Astekaria

"Almitzako Gazteen Sega Liga irabaztea, eta denbora onekin... pozik nago"

Maider Betelu Ganboa 2026ko uztailaren 22a

Harri Mitxelena Mazkiaran altsasuarra, Almitza Gazteen XVII. Sega Ligako podiumaren gorenean. ALMITZA ELKARTEA

Gazteen Sega Liga irabazteaz gain, Nafarroako 3. mailako Aizkora Txapelketan mustu da Harri Mitxelena Mazkiaran altsasuarra.

Mitxelena-Mazkiaran herri kirolarien sagari beste partaide bat gehitu zaio, etxeko txikiena, Harri. Berriki aizkolari lanetan ikusi dugu altsasuarra, Oier anaiaren alboan, baina Bixente aitaren zaletasuna badu ere, sega, eta ez hori bakarrik: mutilen Almitza Gazteen XVII. Sega Ligako sailkapena irabazi du.

Segalaria eta txapelduna. Hori da hori denboraldia ongi hastea!
Bai, nahiko ongi, egia esan. Liga irabaztea, eta denbora onak eginez... Pozik nago.

Betidanik gustatu izan zaizkizu sega eta aizkora, edo aita segalari ezaguna izateak eta anaia segan eta aizkoran fin aritzeak eragina izan du?
Txikitatik segan ibiltzen nintzen, eta bestelako gauzetan ere bai. Berez gustukoak ditut, baina pentsatzen dut inguruak ere eragina izango zuela.

Sega edo aizkora, zein izan zen lehena?
Lehena sega izan zen. Sei-zazpi urterekin hasi nintzen, baina gero utzi behar izan nuen. Urteetara anaia aizkoran hasi zen, eta ni iaz animatu nintzen. Urte bat baino gutxiago daramat aizkoran pixka bat serioago entrenatzen. Leitzan aritzen naiz, saralegitarrekin, anaia bezala.

Zein kategorian lehiatzen zara?
16 urte ditut, urrian 17 betetzeko. Segan 18 urtez azpiko mailan nago, 14-18 urte bitartekoan, eta aizkoran, berez, ni ez nago adin tarte konkretu baten barruan. Esaterako, Nafarroako 3. mailako aizkora txapelketan nahi duenak ematen du izena, ez dago adin mugarik.

SEGA
Almitza Gazteen XVII. Sega Ligan zenbat probek puntuatzen zuten?
Aurten bi egunetako probak izan dira. Bat Nafarroan, Beramendi-Basaburuan, ekainaren 13an, eta bestea Gipuzkoan, Bidania-Goiatzen, uztailaren 5ean. Gazteen mailan egin beharreko lana 5x7 metroko saila bat moztea zen, hau da, 35 m2ko azalerako belarra moztea.

Zein da zure estrategia? Suabe hasi eta gero erritmoa azkartu, hasieran indartsu hasi eta gero mantsotzen joan, ala beti erritmo berean aritu?
Beti erritmo berdina mantentzen saiatzen naiz, baina gehienetan hasieran pixka bat azkarrago hasten naiz, eta bukaera aldera pixka bat gehiago estutzen saiatzen naiz, ahal dena. 

Segan zer da zailena?
Zailena txukun moztea da, moztu gabeko belarrik ez uztea. Halakoak nahiko zigortzen dira. 

Belarra mozterakoan izan beharreko postura eta egin beharreko mugimendu hori lortzea ez da erraza izango. Bakoitzaren sega mozte estiloa lortzea kostako da.
Bai. Sega gehienbat teknika da. Heldulekuaren arabera, gehiago makurtu behar zara, ala ez.

Aitarekin ikasi zenuen, Bixente Mitxelena segalari handiarekin?
Bai, aitarekin ikasi nuen. Orain gehiago gurekin aritzen da, entrenamenduak direla eta beste; aurten ez da lehiara atera.

Aurten etsairik amorratuena beroa izaten ari da. Sega ligako bi proba horiek jokatzerakoan hala izan zen?
Bero dezente egin zuen, bai. Horrek nahikotxo zaildu egiten du, gehiago nekatzen zarelako.

"Segan zailena txukun moztea da, moztu gabeko belarrik ez uztea"

Aurten zure lehendabiziko aldia zen sega txapelketa horretan?
Ez, aurreko urteetan aritu izan naiz. Duela bi urte txapelketa irabazi nuen, baina orduan ez zen 18 urtez azpiko kategoria. Kategoria hau iaz sortu zen, Europako Txapelketetako mailara egokitzeko. Aurretik ez dakit nola markatzen zen; haurren maila, halakoren bat izango zen. 

