Alokairuko 21 etxebizitza babestu zozketaz esleitzeko prozesua ireki du

Guaixe 2026ko irailaren 2a

Alokairurako egindako 21 etxeetako bat. ARTXIBOA

Alokairurako etxebizitzak dira. Zozketa irailaren 22an egingo da eta zuzenean jarraitu ahal izango da streaming bidez.

Nafarroako Gobernuaren Nasuvinsa enpresa publikoak Altsasun egindako 21 etxebizitzak esleitzeko prozedura ireki du, irailaren 10era arte. Ualdera eta Amandrea kaleen izkinan dagoen eraikineko etxebizitzak alokairu erregimenekoak dira. Foru administrazioak jakinarazi duenez, etxebizitzen esleipena notario aurrean egindako zozketa bidez eginen da. Zozketa irailaren 22an egingo da eta zuzenean ikusteko aukera izanen da. Emaitzak hurrengo egunetan jakinaraziko dira), eta esteka honen bidez zuzenean jarraitu ahal izango da. 

Nasuvinsak Altsasun eraikitako babes ofizialeko 21 etxebizitzetatik hamahiru alokairurako dira (lau bi logelakoak eta bederatzi hiru logelakoak). Beste bi etxebizitza genero indarkeriaren biktimendako erreserbatuta daude eta atzeneko zortzi etxebizitzak gazteei alokatuko dizkiete (logela bakarreko hiru eta bi logelako bost). 

Erreserba orokorrean daudenen artean egingo da zozketa, eta lau multzotan banatuko dira adinaren eta sustapeneko udalerrian erroldatuta dauden ala ez kontuan hartuta. Hala, bereiziko dira erroldatuta dauden gazteak (35 urte edo gutxiagokoak) eta 60 urte edo gehiagokoak; adin tarte horietakoak baina erroldatu gabeak; erroldatutakoak; eta gainerakoak. Eskatzaile bakoitzak dagokion taldean baino ezingo du parte hartu, eta errolda-eskaeran zehaztu zuen logela-kopuruarekin bat datozen etxebizitzak baino ezingo ditu eskuratu.

Aldaketak sarbide baldintzetan 
Etxebizitza babestuak sarbide-baldintza guztiak bete eta eskatzaileen erroldan izena emanda daudenen artean esleituko dira. Esleipen prozesu berri horrek, gainera, aldaketak ekarri ditu etxebizitza babestuen sarbide-baldintzetan. Hemendik aurrera, alokairu batera sarbidea izateko gutxienez 5.000 euroko diru sarrerak izatea eskatuko da, babes ofizialeko etxeak erosi ahal izateko 19.000 eurokoak eta babes ofizialeko etxebizitza tasatuak erosteko 24.000 eurokoak. Gainera, 100.000 euroraino igo da eskatzaileek ondare-eskualdaketetatik izan ditzaketen diru-sarreren zenbatekoa.

Bestalde, familia unitateen ikuskera ere zabaldu egin da, eta aintzat hartu dira, seme-alaba komun batekin batera elkarrekin bizi diren bizikideak, nahiz eta ezkontza-loturarik ez egon eta formalki bikote egonkorrik ez eratu.