".
Ezezkoa, nolabait, CBASK-endako akuilu izan da. "Disgustua hartu genuen, baina uste dut amorru hori gure alde egin, eta Lauko Finalean indartsuago jokatzeko erabili genuela".
Navasket eta Liceo
CBASK-ek Lauko Finaleko finalerdian ligan bigarren sailkatutako Navasket SF´Old izan zuen aurkari, bere etxean. "Nahiz eta guk liga erregularrean euren kontrako bi partidak irabazi, bagenekien finalerdia oso berdindua izango zela, talde gogorra delako. Bagenekien partida estua izango zela". Parez pare ibili ziren bi taldeak. "Hirugarren laurdeneko momentu batean pixka bat beltz ikusi nuen; baina partida bukaeran lasai aritu ginen, ongi, eta garaipena lortu genuen". 54-47 irabazita, 7 punturengatik CBASK final handira iritsi zen, lehendabiziko aldiz.
Final handia Liceo Monjardinekin jokatu zuen CBASKek, liga erregularrean lehena sailkatutakoarekin. "Final zaila aurreikusten genuen, Liceok liga hasieratik bukaeraraino erabat dominatu zuelako, 26 partidetatik 23 irabazi eta soilik 3 galduta. Bagenekien oso zaila izango zela, baina horrek agian gure alde egin zuen, presiorik gabe atera ginelako".
Eneko Casteig: Meriturik handiena jokalariena da; talentu handikoak dira, oso onak"
Eskertuta
Hasieran Liceok aurrea hartu zuen. "Lehenengo laurdenaren bukaeran eta bigarrenaren hasieran 11 puntu gora jarri ziren, baina atsedenaldira ongi iritsi ginen, eta aldea asko moztu genien". Azkenean 58-53 gailendu ziren altsasuarrak, 5 punturen aldearengatik, bizpahiru saskiratze. "Hala da, bukaerara arte ez genuen argi". Bozinak jo, eta eromena barreiatu zen. "Altsasutik jendea etortzea espero genuen, baina ez horrenbeste. Finalerdietan harmailetako bi heren gureak ziren, eta finalera jende pila bat etorri zen. Mutilen taldeak pankarta erraldoi bat egin zuen. Jende asko mugitu zen eta oso eskertuta gaude".
Ligako txapeldunen trofeoa jaso, eta jokalariek txapela bana oparitu zieten entrenatzaileei. "Ez genuen espero, oso detaile polita izan zen". Altsasura bidean, Sanduzelain geldialdia egin zuten. "Sanduzelaikoak ez ziren finalera iritsi, baina harreman polita dugu eurekin. Bonboekin egin ziguten harrera, oso eskertuta gaude".
CBASK-eko nesken eta mutilen senior taldeek primerako harremana dute. "Martxoan sagardotegira joan ginen elkarrekin; nesken taldea mutilen finalera joan zen, eta mutilena nesken finala ikustera. Maiatzaren 23an elkarrekin ospatu genuen, Altsasun". Norbaitek trofeoa ikusi nahi badu, Lezea tabernan dago. "Ongi zaintzen gaituzte".
Erabakiak hartzeko garaia
Ligako titulua irabazita, mailaz igoko den edo ez erabaki beharko du talde altsasuarrak. "Lehenik eta behin, taldeak jarrai dezala, hori da erronkarik handiena. Bestalde, igotzeko asmoa izango bagenu ere, ez da erraza, saskibaloian mailaz igotzean dena asko garestitzen delako, beste probintzietako taldeekin jokatuko genukeelako. Ongi aztertu beharko dugu. Momentuz, disfrutatzera".
Talde ederra da nesken CBASK seniorra. "Oso harreman ona dute, eta finalean piña handia izan dira; elkar babestu dute. Jokalarien talentua oso handia da. Horregatik irabazi dugu, jokalari oso onak ditugulako. Taldea Altsasun dagoen bitartean denek bertan jokatzeko asmoa dute eta eskertzekoa da, edozein taldek nahiko lukeelako guk ditugun jokalariak izatea".