Astekaria

200 mendizale baino gehiagok Hiru Mendi Zerren edertasuna goraipatu zuten

Maider Betelu Ganboa 2026ko maiatzaren 26a

Sakandar askok parte hartu zuten mendi martxan.

Mendizaleek Urbasa-Andia, Aralar eta Altzania batu zituzten.

Altsasuko Mendigoizaleak klubak maiatzaren 16an antolatutako XVII. Hiru Mendi Zerrak martxan 276 mendizalek eman zuten izena, baina 60 gutxiago agertu ziren 7:00etan Altsasuko Iortia plazako irteerara, bezperako eguraldi kaxkarrarengatik. Baina eguraldiak eutsi egin zuen, ez zuen euririk egin, eta mendi martxan aritu zirenek gozatu ederra hartu zuten. Lokatz asko, baina ibiltzeko primeran zegoen. 

Iazko ibilbide berbera zen, "baina zertxobait laburtu genuen, eguraldiagatik. Ibilbide Luzekoek Lizarragako San Adrian baseliza inguruan buelta hartu zuten. Ez ziren, iaz bezala, Lizarragako porturaino heldu. Etxarri Aranazko portutik jaitsi ziren Bakaikura; eta Ibilbide Motzekoak Bakaikuko portutik jaitsi ziren Bakaikura" azaldu du antolakuntzako Jesus Guineak.

Paisaia ikusgarriak
Guztiak batera abiatu ziren Urdiainerantz, eta portutik gora Urbasa Andiara igo ziren. Santa Marinan aurrera eginez, Hiru Haitz, Baiza eta Lizarragako San Adrianera iritsi ziren Ibilbide Luzekoak (45 km, 1543 m+). Bakaikuko hornidura gunean indarrak berreskuratu, eta beste aldera jo zuten, Aralar aldera. Izkibiletik Bernoa eta Intxusburu lotu zituzten, eta Balankalekutik Sorozarretara jaitsi ziren, segidan Altsasuko helmugara jotzeko, Burunda pilotalekura. 

Ibilbide Motzekoak (25 km, 817 m+) Hiru Haitzetara heldu eta gero, Bakaikura jaitsi ziren, eta Izkibiletik Sarabeko haitzera heldu, eta Urdiaingo igerilekuetatik jo zuten Altsasura. "Ibilbidea zoragarria da, egia esan. Mendizaleek Sakanan ditugun paisaia eta ikuspegiak paregabeak zirela nabarmendu zuten" gaineratu du Guineak. 

Hiru Mendi Zerren beste ezaugarrietako bat prestatzen duten hornidura bikaina izaten da. Aurten magrak tomatearekin, haragi gisatua, txistorra, fruta, jogurtak, fruitu lehorrak, gozoak eta denetarik zegoen. Altsasuko hornidura gunean, aipatutakoez gain, kafesnea. "Bakaikuko horniduran magrak bukatu ziren, eta alde horretatik barkamena eskatu behar dugu". 

Ez zen ezer larririk gertatu, eta Hiru Mendi Zerrak arrakastatsua izan zen, beste behin. Altsasuko Mendigoizaleak taldearendako lan handia da, baina ilusioz antolatzen segitzen dute. Datorren urtean, gehiago.

Erlazionatuak