Astekaria

Euskaraz idatzitako hiru grabatu agertu dira Altsasuko elizako paretan

Alfredo Alvaro Igoa 2026ko ekainaren 3a

Grabatutako hiru idatziak su itzalgailuraino iristen dira kasik.

Hiru idatziak XVII. mendean idatzitakoak dira. Orduan ez zegoen eliz etxerik eta kaletik irakur zitezkeen. Mezu moralak zabaltzeko garaiko "slogan" modukoak lirateke.

Hiru grabatuak

Ezkerrekoa

Testu gela batean dago. Baina ezkerrean hitzak falta ditu, harria gastatuta dago. Deuteronomio 6. kapitulua, 6. bertseta dio oin oharrak.
         NOLACOA
HIEL
          ETA ALAVA
PROTECTOREC
ANCO DIRALA



Erdikoa

Testu zati bat gelan dago eta bestea eskaileraren azpian. Egilearen izena ez da ikusten, 23. kapitulua, 12. bertseta dio oin oharrak.
ESPIRITU SANTUAREN SENTENCIA
IURAMENTU EGVILEAGAN
ETA VERE ECHEAN
EZTA PLAGA FALTADUCO
EMENDA DEDIN ARTEAN


Eskuinekoa

Eskaileren azpian dago, lehen solairuko eskailera buruan. Timoteoren 8. bertseta dela dio oin oharrak.
GENTILA BAINO GAIZTOAGODA,
VCACEN DV FEDEA,
GVRASO ONDO NAI EZ TEVENAC
CRIATV VERE UMEA

 

Apaiz etxeko lanek euskaraz idatzitako hiru testu utzi dituzte agerian. Lehenengo solairuan daude testu horiek eta dozena bat metroko luzera hartzen dute gutxi gorabehera. Ezkerretan dagoen testua gela batean dago. Erdiko testua gela horren eta eskaileraren artean dago. Testu hori zizelkatutako gurutze baten azpian dago. Azkeneko testua, eskuinekoa, lehen solairuko eskailera buruan dago kasik. 

Ekaitz Santazilia Salvador lakuntzarra Hizkuntzalaritzako doktorea da, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea eta euskaltzain urgazlea. Grabatuak bertatik bertara ikusteko Altsasuko elizan izan zen asteartean. Santaziliak azaldu duenez, "Testamentu Zaharretik eta Berritik hartutako eta moldatutako pasarteak dira halakoak. Ez dira testu literalak. Eta nahiko ohikoak izan ziren Kontrarreformaz geroztik: bereziki XVII. mendearen bukaeran". Altsasukoak garai horretakoak direla uste du Santaziliak. Gaineratu duenez, "eliza eta etxe garrantzitsu askoren fatxadetan ageri dira halakoak: Aragoin, Bizkaian, Araban, Gipuzkoan, Errioxan, Nafarroan... Kontrarreformaren estrategia bat izan zen, moral kristaua zabaltzeko".  Santaziliak argitu duenez, "bereziki ohikoak dira 'En la casa del que jura no faltará desventura' edo 'la maldición de la madre abrasa y destruye de raíz hijos y casa', baina baita Altsasun duguna ere". Hala ere, agertu diren hiru grabatuen berezitasuna nabarmendu du: "nik dakidala, euskaraz dauden bakarrak dira. Gainerakoak beti gaztelaniaz aurkitu izan ditut, are Urretxu bezalako leku arras euskaldunetan. Eta susmatzen hasia naiz Burundan bazela euskara idatziz erabiltzeko giro berezi bat XVII-XVIII. mende horretan, beste adibide bakanak ere badirelako, beste inon ikusi ez ditudanak". 

