Iñaki Mujika Izagirrek aurtengo Behobia-Donostian joan zen urteko denbora 2 minututan jaisteko erronka zuen. Espero ez zuena, bikoitza jaistea, eta handbike modalitatean bigarrena izatea zen. Altsasuarrak denboraldi paregabea egin du.
61. Behobia Donostian (20 km) handbike modalitatean bigarren sailkatu zinen (40:11) Thibaut Benoit txapeldunaren atzetik (39:40). Helburua podiumean sartzea al zen?
Ez ba! Helburua joan zen urteko denbora (44:08) 2 minututan jaistea zen, proba 42 minututan egitea, eta 4 minutu jaitsi nituen.
Aurretik lan ederra egitetik zentozen. Txingudi Korrikan (10 km) handbike-an azkarrena izan zinen (18:48) eta Salto Donostia 15K proban txapelduna (28:31).
Bai, baina Behobia-Donostia bestelakoa da; lasterketa askoz ere luzeagoa da, indarrak asko dosifikatu behar dira, maila oso handia da... Behobia beste liga bat da.
Beste probak lauagoak dira, zelaiagoak, baina Behobia-Donostia aldiz, oso gorabeheratsua.
Txingudi eta Salto Donostia 15K lasterketak ia lauak dira. Aldiz, Behobiak 192 metroko desnibela du, eta tartean bi igoera, Gaintxurizketa eta Mirakruz.
Antolakuntzakoek tenperatura epelekin kontu izatea eskatu zuten. Proba bukatzerakoan beroagatik euren erronkak bete ezin izan zituztela kexatu ziren zenbait korrikalari. Zure kasuan, argi dago tenperaturak ez zuela eraginik izan.
Nik beroa ondo daramat, baina guk ez genuen beroa nabaritu. Izan ere, handbike-koak 9:30ean abiatzen gara, eta ordu horretan ez zen bero handirik. 9:00etan berotzera atera ginenean fresko zegoen, eta mauka motza edo luzea jartzea, zalantza izan nuen. Eskerrak luzea jantzi nuen! Ordu horietan lasterketarako tenperatura erosoa zen.
"Nire marka 2 minututan jaisteko erronka nuen, eta 4 minutu jaitsi nituen. Ezin dut sinetsi"
Lasterketa primeran joan zen.
Espero baino askoz ere hobeki. 2 min jaistea eta 42 minuturen bueltan aritzea espero nuen, eta azkenean 4 minutu izan ziren. Denbora ofizialak nire denbora 40:11 markatzen du, baina niri 40:07 egin nuela esan zidaten.
Kronometroa martxan izaten al duzu?
Irteerara ateratzen naizenean nire kronometroa martxan jartzen dut. Kronometroa lanean hasten da, baina hori gero ez da lasterketaren denbora erreala, jakina. Abiatu baino lehen 10-15 segundo egongo nintzen irteeran geldirik, eta nire kronometroko denborari 15 segundo kendu nizkion. Banekien 42 minututik jaitsi nintzela, baina ez nekien 40 minututan bukatu nuela.
Bazenekiena, lasterketan bigarren zindoazela.
Hori bai. Hasieratik bigarren atera nintzen eta pentsatu nuen: "Behobian bigarrena, ez da posible!". Gaintxurizketan oraindik Thibaut Benoit lehena ikusten nuen. Bera oso indartsua da eta ezinezkoa iruditzen zitzaidan, aurreko urteetan sekulako aldea ateratzen zuelako hasieratik. Bera gertu ikustea presio pizgarria izan zen niretako. Urruti, baina gutxienez bera ikustea. Lasterketa guztian Diego Ballesteros hirugarrenarekin lehian aritu nintzen, eta azkeneko igoeran pixka bat indartsuago hasi, eta bigarren izan nintzen. Lasterketa guztia disfrutatu nuen, baina azkeneko 200 metroak sekulakoak izan ziren. Kursaaleko helmugan bihotzekoak emateko moduan nindoan, baina disfrutatzen. Egia esan, ezin sinistu nago oraindik. Behobian denbora hori egitea eta bigarren sailkatzea ez nuen inoiz espero.
"Azkeneko bi hilabeteetan horretara egon nintzen, ia modu obsesiboan"
Zer dago postu ikusgarri horren atzean?
Zortea, jendearen animoa eta lana. Urte guztian entrenatu dut, baina azkeneko bi hilabeteetan Kemen elkarteko entrenatzailearekin lanean hasi nintzen eta lasterketa ongi prestatzera, horretara aritu nintzen, entrenamendua zaintzen, elikadura zaintzen, atsedena zaintzen... agian modu obsesiboan. Azkeneko bi hilabeteak halakoak izan dira.
Profesional handiak bezala?
(Kar-kar...) Ez horrenbeste, baina bai gauzak serio egiten.
Beraz jaitsitako minutuak exijentzia horren ondorio dira?
Jakina. Aurten entrenatzaileari kasu egin diot. Potentziometroa daramagu, eta berak esaten zidan Irungo Bentetaraino indartsu hasteko eta Gaintxurizketan maila pixka bat jaisteko, indarrak gordetzeko. Kasu egin nion eta azkeneko gainera, Mirakruzera, indarrekin iritsi nintzen. Pixkanaka hasi, baina gero erritmoa bizkortu, eta oso gustura. Ongi dosifikatuz, aurten primeran iritsi nintzen azken igoerara.
Txalotzera hurbiltzen den jendetzaren aurrean, emozioei eustea eta indarrak ongi neurtzea ez da erraza izango.
Jakina! Aurreko urteetan jendea ikusten nuen, baina aurten egin ditudan azken hiru lasterketa hauetan ez dut inor ikusi; astoak bezala aritu naiz, aurrera eta neurera. Lasterketan nengoen zentratuta. Horretaz gaindi, elikadurarena asko nabaritu dut. Entrenatzaileak errieta egin zidan nik lasterketetan ez nuelako ezer edaten, ezta jaten ere. Lasterketan atera, eta jo eta ke. Baina azken probatan kasu egin diot: atera baino lehen ondo jatea, lasterketa erdian zerbait jatea eta proba bitartean edatea, hau da, ongi hidratatzea. Eta nabaritu da.
Behobiako podiumarekin denboraldiari ginga jarri diozu.
Lagunei txantxetan esan nien: "aurten egindakoarekin, nik jada erretiroa har dezaket. Hau nire azken proba da, hemendik aurrera paseatzera etorriko naiz" (kar-kar).
Gehiago pikatuko zara, agian.
Askoz gehiago ez; zerbait, agian. Egindako denbora hau agian pixkatxo bat bai, baina ezin da asko jaitsi. Uste dut muga gertu dagoela, baina pixka bat gehiago estutzen saiatuko naiz.
Nola ospatu zenuen?
Azkeneko bi hilabete hauetan elikaduraren aldetik asko zaindu naizenez, familiakoei esana nien proba bukatu eta gero sekulako bazkaria egin behar genuela. Taldekideekin eta familiarekin bildu, eta azkeneko hilabeteetan jan ez dudana jan nuen. Sekulako eguna izan zen.
Hemendik aurrera zer?
Martxoan lasterketa zikloturista bat dugu Bilbon, baina ez dugu ezer gehiago lotu. 2027an ez dakigu Titan Desert-era joango ote garen. Bi aldiz segidan egin dugu, eta alde batetik, zerbait ezberdina probatu nahiko genuke, baina, bestetik, guretako ez dago aukera handirik eta agian berriro aritu beharko gara. Ez dakigu oraindik, baina zerbait sortuko dela, ziur.
