Altsasuko Udalak Iortia kultur gune pareko espazioari izena ematea erabaki du: Felipe Lecea Larrea plaza. Udalak erabakia agorrilaren 26ko bilkuran hartu zuen. Erabaki horrekin, "azkenik, Felipek beti merezi izan zuen omenaldia izanen du", adierazi du Javier Ollo Martinez alkateak. Gaineratu duenez, "Lecea iruditeria kolektiboan lan onaren adibide gisa egotea merezi duen altsasuarra izan zen, eta, horregatik, udalak eta herriak, oro har, beti merezi izan zuen omenaldia eskaini behar diogu". Lecearen ekintzailetasuna eta Altsasurekin zuen konpromisoa nabarmendu ditu. Zor bat kitatzearen sentipena adierazi du ere. Izendapen berriak Iortia kultur gunearen posta helbidea aldatzea ekarri du: Frontoi zeharbidean egotetik Felipe Lecea Larrea plazan egotera pasa da.
Lecearen emaztea, Josefina Arregi, Alzheimer gaitzarekin gaixotu zen. Eritasuna gertutik bizitzeak Leceari arrasto handia eragin zion. Horregatik, bere dirua Alzheimerra eta bestelako dementziak dituzten pertsonei zuzendutako klinika bat egitera bideratu zuen. Horretarako, lehenik, bere izena zuen fundazioa sortu zuen 1993an. Josefina Arregi klinika piskogeriatrikoak 1994an zabaldu zituen ateak. Bide horretan guztian Leceak Vicente Madoz psikiatraren laguntza izan zuen.