"Testamentu Zaharretik eta Berritik hartutako eta moldatutako pasarteak dira"

Altsasuko parrokiaren liburuetan ikertu beharko da jakiteko zeinek agindu zuen testu horiek elizako fatxadan, lurretik bospasei metrora, zizelkatzea. Santaziliak aipatu duenez, halakoak egitea garaiko "goi klasekoen artean moda bat " izan zen. "Etxean halakoak jartzeak kristau moralaren defendatzaile irudia ematen zion jabeari. Eta elizan idatzita, zer esanik ez. Kristautasunaren agerpen publikoak modan jarri ziren garai barrokoan, eta hau ere halako zerbait da". Testua idatzi bai, baina hura irakur zezakeenik izan zitekeela dio Santaziliak: "Altsasu pasabidea da eta izan da, eta beti egon da elite alfabetatu bat. Kontrarreformaz geroztik, eliteak herri xehea hezteko ardura zuelako ideia asko indartu zen, eta heztea hori zen: moral kristauaren oinarriak hedatzea. Halako mezuak elite alfabetatuek irakur zitzaketen, baina arazorik gabe azaldu irakurtzen ez zekienari: oso mezu efektistak ziren". Santaziliak datuak jaso eta ikerketa abiarazi zuen. 

Estrofak
Jose Luis Erdozia Mauleon Euskal Filologian doktorea eta euskaltzain urgazle etxarriarra da. Berak ez du aukera izan grabatuak bertatik bertara ikusteko, argazki bidez baizik, eta "boteprontoan" eman du iritzia. Ezkerreko grabatuan dagoen HIEL hitz bakarrari erreparatu dio. Euskaraz  behazuna, "bekatuarekin eta sufrimenduarekin lotzen dena Biblian, ondoren datozenen gaia izan daitekeena", azaldu du Erdoziak. Gaineratu duenez, "badirudi idazkunen segida HIEL gaiarekin hasten dela, herri kanta itxura duena ondoren, bost lerrokoa jarraian eta lauko handia amaieran". 

"Badirudi segida HIEL gaiarekin hasten dela, herri kanta itxura duena ondoren"

Azken horren, eskuineko grabatuaren inguruan, Erdoziak uste du egilea hamar eta zazpi silabatako lerroak egiten ahalegindu zela. Erdikoaren neurria desberdina dela azaldu du Erdoziak. Lehenengo lerroa 11 silabatakoa eta gainerakoak zortzi eta seikoak. Ezkerrean kontserbatzen den grabatuan Erdoziak bost, bost, lau eta bost silabako lerroak neurtu ditu. Ezkerrekoan eta eskuinekoan lerro pareetan dago errima, erdikoan, berriz, hirugarren eta bosgarren lerrotan. 

Hizkuntza
Erabilitako euskarari erreparatuta, Santaziliak, lehenik, oharra egin du: "ezin dugu tranparik egin, ezin dugu testua gaur egungo Burundako hizkerarekin lotu, ordukoarekin baizik. Izan ere, Burundako euskara azken mendeetan aldatu egin da".  Erdoziak eskuineko grabatua Altsasuko XX. mendeko euskara ekarri du: Jentila baindo gaiztuoo da bee umia ondo azi nai ez dauen guasua, fedia ukatzen dua (dio). Baita euskara batura ere: Jentila baino gaiztoagoa da bere umea ondo kriatu (hezi) nahi ez duen gurasoa, fedea ukatzen du (dio).  

Santaziliak azpimarratu duenez, "grabatuak orduko Burundako euskaraz dakigun apurrarekin, ez du ezer bertakoa ez dela pentsatzera garamatzanik. Hori bai, maila jasoko testua da, eta idatzia, beraz, baliteke ahozkoan eta ohiko jardunean egiten ez ziren ezaugarriak izatea. Hori ere espero izatekoa da: euskara oso bizirik zegoen garaian, erregistro desberdinak egotea, eta zeinek bere ezaugarri bereizgarriak izatea". Santaziliak aipatu du orduko Altsasu inguruko testu zaharrak aztertu beharko liratekeela, "Arabakoak batik bat". Idatziak XVII. mendekoak direla jakiteak, Erdoziari bere Altsasuko euskara liburua (2006, Altsasuko Udala eta Sakanako Mankomunitatea) ekarri dio burura. Haren azken atalean Altsasuko bikarioa eta Burundako alkatearen arteko auzia 1648. urtean euskarazko dokumentua aztertu zuen. Orduko testua eta oraingo grabatuak ikusi ondoren, Erdoziak dionez, "egia esan, ez dira oso antzekoak grafiari dagokion heinean behintzat". 

