Urdalur uharkan zerbait larria gertatuz gero Larrialdi Plana martxan jarriko litzateke. Uharka hautsiko balitz, haustura edo matxura larria izanez gero, aurreikusitako gehienezko emariak hamar metrotik gorakoak izan litezke gehien kaltetutako eremuetan. Kalte nagusiak Ibarrea eta Isasia industrialdeetan eta Geltoki auzoan gertatuko lirateke.
Haustura gertatuz gero, herritarrak arriskuaz gaztigatzeko sirenak jarri ditu Ebroko Ur Konfederazioak Sirenak Egubera dermio ondoko Moitolatz parajean eta kamioi aparkalekuan. Sirena bakoitza jartzeko bederatzi metro karratuko azalera utzi du udalak. Beste hiru sirena Nafarroako Gobernuaren lurretan jarri dira. Beraz, alarma sirenak, guztira, bost izanen dira. Telekomunikazio sistema batek, berriz, Sos Nafarroa eta Babes Zibila jakinaren gainean jarriko ditu.
Bestetik, Altsasu Urdalurko uharkaren haustura uhinaren helmugatik ordu erdi baino gutxiagora dago. Ondorioz, Altsasuko Udala uholde arriskuari aurre egiteko plan espezifiko bat izatera behartzen du Babes Zibilari eta Larrialdiei Aurre Egiteari buruzko 2022ko Foru Legeak.