Tra, edo tradizioa. Tra, edo trantsizioa. Tra, edo transformazioa. Tokiko merkataritzaren izaera adierazten dituzten adjektiboak TRA ekimena ekarri du. Naroa Irizarrek eta Joseba Ortigosak sustatuta, moda desfile soil bat baino gehiago izan nahi zuen.
Hitzorduari hasiera pilota partida batek eman zion. Pilotajauku pilota taldeko lau pilotari txikik zortzi tantoko partida jokatu zuten. Haiek kantxa uztean argiak itzali ziren eta kontrakantxak hartu zuen protagonismoa. Haren luzeran, joan-etorrian ibili ziren modeloak. Larka, Tu Tienda Especial, ML Emakumea, ML Gizona eta Iker Kirolak dendek beraien modeloak arropaz jantzi zituzten. Akeita kafetegiak kafe zakuekin jantzi zituen, eta modeloek publikoari produktuen dastaketa eskaini zieten. Gertu Sakana burdindegiko modeloak lanerako jantzita eta lanerako eta eguneroko bizitzarako beharrezkoak diren produktuak eskutan atera ziren. Azkenik, Lorea Loredendak bere modeloak landarez egindako jantziekin jantzi zituen.
Burunda pilotalekuko kontrakantxako pasarelan hogei izan ziren ibili ziren modeloak: Raquel Benito, Mirian Goikoetxea, Josune Galartza, Irune Garisoain, Nerea Palomino, Nerea Cano, Leticia Goñi, Nagore Erdozia, Nagore Cid, Ainhoa Imaz, Arrieta Trevejo, Cheick Mbacke Lo, Aimar Araña, Aimar Igoa, Egoitz Duarte, Mor Dior, Asier Apaolaza, Ousmane Seme eta Bathie Fall. Moda desfilearen erdian Etorkizuna Dantza Taldeak zainetatik elikatzen den koreografia garaikidea dantzatu zuen.
TRAk gaur, garagarrilak 5, du segida. Sakanako merkatariek parte hartzen duten bideo bat eman eta gonbidatu bereziekin osatutako mahai-inguru bat izanen da. Hitzordua Iortia kultur gunean da, 18:30ean.