Ezaugarriak 
Bi hizkuntzalariek grabatuak idazteko garaian erabilitako euskararen ezaugarriei buruzko balorazio azkarra egin dute GUAIXEk eskatuta. Eskuineko grabatuan zentratu dira. Santaziliak "gauza interesgarriak" ikusi ditu. "Izen ondoko erlatibozko perpaus bat dugu: 'guraso ondo nahi ez duenak kriatu bere umea'. Horiek galduak daude gaur egun. Orain 'bere umea ondo kriatu nahi ez duen gurasoa' esango genuke, baina testu zaharretan, maila jasoan batik-bat, franko ageri dira eta egitura hori emankorra izan da iraganean, Euskal Herri osoan".

Santaziliaren iritziz, "adizkia ere, 'ez deuena', interesgarria da. Forma zaharragoa da "deu" "du" baino, eta Mendebal zabal osoan gorde da (dau edo deu), gaur egun arte (Bizkaia, Araba, Gipuzkoa hegoaldea eta Nafarroako Mendebala). Duda daiteke, gainera, singularra ala plurala den: deu (du) ala deue/debe (dute). Nik uste singularra dela, baina luze joko luke zergatia azaltzeak..."

Lakuntzarrak gaineratu duenez, "'gaizoago' artikulurik gabe agertzea ere lehenago euskararen ezaugarria da. Halakoak Euskal Herriaren Ekialdean dira gaur egun ohikoagoak, baina testu zaharretan orokorrak dira. Emeki-emeki joan da artikulua halako egituretara zabaltzen". Azkenik, Santaziliak 'ondo' hitzari erreparatu dio: "Mendebal zabalean dagoen forma da: Gipuzkoako leku bakan batzuetan eta Burundatik eskubitara hasten da "ongi"ren eremua, baita garai zaharretan ere".

Erdoziak grafiari erreparatu dio eta zenbait ezaugarri nabarmendu ditu. Batetik, N osoak (baNo, vcaceN) eta hurrengo hizkiarekin elkartutako N-ak daudela (oN o, N i, teveN  c). Bestetik, V, u-ren eta behin egungo b-ren ordez agertzen dela (vcacen dv, gvraso, tevenac [duenak], criatv, vmea, vere [bere]). Horrekin batera, Erdoziak nabarmendu duenez, "C erabilia dago kontsonante herskari belarea denean (tevenaC, Criatu), eta baita txistukari afrikatua izanik ere, vCaCen [ukatzen])". Beste bi grabatuak idazteko "oso antzeko grafia" erabili zutela adierazi du. Eta bi horietan nabarmentzekotan, zera nabarmendu du: "behin bakarrik dago /m/ kontsonante sudurkaria hurrengo bokalarekin lotua: aM". 

Etxarriarrak 1648ko dokumentuko ezaugarriak gogorarazi ditu. Batetik, "ze hautsia edo “cedilla” ageri da barra-barra: çurequi, çatoz, çaçu, çaitu, çuc, norc, çara, çure, çerda…" Bestetik, "herskari belarea hitzaren amaieran C da: çuc, suc, guztioc, amoreagatic, orrec…, baina elizatiq, hoquerrorreq, çeurq". Baina "herskari belarea hitzaren barnean Qu da: çurequi, oquerr, oquerrorrequi… ". Horretaz aparte, "/u/ bokal itxia ageri da beti". Aldi berean, testu hartan nabarmendu da "/b/ ezpainkaria ere, batean ez beste guztietan ageri da". Azkenik, Erdoziak esan duenez, "bestela, elizakoan partikula konparatzailea bano da (ez baoino) eta 1648koan, aldiz, baño da". 


Idi begia

Altsasuko parrokia etxeko lanek agerian utzi duten bestea idi begi edo leiho borobil bat da. Eskaileraren parean dago, bigarren solairuan. Metro bat inguruko diametroa du eraberritze lanek agerian utzi zuten zuten leiho borobila.

Erlazionatuak