Altsasuko Udalak gorputzaren pisuarekin ariketa fisikoa egiteko zirkuitua, kalistenia instalazioa, jarriko du. Otadiako kirol pista eta haurren jolas parkearen artean jarriko dela jakinarazi du Javier Ollo Martinez alkateak. Gaineratu duenez, "elementuak belardia errespetatuz jarriko dira". Udalak kirol azpiegitura berria jartzeko 16.971 euro bideratuko ditu.
Hasiera batean udalak Otadiako kirol pista kalistenia instalazioaren kokalekua izan zitekeela aipatu zuen. Horrek hainbat altsasuarren erreakzioa sortu zuen. Antolatu eta kirol pista mantentzearen aldeko Txiokako zelaia ez itxi lelopean sinadura bilketa egin zuten. Sinatzaileek kalistenia zirkuituarendako beste kokaleku egoki bat bilatzea eta kirol pista bere horretan mantentzea eskatu zuten.
Atsedenerako eskubidea
Sortutako eztabaidaren kontura, Otadiako parkearen inguruko auzotarrek oharra zabaldu zuten agorrilean. Auzotarrek adierazi zutenez, "guk urteetan eskatu izan duguna kirol instalazioa arautzea izan da, hau da, ordutegi bat ezartzea, denon elkarbizitzarako. Denok komunitate bateko partaideak baikara eta ez baita onuragarria gauero ordu txikiak arte (02:00etaraino ere) inor builaka eta baloiarekin dinbi-danba aritzea pistaren metalezko hesiaren kontra, zarata izugarria sortzen duena". Beraz, parkearen inguruko auzotarrek "denon elkarbizitzarako ordutegi batzuk errespetatzea" eskatu dute, "gazteen aisialdirako eta bizilagunen atsedenerako". Eta Zizur Nagusiko kirol pista baten adibidea eman dute: neguan, lastailaren 1etik maiatzaren 31ra, 09:00etatik 22:00etara erabil daiteke eta udan, garagarrilaren 1etik irailaren 30era, 09:00etatik 23:00etara.
Otadiako parkearen inguruko auzotarrek azaldu dutenez, "duela pare bat urte udalak ordutegiak jakinarazten zituen kartel txiki bat jarri zuen kirol instalazioaren sarreran, baina berehala kendu zuten. Berriro jarri bazen ere, gauza bera gertatu zen".
EH Bildu
Koalizioak Otadiako espazioaren inguruko parte hartze prozesua egitea proposatu zuen: "interesa, kezka eta baloratu behar diren hainbat eskaera eta egoera daude". Horregatik, Altsasuko EH Bilduk eztabaida eta deliberazio mahai irekia sortzea proposatu zuen.