Corazonisten bi ingurumen proiektu jasangarri estatuko txapelketan finalistak

Guaixe 2026ko ekainaren 3a

Ekokoras boluntario taldeko kideak. UTZITAKOA

Energia berriztagarriei eta biodibertsitateari buruzkoak izan dira finalistak

Ingurune hurbilean ingurumen inpaktu positiboa duten ekintza proposamenak jasotzeko deialdia egin zuten PortAventura World Eskola Lehiaketako antolatzaileek. Lehiaketak bost sail zituen eta, guztira, 220 proposamen baino gehiago jaso zituzten. Haien artean Sagrado Corazon ikastetxeko ikasleenak, lehiaketako sail bakoitzera proposamen bana aurkeztu zuena. Lehen Hezkuntzako 5. mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailara bitarteko ikasleen lanak ziren. Epaimahaiak proposamenak baloratu ondoren, Sagrado Corazon ikastetxeko bi ekimen finalista izan dira. "Jasangarritasunaren eta ingurumenaren zaintzaren alorreko eskola ideia eta ekimen onenak saritzen dituen hezkuntza-lehiaketa prestigiotsuan, ikasleen talentuak, kontzientzia ekologikoak eta talde lanak garrantzia handiko aitortza lortu dute", adierazi du ikastetxeko proiektu ordezkari Josune Perezek. 

Energia berriztagarrien sailean Chispitas taldeak aurkeztutako Irribarreak pizten leloa zuen proiektua izan da finalista. Taldea. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek osatu zuten. Planetan aztarna uzten duten energia tradizionalen ordez iturri garbikoak erabiltzea proposatu zuen taldeak. Perezek azaldu duenez, "beraien proposamenaren ideia da berezko energia garbia sortzeko gai diren ikasgelak egitea, ikasleen ongizatea eta ikaskuntza erraztuko duen ingurune eroso bat sortzeko". 

Biodibertsitate saileko lan onenen artean nabarmendu da Las Biodivas taldearen lana. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleek osatu zuten taldea. Haien proposamenak "bainu energetikoak edo baso-bainuak" izeneko kontzeptuan oinarritu zuten, eta eskola etapa guztietara egokitu zuten. "Proiektua naturan bost zentzumenekin murgiltzeko gonbidapena da; sakon arnastuz lasaitasuna eta poza esnatzeko, eta gertuko ingurumenean naturagunean deskonexio osasuntsua sustatzeko", azaldu du ikastetxeko ordezkariak.

Ekokoras
Lehiaketak honako sailak zituen: energia garbiak, ekosistemen babesa, zero hondakinak, klima aldaketa eta itsas hondakinak. Sagrado Corazon ikastetxeko bost taldeek aurkeztutako ekimenek ikus-entzunezko azalpen proposamen bana zuten. Perezek esan duenez, "bost taldeek maila tekniko eta sortzaile oso altua erakutsi zuten". Horregatik, "ikastetxetik publikoki eskertu eta baloratu nahi izan dute ikasle guztiek aste hauetan erakutsitako inplikazio, ahalegin eta ilusio handia".

Perezek azaldu duenez, "ideia horien guztien atzean eskola orduak ez ezik, ikastetxe osoak konpartitzen duen ingurumen bokazio sakona dago. Parte hartzaileak Ekokoras taldeko kide dira. Talde hori ingurumen boluntariotza egiten du eta ikastetxeko edozein ikaslek har dezake parte nahi izanez gero, adin-mugarik gabe, Lehen Hezkuntzako ikasleetatik hasi eta DBHko 4. mailaraino". Taldea "adin mugarik gabeko motor berdea" gisa definitu dute. 

Aurretik ere, Sagrado Corazon ikastetxeak ingurumen arloko sariak jaso izan ditu. Esate baterako, Ecoembes Jasangarritasunaren aldeko 50 ekimenak saria, Atresmediaren Hezten duten ekimenak saria edo Felix Rodriguez de la Fuente fundazioaren enArbolar saria. "Beraz, ikasleek ingurumen-gaietan lortutako arrakasta ez da kasualitatea", nabarmendu du Perezek. 

Hala ere, PortAventura World lehiaketan lortutako aitortza ikastetxearendako une berezian iritsi da, aurten mende bateko ibilbidea ospatzen ari baita. Ikastetxeko ordezkariak azaldu duenez, "mende horretan zehar Sagrado Corazon ikastetxeak Altsasurekin batera eboluzionatu du, hezkuntza-proiektu hurbil eta integratzailea sendotuz". Aipatutako aitortzek "agerian uzten du mende bat betetzea, batez ere, Sakanako ikasgeletatik etorkizuna eraikitzen jarraitzeko aukera bat dela".

Ikastetxea zabaldu zela ehun urte bete direla ospatzeko urtean zehar jarduerak eginen dituztela jakinarazi dute zentroko ordezkariek. Aurrenekoa inauterien ingurukoa izan zen, otsailaren 13an. Sagrado Corazon ikastetxeko guraso elkarteak garagarrilaren 6rako antolatutako ikasturte akaberako festan oihartzuna izanen du mendeurrenak.