Idatzita ez dagoen ohitura bati jarraituz, Altsasuko Udalaren ordezkaritza duten taldeen artean txandakatzen dute festei hasiera emateko etxajua pizteko ardura, eta aurten EH Bilduri zegokion. Alderdiak Komunitatea Ehuntzen eta Altsasuko Osasun Publikoaren Aldeko Plataformari eman zien, irailaren 10ean, txupinazoa pizteko ardura. Bi kolektiboen ordezkaritza izan zen Gure Etxeako balkoian.
"Oso pozik eta eskertuta" jaso zuten Osasun Publikoaren Aldeko plataformako kideek Altsasuko txupinazoa botatzeko proposamena, Joxean Donlo plataformako kideak txupinazoaren aurretik azaldu zuen bezala: "Herrigintzaren eskutik errekonozimendu hori izateagatik". Osasun publiko, kalitatezkoa eta unibertsalaren alde lan egiten dute, "gehienbat lehen arretan, herritarrengandik gertuen dagoena", eta aktibismo sozial hori balorean jartzea oso garrantzitsua dela gaineratu zuen: "Gustatuko litzaiguke jendeak gehiago parte hartzea aktibismo sozialaren alderdi guztietan: hezkuntza, osasuna...".
Komunitatea Ehuntzen prozesuaren aldetik ere "errekonozimendu oso handia" dela esan dute Oihane Armendariz eta Ainhoa Llamas egitasmoaren sustatzaileek. Llamas: "Hainbeste denbora gauza txikiak egiten, egunerokotasunean ikusten ez diren gauzak, bilerak, dinamikak prestatu eta parte hartzen duen jendearekin elkartu... Herrian horren garrantzitsua den festen hasieran islatzea ilusio handia ematen du". "Beldurra" ere ematen duela gaineratu zuen gizarte langileak, "ardura hori badugulako".
Txupinazoa botatzeko proposamena "sorpresaz" hartu zutela azaldu zuen Armendarizek: "Hasieran petit comitean esan ziguten ea gustatuko litzaigukeen Osasun Publikoaren Aldeko plataformarekin batera piztea, eta, esandakoa, hainbeste hilabeteko lanaren ondoren errekonozimendu hori eskertzen da". Zerbait "oso ona" dela gaineratu zuen Llamasek: "Batez ere parte hartzen duen jendeak ikustea horren parte dela". Ez zuen inoiz pentsatu txupinazoaren egoera horretan egotea. Armendariz: "Nik ezta. Uste dut gure lan hori eta inplikazio hori islatzen dela, eta ilusioa ematen digu".
Errekonozimendua garrantzitsuena dela gaineratu zuen Donlok: "Zerbait egiten duzuenean eta erantzun sozial hori dagoenean errekonozimendu hori baduzu, baina maila honetan izatea ere oso garrantzitsua da". Donlok aurretik Altsasuko festen hasierako txupinazoaren unetxo horretan izan da, "eta ez diot horren garrantzirik ematen"; "borroka" soziala balorean jartzeari garrantzia ematen dio. "Hori mundiala iruditzen zait". Jarraitzeko gogoa ematen duela gaineratu zuen: "Dena dela, adin bat daukat, eta atzetik jendea etortzea gustatuko litzaiguke".
Altsasuko txupinazoa izan aurretik argi zuten Gure Etxeako balkoitik helaraziko zuten mezua; Armendariz: "Zaila egiten zaigu esan nahi dugun guztia segundo gutxia esatea, baina gutxi gora behera baditugu horrelako puntuak: errekonozimendua eskertzea eta jendea sistema publikoa eta komunitarioa defendatzera animatzea eta inplikatzea; Eta gure partetik jarraitu parte hartze eta zaintza komunitario hori sustatzen maila guztietara".
Donlok Komunitatea Ehuntzen egitasmoak lantzen duen aspektu sozio sanitarioa goraipatzeko baliatu du: "Oso garrantzitsua iruditzen zait. Prebentzioa da. Medikuntzan zuzenean diagnostikoa eta tratamendua ematen dute, pastillak, baina aurretik osasun ohiturak sustatzea ezinbestekoa da". Bestetik, txupinazoaren une horretan ere "sufritzen" duten herriak gogoan izango zituela esan zuen: "Gora Kuba, Gora Sahara, Gora Palestina eta gora munduko herriak oihukatuko nuke. Barruan dudan zerbait da".
Altsasuko udaletxea obretan dagoenez, txupinazoa Gure Etxeako balkoitik izan zen: "Oso ideia ona iruditu zaigu jende gehiago sartzen delako, eta nahi genuen ikustea jende askok parte hartzen duela prozesu honetan". Armendariz eta Llamas aritzen dira "ahotsa" ematen, baina Komunitatea Ehuntzen proiektuan jende asko aritzen dela islatu nahi izan zuten txupinazoan. Gainera, balkoia "herritik" gertuago dagoela sentitu zuten ere.
Festak
Normalean txupinazoa "lasai" hartzen du Donlok: "Lasi ikusten dut; gustatzen zait jendearen zoriontasuna ikustea". Llamasek osasun etxetik "entzuten" du, "urrutitik, baina gero bazkidea egin izan ohi dugu". Armendariz ere lanean egoten da, "baina ahal dudanean egoten saiatzen naiz". Aurten txupinazoa "topagune" izan da, lanaren emaitza "ospatzeko" momentua.
Festak ere "topera" disfrutatu nahi dituzte. Gogo "handiagoarekin" hartu dituztela azaldu zuen Armendarizek: "Bileretan beti esaten dugu lan egin ez ezik, gauzak ospatu behar direla; ongi ateratzen diren gauzak ospatu behar direla. Ospakizun alde hori ere garrantzitsua dela". Lan taldearekin ez ezik, kuadrillarekin disfrutatzeko aukera izanen du ere.
"Lagunekin egotea eta herri bazkarian parte hartzea" dira Donloren unetxoak: "Laguntzen egoten naiz beti, kozinatzen; oso nekatuta bukatzen dugu, adinak ez du barkatzen, baina gaztetan auzolanaren dinamika hori hartzen duzuenean, ez zara gelditzen". Sakana Kantuzen sortzen den giroa ere gustatzen zaio: "Sakanatik jendea etortzen da, biltzen gara, eta gero gu ere beste herrietara joaten gara".
"Niri gustatzen zait herri osoa plazan biltzen denean kontzertu bat dagoenean, Puro Relajo, esaterako, baina edozein izan daiteke. Jendearen artean galtzen zara eta bata bestearekin elkartzen zara". Momentutxo horiek "izugarri" gustatzen zaizkiola azaldu zuen Llamasek.
Festen ondoren eta txupinazoa piztearen aitortzarekin egitasmoekin indarrarekin jarraituko dute aurrera. Osasun Publikoaren Aldeko plataformak gehienbat "arazoak" daudenean ateratzen direla esan du Donlok: "Pediatria zerbitzuagatik, esaterako". Osasun publiko, kalitatezkoa eta unibertsalaren alde jende gehiago biltzera deitu du altsasuarrak.
Komunitatea Ehuntzen proiektuak ikasturte berria hasiko du orain, "udan pixka bat gelditu dugu eta orain jarduera berrien egutegia osatu behar dugu".

