Iturmendi eta Aritzaga ermita artean zegoen gurutze-bidea 1.712koa da, “goiztiarra” Ezpilleta elkarteko Mikel Markotegi Ijurkoren esanetan. Baina Iturmendiko gurutze-bidearen berezitasuna da gurutzeak euskaraz idatziak daudela. Gurutzearen alde batean Jesusen pasioari dagokion estazioa dago. Eta beste aldean gurutzea egiteagatik ordaindu zuten iturmendiarraren izen-abizenak daude idatziak. Berezitasun horiek guztiengatik Iturmendiko gurutze-bidea ziurrenik euskaraz idatzitako lehena izan zen.
Harrizko gurutzeak nahiko hondatuak daudenez, idatzitakoa aztertzeko nahiko lan izan zuten Markotegik berak eta Nicolas Arbizu Gabirondok, Iturnemdiko historian aditua denak. Horretarako argi txuri oso indartsu batekin aritu ziren. Idazkera alderatzeko aukera ere eman die Pilara ermitako ate gaineko idatziak. Garai berekoa da eta hobe kontserbatua dago.
Lau gurutzetako idatziak azaleratu dituzte, baina ez guztiz. Arbizuk XVIII. mende hasierako iturmendiarren zerrenda begiratu behar du eta horrela osatzea falta diren izen-abizenak zein diren jakitea espero dute. Esaterako, badaki Joaquin de Mendia Iturmendira ezkondu zen urdiaindar bat zela. Arbizuren susmoa da Curtederia etxeko Jofeph de Galartzarekin lotura duela gurutze-bideko euskarazko idatziak, bere etxeko armarrian ere euskarazko idatzi bat baitago. “Ia 40 urtez Iturmendiko apaiza izan zen eta euskararekiko interesa zuela dirudi”.
Idatziak
Estazioa Alde batean Bestean
V. C…… gundu (ce?)n(e?)an Antonyo de goyechea…
VII. Gurucearequin bigarrenean erori Nicolas de Zufiaurrec eguin arazia
VIII. Jerusalengo alabac consoladu zioten Pedzo juaquin de mendia año 1712
XI. Jesuchristo gure juan(a?) (da?)go guruce(an?) ylzez josiri(c) ++m+guel de [g]oicoe[c]hea Y echeuerr[i]++g+
Gurutze-bideak Sakanan
Lakuntzan badaude gurutzeak. Etxarrin desagertu egin ziren Zugarretako etxeak egitean, baina bakarren bat gelditzen da. Bakaikun kalbariokoa gelditzen da. Pabilioiak eta bestelako eraikuntzak egin direnez, Iturmendiko gurutze-bideko gurutzeak Pilara eta Aritzaga ermiten inguruan pilatuak daude. Olatzagutian, hilerrian, kalbarioa gelditzen da, armas cristhi eta guzti. Ziordian, berriz, mendebaldeko sarrera egitean kendu zuten gurutze-bidea.
Gurutze-bideez
Berez zegoen bakarra Lur Santuan zegoen, bekatuak barkatzen zituen bakarra zen. XVII. mende akaberan, 1.688an, Aita Saindu batek frantziskotarrei euren elizetan gurutze-bideak errepikatzeko aukera eman zien. Kontzesio hori jaso ondoren frantziskotarrek gurutze-bideak egiteko emate gehiago egin zituen. XVII. mende akaberan eta XVIII. mendeen hasieran gurutze-bideen gorakada izan zen.
Dagokion erromatar zenbakia idatzia duen harrizko gurutzeak dira bidea osatzen dutenak. Normalean azkenak armas cristhi delakoak edo Kristoren pasioan sartzen diren elementuak zituen zizelkatuta (iltzeak, eskailera, kurrika, mailua, zigorra…)