Josefina Arregi klinikaren Iruñeko Buztintxuriko egoitza berrian Psikogeriatriako Eguneko Zentroa, psikogeriatriako eta neuropsikologiako mediku kontsulta espezializatuak eta familientzako laguntza-zerbitzuak biltzen dituzte. Zentro berria agorrilaz geroztik dago zabalik. Baina asteartean, lastailaren 20an, mustu zuten, Zaintzea hurbil egotea da lelopean. Klinika kudeatzen duen Felipe Lezea fundazioko presidente Joseba Arregi Pabolletek nabarmendu zuenez, "Iruñean zentro berri hau irekita, gaur beste pauso bat egin dugu. Horri esker, gure esperientzia pertsona eta familia gehiagorengana hurbildu, erantzuteko gaitasuna handitu eta arreta-ereduan aurrera egiten jarraitu ahal izango dugu. Eredu horrek ezagutza klinikoa eta pertsona bakoitzaren autonomiarekiko, duintasunarekiko eta lehentasunekiko errespetua uztartzen ditu", adierazi du. Arregik administrazio publikoekiko lankidetza ere nabarmendu zuen: "zentro honek erakusten du zer lor daitekeen gizarte ekimenak eta administrazio publikoek konfiantzaz, osagarritasunez eta helburu partekatuekin lan egiten dutenean".
Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilari Mari Carmen Maeztuk azpimarratu zuenez, "zentro honek balio handiko baliabidea eskaintzen du, espezializazio mailagatik eta Alzheimerra edo bestelako dementziak dituzten pertsonen nahiz haien familien beharretara egokitutako erantzuna emateko duen gaitasunagatik. Arreta profesionala, estimulazioa, autonomia eta pertsonen arteko harremanak eskutik doazen gunea da". Kontseilariak familiei laguntzearen garrantzia ere azpimarratu zuen: "Dementziek eragin handia dute, ez soilik gaixotasuna dutenengan, baita haien familietan ere. Horregatik dira funtsezkoak horrelako zentroak: arreta espezializatua eta hurbila eskaintzen dute, pertsonen ongizatea sustatzen dute eta egunero laguntzen eta zaintzen dituztenei babesa eta lasaitasuna ematen diete".
Lankidetzaz
Klinikak Osasun Departamentuarekin 2023az geroztik ituna du eta, geroztik, psikogeriatriako kanpo kontsultak egiten ditu. Iruñean nabarmen handitu da arreta anbulatorio espezializaturako espazioa, hiru kontsulta gelatik zazpira igaro baita. Hobekuntza horri esker, arreta emateko gaitasuna indartu da, eta dementzia eta bestelako patologia psikogeriatrikoak dituzten pertsonen arreta erraztu da.
Nafarroako Gobernuko Osasuneko zuzendari nagusi Antonio Lopezek klinikak nahasmendu kognitiboak eta portaera asaldurak dituzten pazienteei eskaintzen dizkien kontsulta espezializatuen garrantzia nabarmendu zuen. Izan ere, "ospitaleratzeen %60 saihestea lortzen dute, eta, horri esker, pertsona horiek beren etxean edo ohiko ingurunean jarrai dezakete". Lopezek azpimarratu zuenez, "arreta eredu horrek asistentziaren kalitatea hobetzen du eta pazienteendako eta senideendako beharrezkoak ez diren joan-etorriak, ospitaleratzeak eta sufrimendu egoerak saihesten ditu". Gogorarazi zuenez, "pazienteak Lehen Mailako Arretatik bideratu daitezke kontsulta horietara, eta horrek laguntza ematen die bertako taldeei eta baliabide publikoak optimizatzen laguntzen du".
Klinikak administrazio publikoekin duen lankidetza gizarte-zerbitzuen esparrura ere zabaltzen da, mendekotasuna duten pertsonei arreta emateko eta autonomia sustatzeko baliabideen bidez. Fundaziokoen iritziz, zentro berria erakunde publikoaren eta irabazi asmorik gabeko erakunde baten arteko lankidetzaren adibidea da.
Fundazioko zuzendari kudeatzaile Angel Gardachalek ingurunean txertatzearen eta beste baliabide batzuekin koordinatzearen garrantzia nabarmendu zuen: "Gure esperientzia eta zerbitzuak pertsona eta familia gehiagorengana hurbildu nahi genituen, baina baita hiriko eta eskualdeko sare soziosanitarioarekin, sozialarekin eta komunitarioarekin dugun lankidetza indartzen jarraitu ere. Izan ere, gure esperientziaren arabera, badakigu arretaren kalitatea ez dagoela zentro baten barruan gertatzen denaren mende geratzen", azaldu zuen. Gardachalek esan zuenez, klinika Buztintxuriko Adinekoen Sareko kide da dagoeneko, eta inguruneko osasun etxeekin, gizarte zerbitzuekin eta elkarteekin harreman hurbila izateko borondatea agertu du, ezagutza partekatu eta adinekoen beharrei elkarrekin erantzuteko.
Iruñeko egoitzaz
2020ko azaroa
Iruñeko kontsulta zentroa Cordovilla industrialdean zabaldu zuen.
2026ko agorrila
Iruñeko Buztintxuri auzoan piskogeriatriako arreta zentroa zabaldu zuen, bestea itxita.
500.000 euro
Zentroa egiteak izan duen aurrekontua.
600
Egoitzak dituen metro karratuak.
30
Eguneko zentroak dituen plazak.
15
Lan egiten duten profesionalak.
10
Sortutako lanpostu berriak.