Aurten, 18 urtez azpiko Gazteen mutilen sega txapelketa irabazi duzu (120 puntu), Xuban Gartziaren (117 puntu) eta Aner Zunzunegiren (117 puntu) aurretik. Irabaztea espero al zenuen?
Alde batetik bai, arerioak bi urte gazteago direlako eta adin hauetan diferentzia nahikoa delako, baina pozik, denbora onak egin nituelako. 

Europako Sega Txapelketa datorren urtean jokatuko da, bi urtez behin izaten delako. Almitzak Europako Txapelketetarako selekzioa aurkezten du. Bertan sartzeko itxaropena al duzu?
Bai. Normalean kategoria bakoitzeko bi onenak hautatzen dituzte hara joateko, eta aukera badut. Hortxe egon naitekeela uste dut. 2027ko abuztu erdialdetik aurrera jokatuko da, Italiako iparraldean. Polita izango litzateke Europakoan aritzea, esperientzia ederra. Austria, Suitza eta herrialde horiek dira selekziorik indartsuenak, nahiko ongi aritzen dira. Euskal Herriko selekzioa, antzera. Iaz emakumeen txapelketa irabazi genuen. 

Denboraldia despeditu al duzu?
Bai, printzipioz bukatu dut. 

AIZKORA
Oier anaia ikusgarri ari da aizkoran. Berriki Izar Berriak Binakako Txapelketa irabazi zuen Jakes "Izeta V"-arein bikotea osatuta. Hain zuzen ere biek bikotea osatu zuten Urdiaingo festetako erakustaldian, Joan Goikoetxearen eta Jon Erdoziaren kontra. Zu gaztetxoenen erakustaldian aritu zinen, Eneas Irigoienekin eta Urko Zufiaurrerekin. 
Anaia oso ongi ari da.Urdiaingo erakustaldian gustura aritu nintzen; hurrengo egunean Sega Ligako azken proba nuen jokoan. 

Sanferminetan jokatutako Nafarroako 3. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketan hamabost aizkolari lehiatu zineten, tartean zu zeu, Eñaut Oiarbide eta Joan Goikoetxea. Tamalez, ez zineten lehen bost postuetan sailkatu, abuztuaren 15eko Arantzako finala jokatu ahal izateko. Nola ikusi zenuen zure burua?
Bi kanaerdiko ziren, eta nire lehendabiziko proba garrantzitsua zen. Beno, nire burua ez nuen oso-oso ongi ikusi. 

Zergatik? Oraindik asko duzulako ikasteko? Beroagatik gaizki pasatu zenuelako? Egurrengatik?
Azkenean, pixka bat dena. Oraindik denbora gutxi entrenatua naiz, bero handia egiten zuen eta eta luze egin zitzaidan.

"Sanferminetara jende aurrean aizkoran aritzen ohitzera joan nintzen"

Zure burua probatzeko plaza polita zen: Iruñea, sanferminetan.
Bai. Jende aurrean aizkoran aritzen ohitzera joan nintzen. 

Eñaut Oiarbide bosgarren postuan sartzeko zorian egon zen, baina kanpo geratu zen. Valverde, Goldarazena, Benito, Erice eta X. Mitxelena finalerako sailkatzea espero zenuen?
Egia esan, ez nuen ideia askorik, ez baititut askotan mozten ikusi. Kanporaketan egongo zen maila nolakoa izango zen ez nekien oso ongi. 

Aurten beste txapelketaren bat duzu begiz jota?
Printzipioz aurten ez dut txapelketa gehiagorik egingo. Erakustaldiren bat, aldiz, baietz pentsatzen dut.

Zenbatetik behin entrenatzen duzu?
Astean gutxienez bitan, astearteetan eta ostegunetan, Leitzan. Larunbatetan eta igandeetan, batzuetan, tarteka. Udan antzeko martxa daramagu, urte guztian berdintsu. Saralegitarrak irakasle onak dira, gustura aritzen naiz. Behar dena estutzen digute, pixka bat.

Zu horren sasoitsu ikusteaz asko pozten gara. Gurasoek, zuen atzetik nahiko lan, ezta? (kar-kar)
(Kar-kar) Bai, gure atzetik dabiltza pixka bat, gu probetara eta entrenamenduetara eramaten eta beste.