LAIA ikerketa taldeak Diasporaren ahotsak: euskal emigrazioa Ameriketara. Testigantzak, ibilbideak eta testuinguruak (XIX-XX mendeak) izeneko nazioarteko sinposioa antolatu du Altsasun gaur eta bihar. Iortia kultur gunean migrazioaren inguruko ikerketen berri emateko hitzaldiak eta mahai inguruak eginen dira.
Ekitaldiari hasiera eman berri diote Javier Ollo Martinezek, Altsasuko alkateak, eta Ana Ollo Hualdek, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak. Azken horrek iragana ezagutzearen, ikertzearen eta jakintza zabaltzearen garrantzia azpimarratu du. Azkenik, Laia elkarteko Asier Barandiaranek, besteak beste, adierazi du badagoela “zer ikasi eta baloratu aurretik egindako migrazioez, egungoari erreparatzeko eta laguntzeko”. Ondoren hizlariek txanda hartu dute.