11 urteko ibilaldiari omenaldia

Guaixe 2015ko uzt. 29a, 09:21

Arakilgo abesbatzak ibarraren egunean omendua izan zen.

Udalak eta herritarrek abesbatzak Arakilgo kulturari egiten dion ekarpena aitortu nahi izan zuen Arakilgo egunean. Aitortza aurreskua eta oroigarria modura jaso zuten koralak eta kantu batekin eskertu zuen. Haren koordinatzaile Mª Angeles Zabalak azaldu digunez, Arakilgo abesbatza 2004an sortu zen. Urte pare bat lehenago zazpi bat egiarretar abesbatzarena mugitzen hasi ziren. Irurtzungo abesbatzakoei haien asmoen berri eman eta haien laguntzaz hasi ziren entseatzen. Abesbatza handiagoa sortu zitekeela pentsatu zuten eta hala sortu zen 2004an Arakilgo abesbatza. Ibarreko jendea bilera batera deitu zuten eta koraleko kide kopurua hazi zen. Ibarreko ia herri guztietako abeslariek osatzen dute koroa.

Arakildarrekin batera lau uhartear ere aritzen dira kantuan. Azken horien artean daude organoa jotzen duena, bi abeslari eta zuzendaria: Joaquin Mª Uharte. Gaur egun 25 kide ditu abesbatzak, nahiz eta 30 ere izan diren. Haietako asko helduak dira. Uhartek joan den urtean zendu zen Jose Luis Ansari hartu dio lekukoa zuzendaritzan. Abesbatzan bertan opatu zuten ordezkoa, Uhartek aurretik bere herriko elizako-abesbatza zuzentzen eskarmentua baitzuen.


Arakilgo Udalaren diru-laguntza jasotzen du abesbatzak. Zabalak esan digunez, “horren truke koralak Oskia, San Isidro, San Migel eta Santiago erromerietan eta ibarrean izaten diren hileta elizkizun guztietan kantatzeko konpromisoa hartu genuen”. Haien errepertorioa, gehien bat, eliz musikak osatzen du. Hura prestatzeko Egiarretako kontzeju-etxean elkartzen dira, ostegunero. Hain zuzen, ostegunean jakin zuten Arakilgo egunean omenduak izanen zirela eta “sorpresa ederra” hartu zuten. Entsegu tokian jarriko dute jasotako oroigarria. Baina irailera bitartean merezitako atsedenaldia hartuko dute.