Altsasu BHI Batxilergoko Eztabaida Txapelketako irabazlea

Guaixe

Talde finalistetako kideak. NUP

Bigarren urtez jarraian irabazi dute txapelketa. 

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Nafarroako Parlamentuak antolatutako XVII. Batxilergoko Eztabaida Txapelketa irabazi du Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuak (BHI). Nafarroako Parlamentuaren osoko bilkuran jokatu zen txapelketa, eta talde sakandarrak euskarazko finalean Zizur Txikiko San Fermin Ikastolako taldea baino hobe aritu ziren. Altsasu BHIko taldea bost ikaslek osatu zuten: Mireia Ferrero Marin, Euken Goñi Andueza, Iker Martinez Prado, Urko Amillano Santano eta Laia Sueskun Herreros. Guztiek tableta elektroniko bat jaso zuten sari gisa.

Erakunde antolatzaileen ordezkari gisa Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualde Iglesias eta NUPeko  Ikasleen, Unibertsitate Bizitzaren eta Gizarte Konpromisoaren Errektoreordetzako Kultura eta Dibulgazio Arloko zuzendari Gurutze Perez Artieda eta Miguel Matellanes Muruzabal, eztabaida akademikoko koordinatzailea eta lehiaketako epaile nagusia izan ziren. 

EBko klima-politikak, eztabaidagai
Txapelketaren lehen fasea ostiralean, lastailak 23, egin zen NUPeko Iruñeko campuseko Arrosadiako egoitzan, "Klima aldaketa geldiarazteko eta 2030eko helburu klimatikoak lortzeko EBko ingurumen politikak eraginkorrak izaten ari al dira?" gaiaren inguruan eztabaidatzeko. Lau ikastetxe euskaraz eta hamasei gaztelaniaz lehiatu ziren.

Txapelketa hori Nafarroako ikastetxeetako Batxilergoko 2. mailako gazteei zuzendutako prestakuntza- eta lehiaketa-ekitaldi gisa planteatzen da. Jendaurrean hitz egiteko, taldean lan egiteko, informazioa aztertzeko edo argudiatzeko gaitasuna bezalako trebetasunak garatzeko aukera bat da. Ikasleen prestakuntza pertsonalerako zalantzarik gabeko interesaz aparte, trebetasun horiek graduko unibertsitate ikasketei lotutako zeharkako gaitasunetako batzuk edo gaitasun generikoak dira.

Unibertsitate komunitateko kideek eta antolatzaileek gonbidatutako pertsonek osatu dute epaimahaia, besteak beste, Down Nafarroa Sindromearen Elkarteko ordezkariek. Guztiek baloratu zituzten honako alderdiak: sarreren kalitatea, ezeztapenak eta ondorioak, taldearen jarrera, ordena, argitasuna, azaldutakoaren interesa eta erraztasuna, gaiaren segurtasuna eta menderatzea, inprobisatzeko gaitasuna, erabilitako hizkuntzaren egokitasuna edo erantzunen arintasuna. 

Erlazionatuak